Osasuna eta zaintza, publikoak jakina; eta hezkuntza?

Osasuna, zaintza, pentsioak, hezkuntza... zerbitzu horien guztien kalitateak jendarte baten ongizate maila adierazten du. Euskal Herri osoan, eta Euskal Autonomia Erkidegoan ere, horien defentsan ahots asko altxatu dira aspaldi, eta pandemiaren eraginez areagotu egin dira.

Orain, EAEko ikastetxeetan matrikula egiteko garaia dator, eta familia askorentzat idatzi honen izenburuko galderari erantzutea, erabaki hau hartzea eta ikastetxea aukeratzea ez da hain erraza. Gure sistema publiko-pribatu dual honetan aukeratzeko askatasunaz hitz egiten den bitartean, haien umeak inertziaz matrikulatuko ditu zenbait familiak, beste batzuk ondo aztertu eta hausnartutako aukera bat egingo dute; eta azkenek, ustez dagokien bakarrera joango dira. Baina bakoitzaren ezaugarriak direnak direla, kalitatezko hezkuntza nahi dugu familia guztiek.

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko kideok erantzuna argi dugu. Apustu sendoa egiten dugu eskola publikoaren alde, guraso zein hezkuntza eragile moduan, balioan jarri eta dagokion lekuan kokatzeko. Eta galdera horren erantzunaren bila zalantzan dabiltzan familiei eta baita gizarte osoari ere, hezkuntza publikoaz harro egoteko arrazoiak helarazi nahi dizkiegu:

"EAEko ikastetxeetan matrikula egiteko garaia dator, eta familia askorentzat idatzi honen izenburuko galderari erantzutea eta ikastetxea aukeratzea ez da hain erraza"

Harro, unibertsala delako: herritar guztientzat irekia eta doako oinarrizko hezkuntza eskaintzen duen bakarra.

Harro, euskalduna delako: gaurko eta etorkizuneko euskaldunak hezten dituelako, testuinguru guztietan eta euskal kultura, gurea, ardatz hartuta.

Harro, anitza delako: ezberdinen arteko elkarbizitza egunero biziz ikasten delako, ez irakatsiz; ideologia, jatorri eta maila sozioekonomikoaren gainetik, pertsonekiko errespetuan oinarritzen da. Eskola publikoak gaurko jendartean bizitzeko tresnak ematen dizkie haurrei txiki-txikitatik; eskola publikoan aniztasuna aberastasuna da, pertsona gisa aberasten gaituena.

Harro, inklusiboa delako: denona da, eta denontzat. Norbanako guzti-guztien garapen integralaz arduratzen baita, kolektiboa ahaztu gabe. Ezberdintasunak direnak direla, inor atzean uzten ez duen hezkuntza.

Harro, herritarra delako, gurea delako: komunitate osoarena izanik, urte askoren poderioz eta lanaren ondorioz familia, ikasle, irakasle, eta langileek eraiki dutena eta gaur egun eraikitzen jarraitzen duguna.

Harro, jendartearekin bat aldatzen doan eskola delako. Izan ere, parte hartzailea baita eskola publikoa, partaidetza gune askorekin: Guraso elkarteak, OOG (Ordezkaritza Organo Gorena), batzordeak... Barruko zein kanpoko ekarpenei irekia: herri eta auzoetan integratua. 

Harro, elkartasunerako gune pribilegiatua delako. Elkarbizitzako eta elkar zaintzeko gunea. 

Harro, berritzailea delako: hobekuntza eta proposamen anitzi irekia. Elkarrekin eta elkarrengandik ikasten da, talde lanari garrantzia emanez.

Harro, begirada feminista hezkuntza komunitatean zabaltzen ari delako. Hezkidetzarako aurrerapausoak ematen dituelako.

Harro, jasangarria delako: etxe ondoan egonik ingurunearekin guztiz bat egiten duelako, herri eta auzoak bizitzaz betetzen.

Azkenik, harro, Eskola Publikoak aipatutako ezaugarri guztiak betetzen dituen eskola delako eta gure seme-alaben hezkuntzaren bermea delako. Seme-alabarekin batera gurekin bertan parte hartu nahi al duzu?

Euskal eskola publikoan zuen zain gaude: zatoz gurekin!

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


Eguneraketa berriak daude