Euskal eskola publikoaren aldeko mobilizazioa deitu dute azaroaren 6an Bilbon

  • Euskal Eskola Publikoaren alde mobilizatzeko beharrari erantzunez deitu dute manifestazioa. Eskola publikoa aldarrikatu ez ezik, hezkuntzaren pribatizazioarekin eta eskola-segregazioarekin bukatu beharra erreibindikatu dute.

Argazkia: LAB irakaskuntza

2021eko urriaren 27an - 07:40
Azken eguneraketa: 10:58

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak asteartean egindako prentsaurrekoan jakinarazi zuenez, azaroaren 6ko larunbatez manifestazioa egingo dute Bilbon. "Hezkuntza publikoaren alde! Pribatizazioari ez!" lelopean, mobilizazioa 17:00etan abiatuko da Hezkuntza Ordezkaritzatik (Diego Lopez de Haro kale nagusiko 85. zenbakia), eta beronen bitartez euskal eskola publikoarekiko harrotasuna adierazi nahi dute.

Deialdiarekin bat egin dutenen artean daude Gasteizko, Oiongo, Bilboko, Santurtziko, Oarsoaldeako, Astigarragako, Amurrioko, Donostialdeako eta Lasarte-Oriako plataformak, Ordiziako Euskal Eskola Publikoko Komunitateak eta Goieskola, Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartea (EHIGE), Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioa (HEIZE), Ikasle Sindikatua, Ikasle Ekintza, eta Gazte Komunistak. LAB, STEILAS, CCOO, ESK eta CNT sindikatuak ere batu dira.

Agerraldian, hezkuntza sistema "dual, klasista eta arrazista" gaitzetsi du topaguneak, eta euskal eskola publikoaren kaltetan jokatzen duela adierazi, "segregazioa eta bi mailako ikasleak" sortzen dituenez gero. Silvan & Miracle aholkularitzak egindako Euskadiko ikasleen bilakaera soziodemografikoa azterketaren datuak oinarri, egoera larria dela azpimarratu dute. Izan ere, azpimarratu dutenez, "Europako eta Espainiako Estatuko erkidegorik segregatzaileenetariko bat gara". Horren aurrean, aldarrikatu dute hezkuntzak ez lukeela merkatuaren logikaren mende egon behar, eta familien ahalmen ekonomikoarek ez lukeela hezkuntzarako eskubidea baldintzatu behar.

"Diru publikoz finantzatutako bi eskaintza izateak, kontzertazio unibertsalaren aterkipean, publikoa eta pribatua, lehia dakar ezinbestean, bi sareen edo sare bereko ikastetxeen artean", egin dute irakurketa, eta eskola-segregazioa horren ondoriotzat jo. "Dugun hezkuntza sistema dualak, beraz, gizartean dauden desberdintasunak konpondu beharrean, areagotu egiten ditu, bi abiadurako hezkuntza sistema eratuz eta gizarte haustura sortuz. Egoera larri honek herriaren kohesioaren etorkizuna jartzen du kolokan".

Egoera aldatzeko beharraren aurrean, zenbait aldarrikapen egin ditu topaguneak, hala nola: eskola publikoak administrazioaren lehentasun osoa izatea, udalerri eta auzo guztietan 0tik 18 urtera eskaintza publiko integrala eta doakoa bermatu behar duen eskola bakarra egotea, hezkuntza pribatu-itunduari mugak jartzea, Eusko Jaurlaritzak ikastetxeen publifikazioa ahalbideratuko lukeen araudi adostua sortzea, edota euskarazko murgiltze eredua orokortzea.

"Interpelazioa egiten diogu Eusko Jaurlaritzari egungo egoera diskriminatzaile honetara iristeko daramatzan hezkuntza politikengatik, baina baita sare pribatuko ikastetxeei ere, egoera hau baliatuz bere pribilegioak mantendu, inklusioari muzin egin eta segregazioa areagotzen laguntzen dutelako", adierazi dute.

Hezkuntza Akordioa, kezka iturri

Topaguneak prentsaurrekoa baliatu du aurrera eramaten ari den EAEko Hezkuntza Akordio berriaren aurrean. Lege berriaren eskaera komunitate publikotik atera ez dela deritzote, eta berau aurrera eramateko presak "beldurtzen" dituela adierazi. Berriak jasotako Maribel Lopez de luzuriaga bozeramailearen hitzetan, "presa horrek beldurtzen gaitu. Beste eragile batzuen presiopean izan dela uste dugu, eta beldur gara ez ote duen balioko dugun sistema hau legitimatzeko". Beren arabera, "gardentasuna behar dugu prozesuan, sare publikoko ordezkarien parte hartzea bermatuko duena, hezkuntza-sareez, finantzazioaz, murgiltze ereduaz eta eskola-segregazioaz hausnartuko duen prozesua, hain zuzen". Zentzu horretan, Jokin Bidarraitz Hezkuntza sailburuak egindako adierazpenak ere kezkaz hartu dituztela jakinarazi dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea
Hezkuntza Legea ahulduta iritsi da azken txanpara

Legegintzaldi honetan bertan onartu nahi duten EAEko Hezkuntza Lege proiektuari zuzenketak aurkezteko epea astearte honetan amaitu da. Lege akordioa sinatu zuten alderdietako bat jausi da dagoeneko, barruan jarraitzen dutenen artean desadostasun nabarmenak dituzte eta hezkuntza... [+]


Euskal Eskola Publikoaz Harrok manifestazioak antolatu ditu EAEko Hezkuntza Lege Aurreproiektuaren aurka

Ikasturte hasieran salatu bezala, Hezkuntza Lege Aurreproiektuak euskal eskola publikoa sendotu ordez ahuldu egiten duela adierazi du Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak. Haien ustez, publiko-pribatu sistema duala betikotzen du, ez du eskola publikoa lehenesten, ikastetxeak... [+]


Ikasleen matrikulazio prozesuko aldaketak, segregazioari aurre egiteko nahikoa?

Ikasleen matrikulazio prozesuan aldaketak egin ditu Eusko Jaurlaritzak, “aniztasuna eta zaurgarritasuna modu orekatuan banatzea” helburu. Baina 2 urteko haurren matrikulazioari baino ez diola eragiten, ikastetxea hautatzeko eragin-eremua handitzeak arazoak dakartzala... [+]


"Hezkuntza lege aurreproiektuarekin batera, oso neurri erasokorrak ari dira hartzen eskola publikoaren kontra"

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deitu eta beste hainbat eragilek babestutako manifestazioan 10.000 lagunek baino gehiagok hartu zuen parte asteburuan, Ertzaintzaren arabera. “Pozten gaitu ikusteak zalantzan jartzen dela hasiera batean erabateko adostasun gisa... [+]


Publikotasuna eta euskara, Hezkuntza Legearen puntu beroak

Ikasleak, gurasoak, euskalgintza, sindikatuak… Kritiko direnak eta mobilizazio deialdiak pilatzen ari zaizkio EAEko Hezkuntza Legearen aurreproiektuari. Bi arlo dira polemikoenak: sare publiko eta kontzertatuak legean izan behar duten rola; eta euskarak irakaskuntzan izan... [+]


Eguneraketa berriak daude