Ezker abertzaleak kezka adierazi du ETAren Osloko kontaktuen filtrazioagatik

  • Josu Urrutikoetxea, David Pla eta Iratxe Sorzabal ETAko kideak Ram Manikkalingam eta Jonathan Powellekin harremanetan izan dira Oslon, Norvegiako gobernuaren baimenarekin,  Efe agentziak argitaratu duenez. Nazioarteko Egiaztatze Batzordea (NEB) Euskal Herrian ere izan da urtarrilean eta hainbat alderdi eta eragile sozialekin egin dituzte bilkurak. Otsailean berriz etortzekoak direla adierazi dute.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz
2013ko otsailaren 11
ETAren su-etenaren egiaztatzaile taldeko hiru kide: Satish Nambiar, Ram Manikkalingam eta Fleur Ravenbergen.

ETA desarmerantz aldebakarreko pauso gehiago ematea aztertzen ari dela zabaldu dute berripaperek. Espainiako Gobernuak presoekin malguago joka dezan konpromisoak lortu nahi ditu Manikkalingam buru duen nazioarteko taldeak.

Euskal Herrira egingo duten hurrengo bileran Iñigo Urkullu lehendakariarekin egingo dute bilera ofiziala beti ere filtrazioek jakitera eman dutenez. Amsterdamgo Taldea gisa ezaguna den batzorde honek Euskal Herrira bisitak egin ohi ditu, izaera diskretuarekin gehienak, talde ezberdinak egoeraren jakitun egiteko.

Ezker abertzaleak arratsaldean gaiari buruz prentsak egin dituen filtrazioen inguruko kezka agertu du Naiz.info-k informatu duenez. Alderdi independentistako iturriek adierazi dute "halako informazioak filtratzen dituztenek nazioarteko egiaztatzaileek ezarritako soluzioen agenda desbirtuatu nahi dute". Gaineratzen dutenez, "desarmea eskatzen ari direnen jarrerak objektiboki oztopatzen du gaia era ordenatu batean ezin sakontzea".

EAEko PPko buru Antonio Basagoitik lehengo astean adierazi zuen bere alderdia ez dela nazioarteko egiaztatzaileekin bilduko, eta ETAk egin behar duen gauza bakarra armak entregatzea dela.

Manikkalingam da ETAren su-etena Egiaztatzeko Nazioarteko Batzordeko buru eta beste bost pertsonak osatzen dute: Ronnie Kasrils (Hegoafrika), Ray Kendall (Erresuma Batua), Chris Maccabe (Erresuma Batua), Satish Nambiar (India) eta Fleur Ravensbergen (Herbehereak). Brian Currin abokatuak sustatuta eratu zuten taldea, ETAk borroka armatua utzi baino hilabete lehenago.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Brian Currin

Brian Currin kanaletik interesatuko zaizu...
Eguneraketa berriak daude