Espetxeetan dauden gurasoen umeen egoera salatu du Sarek

  • Urrunketa eta COVID-19 pandemia elkarturik, gurasoak preso dituzten umeen egoera gero eta zailagoa bilakatzen ari da. Espetxeetan koronabirusari aurre egiteko ezarritako neurriek presoak gero eta isolatuago utzi dituzte, eta euren seme-alabekin harremanak oztopatu dizkie. Kasu batzuetan, bederatzi hilabete daramatzate euren gurasoak ikusi gabe.

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2020ko azaroaren 19an - 09:11

Azaroaren 20an adingabeen eskubideen nazioarteko eguna da. Hori dela eta, Sarek gogorarazi nahi izan du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak berresten duela guraso espetxeratuak dituzten haurrek gainerako seme-alabek dituzten eskubide berberak dituztela. Gurasoen konpainiaz gozatzea funtsezko elementua baita familia-bizitzan, eta horregatik, espetxe-agintariek presoei hurbileko familiarekin harremanetan egoteko erraztasunak ematea familia- bizitzarekiko errespeturako eskubidea bermatzeko funtsezkoa da. "Gainera, ezin dugu ahaztu edozein estatuk adingabeekiko duen betebeharra haien eskubideak babestea dela; horretarako beharrezkoak diren bitarteko praktiko eta eraginkorrak erabiliz, giza eskubideen izaera integrala kontuan hartuta", azpimarratu du Sarek.

Motxiladun umeen eskubideak behin eta berriz urratuak izaten direla salatu du Sarek. "Urrunketaren eraginez, gurasoak espetxean dituzten haurrek ez dute bermatuta gurasoekin harreman pertsonalak eta kontaktu zuzena izateko eskubidea, hilabetean behin ikusten baitituzte haien guraso presoak eta honek eragin izugarria du haurrarengan. Gainera, aita, ama edo biak, hain urruti dagoen espetxean egoteak esan nahi du haur hauek bidai amaigabeak egin beharko dituztela bisita bat gauzatu ahal izateko eta horrek izugarrizko zama fisikoa eta psikikoa suposatzen du haientzat; haien lagunak asteburutan jolasten dauden bitartean beraiek errepidean daudelako", gogoratu du Sarek.

Errealitate gordin honi pandemiak sortu duen egoera eta espetxeetan presoak gero eta isolatuagoak daudela gehitu behar zaio. "Badaude martxoaz geroztik haien gurasoak besarkatzen ez dituzten haurrak, beste batzuk aldiren batean aita edo ama ikusteko aukera izan dute bederatzi hilabete luze hauetan, baina oraintxe bertan aurrez aurreko guztiak etenda daude Espainiako Estatuan; Frantziako Estatuan, aldiz, espetxe batzuetan pertsona bakarra sartu daiteke bisitara, beraz, haurrak ezin dira joan ezin daitezkeelako bakarrik sartu; beste batzuetan pertsona bat baino gehiago sartu daiteke baina ezin dute musukoa kendu eta haurrak haien gurasotik metro eta erdira egon beharko dira. Haien ahotsa entzun dezakete dei baten bitartez baina ezin dituzte ikusi, ezin dituzte ukitu, ezin dute haiekin jolastu eta ezin diete muxurik eman; guzti horrek haur baten garapenean izan ditzakeen ondorio guztiekin. Motxiladun umeak umezurtz uzten ari diren neurri eta politikak aplikatzen ari dira, gurasorik gabe bizitzera kondenatzen ari baitira", salatu du Sarek.

"Urgentziaz zerbait egin dezatela hau aldatzeko"

Espetxean bizi diren motxiladun umeek ez dute egoera goxoagoa. "Aranjuezeko espetxean daude Izadi eta Irati, eta bederatzi hilabete daramate haien senideak eta gertukoak aurrez aurre ikusi gabe. Bederatzi hilabete daramate kalera irten gabe, lehendik lortutako egokitzapenean atzera pauso bat suposatuz. Eta gogorrena dena, udaz geroztik ez dute haien aitatxo ikusi, ondoko moduluan dagoen arren", esan du Sarek.

Egoera hau onartezintzat jo du Sarek, eta urgentziaz aldatzeko eskumena duten horiei zerbait egin dezatela eskatu die. "Gehiago luzatu gabe, presoak beren jaioterritik gertu egon behar dute. Probintzia berdineko espetxeetan. Hori da orain urgentea", adierazi du Sarek.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Haurren eskubideak
Jaioberrien orpo-probak 14 gaitz bilatuko ditu aurrerantzean EAEn, antzeman daitezkeen 50 gaitzetatik oraindik urrun

Jaioberriaren orpoan zizta eginez, hainbat gaitz aztertzen ditu osasungintza publikoak. Osakidetzak 14ra igo berri du aztertzen diren gaitzen kopurua, baina beste lurralde batzuekin konparatuta, atzeko postuetan dago EAE: Nafarroan 28 gaitz aztertzen dituzte, Galizian 33,... [+]


Datorren ikasturtean ere Iruñeko haur eskola bakarrean egongo da murgiltze eredua

Iruñeko auzo guztietako haur eskoletan murgiltze eredua ezartzeko eskatu dio euskalgintzak udalari. Horrez gain, salatu du  duela 35 urteko egoera berean daudela.

 

 

 


Urte beteko espetxe zigorra, adimen artifizialaz institutuko bi ikaskide biluzik irudikatzen zituzten irudiak sortu eta zabaltzeagatik

Iruñerriko 18 urteko mutil bati urtebeteko espetxe zigorra ezarri diote, adimen artifiziala erabiliz institutuko bi ikaskide, bi neska, biluzik irudikatzen zituzten irudiak sortu eta zabaltzeagatik.


Inozente

"Ume irlandar baten erantzuna, handitan zer izan nahi ote duen galderari: Preso ohia". Harkaitz Cano, 2023.

Behin eta berriz itzultzen ohi den lanbideak gaia suertatu da ikasturte hartan eskolan. Maistrak, betiko gisan, bat-banaka galdetu die... [+]


2023-12-18 | ARGIA
Gehiago Gara ekimena sortu da, "haurren heriotza naturaltasunez eta humanitatez" lantzeko jarrera zabaltzeko

“Gehiago Gara” ekimena aurkeztu dute abenduaren 16an Donostian hainbat elkarteren artean, "haurren heriotzaren aurrean naturaltasunez eta humanitatez jardutea posible dela gogoratuz, dagoneko horrela jarduten dutenen erakundeei aitortza eginez, eta alor... [+]


Eguneraketa berriak daude