Orain dela ia 7 urte, 2014ko irailean, ETBk eta Alberto Santanak Una historia de Vasconia dokumentala aurkeztu zuten Donostiako Zinemaldian. Urte hauetan gezur hori ETBn pilo bat aldiz eman dute, testu liburuetara zabaldu da, jendea baleko teoriatzat hartzen hasi da… Nahiz eta horren atzean ez dagoen inolako ikerketarik, ez libururik, ez eskarmentuko aditurik, ez ezer. Telebistako muntai hutsa izan da, euskaldunon diru askorekin eginda, gure teilatuari harriak botatzeko.
"'Baskoniako beste historia bat' dokumental sorta osatu dute gure historia, mitologia eta kulturaren kontu pilo bat hankaz gora jartzeko"
Gainera, horretan oinarrituta, Baskoniako beste historia bat dokumental sorta osatu dute gure historia, mitologia eta kulturaren kontu pilo bat hankaz gora jartzeko, bereziki Joxemiel Barandiaranen eskolakoek berreskuratutako guztia: mitologia, matrilinealismoaren aztarnak… Adibide asko eman litezke baina adibidez, erromatarrak etorri arte euskaldunok ia ez genekiela zer zen arrantza esateraino ausartu dira, nortzuei eta euskaldunoi, Santimamiñen baleak harrapatzeko orain dela 9.000 urteko arpoi bat topatu denean, erromatarrak jaio barik zeuden garaian.
Dokumental hori eman zutenean euskaldunok pozoi hori gelditu behar izan genuen errotik, baina ez. Hemen denok beste alde batera begira: EHU, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, euskal hedabideak… Mugitu ginen bakarrak Aitzol Altuna, Juan Martin Elexpuru, idazki bat sinatu zuten 30 bat lagun eta Euskeraren Jatorria izan ginen baina guk ere, behar zena baino gutxiago egin genuen, tamalez.
Euskaltzaindiak euskalduntze berantiarraren gezurra gelditu nahi izan balu beste estrategia bat jarraitu beharko luke, liburu bat idaztea baino haratago. Benetan, gezur hori geldiarazi nahi al du?
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.