Esperientziaren gelak euskaraz ere


2024ko maiatzaren 06an - 10:30
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

1996/97 ikasturteaz geroztik, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), urtero eta arrakasta handiz, 55 urtetik gorako 50 lagunentzako Esperientziaren Gelak deituriko ikastaroak antolatzen ditu, beraietan parte hartzeko inongo titulurik eskatu gabe.

Ikastaldia bi fasetan gauzatzen da. Lehenengoak lau urteko iraupena du, eta, haren bukaeran ofiziala ez den eta, beraz, lan mundurako baliorik ez duen Giza Zientzietan Unibertsitate Titulua banatzen da. Bigarrena, Helduentzako Unibertsitate Ikastaroak, hiru urtekoa da, eta berau egin ahal izateko, arestian aipaturiko tituluaren jabe izan behar da. Azken ikastaro horiek EHUko zenbait gelatara joateko aukera ematen dute, hori bai, entzule gisa soilik.

Urteko jarduna bi lauhilekoetan banatzen da, eta bi motatako ikasgaiak dauzkate: derrigorrezkoak edo tronkalak, eta hautazkoak. Ikastaldi osoan hemezortzi ikasgai tronkal lantzen dira, denak gazteleraz, eta eskaintzen diren 24 hautazkoetatik ikasleek aukeratutakoak. Azken horietatik hiru baino ez dira euskaraz ematen.

Hainbat ikasle taldek behin baino gehiagotan ikastaroak euskaraz ere emateko eskatu dute, baina arduradunek azken eskaerari ezezko borobil batez erantzun diote, inongo argibiderik eman gabe

Hizkuntza-datuei erreparatuta, lasai asko esan genezake hizpide ditugun ikastaroetan euskarari emandako tokia eskasa dela; hutsaren hurrengoa, alegia. Ulertzekoa da hasiera hartan ia dena erdaraz egitea, euskaraz irakurtzen eta idazten ondo moldatzen ziren 55 urtetik gorako pertsonak gutxi izango zirelako. Baina geroztik gauzak errotik aldatu dira, eta egun asko dira euskaraz eskolatutakoak.

Hori dela eta, hainbat ikasle taldek behin baino gehiagotan ikastaroak euskaraz ere emateko eskatu dute, baina arduradunek azken eskaerari ezezko borobil batez erantzun diote, inongo argibiderik eman gabe. Agian eskaeraren atzean oinarri sendorik gabeko talde txiki bat dagoelakoan.

Horiek horrela, aurten hainbat ikasle, ikasle ohi eta euskaltzalek Esperientziaren Gelak Euskaraz ere izeneko plataforma eratu dugu, helburu garbi batekin: aipatu ikastaroak euskaraz ere egin ahal izatea. Eta berriro egingo dugun eskaera aintzat hartua izan dadin, euskal komunitatearen laguntza behar dugu. Euskalgintza osatzen duten taldeena ez ezik, herritar arruntena ere bildu nahi genuke, egitasmoa jende askok begi onez ikusten duela antolatzaileei ikusarazteko. Beraz, plataformaren asmoekin bat baldin bazatoz, irakurle, mesedez eman izena helbide honetan: https://forms.gle/TEJbgUNG5RtRNMdK8. Hala egiten baduzu, biziki eskertuko dizugu. Eta gurekin harremanetan jarri nahi izanez gero, helbide honetan aurkituko gaituzu: esperientziarengelaeuskarazere@gmail.com.

Marije Manterola Iribar eta Ander Trigos Urturi, Esperientziaren Gelak Euskaraz ere plataformaren izenean

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irakurleen gutunak
Euskal herriarentzat nolako Estatu bat nahi dugu?

Bagira prozesuaren emaitza, Herri bidea bide-orria izan zen. Bide-orri honetan, abertzaleen helburua herriari boterea itzultzea dela aipatzen da, eta boterea itzultzeko, herriari burujabetza maila maximoa emanen dioten instituzioak herriari eskaintzea adierazten da. Zehazten da... [+]


Meaka-Irimo bizirik!

Enpresa batek Irimo mendian zentral eolikoa eraikitzeko asmoa zuela iragarri zigun aspaldi batean haize kolpe batek. Gehienek ezin zuten sinistu, inondik ere. Are gutxiago Irimo mendiaren orografia eta izaera harritsua ezagutzen dituztenek. "Baina ba al dakizu ze nolako... [+]


Eguneraketa berriak daude