ARGIA.eus

2020ko ekainaren 01a

Euskarazko hedabideen kontsumoak gora egin du: %32 zortzi urtean

  • Egun, euskaraz hitz egiteko gai direnen %45ek egunero kontsumitzen ditu euskarazko hedabideak, CIES enpresak kaleratutako datuen arabera. Euskarazko komunikabideen kontsumitzaileen kopurua %32 igo da azken zortzi urteetan.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa
2016ko abenduaren 06a
Josu Amezaga, Libe Mimenza, Txema Ramirez de la Piscina eta Alberto Barandiaran urtekariaren aurkezpenean. (Arg.: @txerren)

Iaz, 474.000 izan ziren egunero euskarazko komunikabideak kontsumitu zituzten herritarrak. 2008an, 358.000 ziren, Berria-k kaleratu duenez.

Errota Digitala elkarteko Gorka Salces eta EHUko Nor ikerketa taldeko Josu Amezaga irakasleak eman zuten atzo datuen berri Durangoko Azokan, beste hainbat ikertzailerekin batera. Euskal hedabideen behatokiko 2016ko urtekariaren aurkezpena aprobetxatu zuten horretarako. Euskarazko komunikabideen hedaduraren argazki “zehatza” egiteko zailtasunak daudela azaldu zuten, ikerketa  batzuen eta besteen arteko hutsune eta metodologia aldaketak elkarren osagarritasunerako eragozpena direla argudiatuz. Horri Euskal Herriaren banaketa instituzionala gehitu behar zaiola adierazi zuten.

Euskarazko hedabide guztiek ez dute joera bera. Edizio elektronikoen eta irratien kontsumoa nabarmen handitu da, eta telebistarena berriz, apaldu. Eguneroko paperezko prentsa, berriz, bere horretan mantendu da. Salcesen ustez irratien gorakada zergatiak “tokikotasuna, eragileen aniztasuna eta hedapen geografiko zabala” izan daitezke.

Gaztentzako edukietan gabeziak

Halere, Salcesen arabera, kontsumitzaileek gora egin arren gabeziak daude: “Ez da asmatu gazteentzako edukiak sortzen eta sortu diren kasuetan eginiko lana ezagutarazteko baliabideak falta izan dira”.

Sareko komunikabideen kontsumoaren joera aztertzeko “formatu tradizional eta digitalen arteko fluxuan jarri behar da arreta” Errota Digitaleko ikertzailearen ustez. Datu hutsetan baino, fluxu horiek eragiten dituzten esperientzietan zentratu beharra ikusten du.

Hedabideen urtekarian Euskal Herriko egoera Galesekoarekin alderatu dute, hizkuntza politikan eta hedabideen zabalpen eta kontsumoan oinarriturik. Aurkezpenean, Hekimeneko zuzendari Alberto Barandiaranek euskal hedabideen inguruko datutegiari buruzko informazioa ere eman zuen. Ane Urkola eta Eneko Bidegain irakasleak arduratu ziren tokian tokiko komunikabideen azterketaz.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Euskarazko hedabideak  |  Euskara  |  Durangoko Azoka

Euskarazko hedabideak kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude