Euskaraldia: helburuak eta gaizki-ulertuak


2022ko azaroaren 29an - 11:38

Azaroaren 18an hasi zen “Euskaraldia”, bi astez euskal hiztunen eta euskaraz hitz egin ez arren, ulertzen dutenen arteko euskararen erabilpena sustatzea helburu duen ekimena. Ekimen honek testuinguru batzuetan gabeziak dituela eta “Egun on!” baino txapa hobeagorik ez dagoela uste badut ere, Euskaraldia erabilgarria dela eta sarritan helburua gaizki ulertua dagoela esango nuke.

Lehenik eta behin, azken egunotan “Eukaraldia behin-behineko kontua da” edo antzeko baieztapenarekin Euskaraldiaren  eraginkortasuna zalantzan jartzen dutenei erantzun nahiko nieke.

Arrazoia daukaten arren, ekimenaren helburua gaizki ulertu dutela uste dut, gakoa hor baitago: aldiuneko kontua izateak “ohiko euskalduntzea” baina errazagoa egiten du. Hau da, euskaldundu nahi dutenei euskaraz hitz egiteko edo haiei euskaraz hitz egin diezaieten eskatzeko aitzakia ematen die.

Eta ez, euskalduntzea bi astetan burutzen ez bada ere, prozesu hori hasteko bultzada da; gero jarraitu beharrekoak alegia.

Hau horrela izanik, “euskaldun zahar” eta “ohiko euskal hiztunentzat” daukan erabilgarritasuna zalantzan jartzen dut. Eta ez, ez naiz “euskara eta erdera 50/50” mintzo dutenetaz ari, ezta “euskara hablatzen* ” dutenetaz ari, eta ez naiz euskara ikasi berri duten edo euskara ikasten ari direnei buruz ari. Euskara egunerokotasunean eta naturaltasunez hitz egiten dugun euskaldunei buruz ari naiz, eta testuinguru hauetan duen eragina zalantzan jartzen dut. Izan ere, txapa bat jarri gabe euskaraz hitz egiteko ohitura dugunontzat, ez dut Euskaraldia erabilgarria ikusten. Aldiz, ohiko euskal hiztunak Euskaraldiarentzat erabilgarriak gara, euskararentzat garelako alegia, euskal hiztun eta entzule berrientzat euskara egunerokoan txertatzen laguntzen dugulako, euskaraz mintzo bagara noski.

Baina, funtzio hau Azaroaren 18an edo Apirilaren 18an beteko dugu. Hau esanda, nire burua azken talde honetan kokatzen dut. Aukeran euskaraz hitz egitea nahiago badut eta normaltasun osoz euskaraz mintzo banaiz ere, askotan euskaraz ulertzen duten lagunekin erdaraz mintzo naiz. Egoerarekin jabetzen naizenean euskaraz hitz egiten hasten banaiz ere, egoera horietarako Euskaraldiak ez du balio. Egoera honetan dauden euskaldun asko daude, eta txapa bat jartzeak ez gaitu egoera hauetatik babesten, izan ere, besteak euskaraz ulertzen gaituela edo euskaraz hitz egiten badakiela badakigu eta hala ere, erdera gailentzen da.

Eta euskaraz solasten naizenean ere, erdal gramatika eta hiztegiaren eragina haundia da. Erdal gramatikaren kalkoak edo hiztegiaren kalko okerrak nire euskaran presente daude, eta hauek hobetzeko Euskaraldiak ezer gutxi balio dit, euskararen erabilpena sustatzeko balio baitu, eta maila batetraino euskararen kalitatea hobetzeko balio badu ere, langa hori gainditzerakoan ez du balio.

Hitz gutxitan, Euskaraldia ekimen eraginkorra bada ere, askotan gaizki ulertua eta kritikatua izan ohi da. Hankamotz gelditzen baita euskara hobetu nahi den kasuetan, helburua bestelakoa delako, Euskaraldiaren antolatzaileen hitzetan: “euskara ulertzen duten hiztunen arteko ahozko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da”. Hau da, euskara zabaltzea, ez sakontzea.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude