Zor publikoaren azken hiruhilekoko datuak argitaratu ditu berriki Espainiako Bankuak. Datuok erakusten dutenez, uneon zorra 1,06 bilioi eurokoa da, hau da, BPGaren %99,3. PPren gobernuak behin eta berriz dio egoera kontrolpean dagoela. Hala al da?
Bada, Zorraren Kontu Ikuskaritza Herritarra plataformako Iolanda Fresnilloren arabera, “neoliberalen ikuspuntua” ez dator bat errealitatearkin. Izan ere, El Salmon Contracorriente ekonomia atarian azaldu duenez, Espainiako zor publikoa urtetik urtera errekor guztiak ari da apurtzen, “eta ez dirudi egoera braustakoan aldatuko denik”.
Fresnillok azaldu duenez, egia den arren Espainiako Estatua merkatuekin “interes oso baxuetara” zorpetzen ari dela, egoera “edozein unetan” alda daiteke. “Interes tipoak hazi edo merkatuen konfiantza galdu ezkero, Espainia 2012. urteko egoerara itzul daiteke, alegia, arrisku sariak berriz ere goia jo lezake. Horrek zerbitzu publikoak eta eskubide sozialak are gehiago murriztea ekarriko luke”.
Zorraren aurreikuspen baikorrak gezurtatzeaz landa, Fresnillo oso kritiko agertu da "Gobernuak arrakastatsu gisa saltzen dituen” austeritate politikekin. Bere ustez milioi ugari erabili dira bankuak erreskatatu, zorra ordaindu eta “erabilgarritasun sozial eta bideragarritasun ekonomiko gutxiko” azpiegiturak ordaintzeko, “diru hori ekonomia produktiboa sustatu eta lanpostuak sortzeko erabili ahal zenean”. “Austeritate hori defizitaren mugak errespetatzeko aplikatzen dela esan izan zaigu, baina honen egiazko helburua ongizatea apurtu eta kapitalaren jabeek mozkin handiagoak lortzea da”.
Zer dago zor publikoaren atzean?
Azken zortzi urteetan zorrak sekulako hazkundea izan du. Datuak horren lekuko: 2007an 646 mila milioi eurokoa bazen, egun 1,06 bilioi eurokoa izatera iritsi da. Hori azaltzerakoan Fresnillok gakoa diru-sarreretan dagoela nabarmendu du. Bere esanetan, 2007tik gaur arte sarrera fiskalak %12 jaitsi dira, “zerga sistema erregresibo eta eraginkortasunik gabearen ondorioz”. “Zerga sistemaren bidez nahikoa diru biltzen ez duenez, Espainiak zorpetzea darabil finantzaketa modu lez. Horrek herrialdea gurpil zoro batean sartzen du”.