Espainiako Lan ministroak dio 2012ko lan erreforma indargabetuko dela, baina ez du zehaztu noiz eta nola

  • Hainbat egun iraun duen isiltasuna hautsiz, Yolanda Díaz Espainiako Lan Ministroak (UP) 2012ko lan erreforma indargabetzeaz hitz egin du astelehen honetan Espainiako Senatuan.


2020ko maiatzaren 26an - 13:20
Yolanda Díaz Espainiako Lan ministroa astelehenean Senatuan (argazkia: Espainiako Gobernua).

“Izan argi indargabetzeak bere bidea jarraituko duela, betiko moduan, elkarrizketa sozialaren bitartez”, adierazi du Díazek. Agerpenak badu mamia, izan ere, joan den astean Espainiako Gobernua osatzen duten PSOEk eta UPk EH Bildurekin Rajoyren lan erreforma erabat indargabetzea adostu izanak lurrikara politikoa eragin du Espainiako Estatuan.

Ezin zuen bestela izan, kontuan edukita 2019ko abenduan, Espainiako Gobernua osatzeko akordioan, Pedro Sanchezen eta Pablo Iglesiasen alderdiek asko leundu behar izan zizkiotela ertzak lan erreforma ukitzen zuen atalari bi aldeak lasai geratu ahal izateko: PSOEk enpresa handien eta interes ekonomikoen presioak zeuzkan legedi hori bere horretan mantentzeko eta UPk berriz, bere boto-emaileei erakutsi nahi zien gobernuan sartzeak lagunduko zuela milaka langileren egoera hobetzen.

Eta akordio zail horren ondoren, COVID-19aren krisia etorri zen.

Dena hankaz gora jarri da, baita Espainiako oreka politikoak ere, ikus-entzuleei duela hilabete gutxi erabat pentsaezinak ziren eszenak oparituz: alarma egoera luzatzeko premiak estututa, Sanchezek mota guztietako trikimailuak asmatu behar izan ditu Espainiako Kongresuko talde politikoen babesa lortzeko. Azken luzapenaren kasuan, Ciudadanosekin akordioa lortzeak ERCrengan ezinegona eragin zuen, independentista kataluniarrak PSOErengandik urrundu ziren eta, aritmetika parlamentarioak ez ziola ematen ikusita, PSOEk ezusteko mugimendua egin zuen: EH Bildurengana hurreratzea, gobernu-akordioaren segurtasun-perimetroa zeharkatuz.

Lan erreforma indargabetzeko erabakia publiko egin eta bi ordu eskasera, PSOEk akordioa urardotzen zuten adierazpenak egin zituen, UPk eta EH Bilduk sinatutakoa bete behar dela aldarrikatzen zuten bitartean. Yolanda Díaz isilik egon zen alderdien arteko eztabaida horrek foku guztiak bereganatu zituen bitartean.

Astelehenean hautsi du isiltasuna, asmoak argituz, baina zehaztapenei ihes eginez: indargabetzearekin jarraituko dutela bai, baina noiz eta nola ez zuen esplikatu. Hori bai, kontraerreforma berehala egiteko aukera baztertu zuen: “Ahal bezain laster egin behar da, baina pandemia batean gaude”, adierazi zuen Senatuan, oposizioko alderdien galderei erantzunez.

Lurrikararen ondoren, urtarrileko gutxi gorabeherako lasaitasunera itzultzeko ahalegin gisa ulertu dute askok Díazen agerraldia: pandemiaren aurretik, PSOE-UP akordioaren markoan, Espainiako Gobernua hasia zen patronal eta sindikatuekin Rajoyren lan erreforma kimatzeko lan batzuk egiten, alde polemikoenetatik hasita –ultraktibitatea, konbenio probintzialak enpresakoen gainetik jartzea, azpikontratazioa...–. Eskema horretan Espainiako CEOE patronala hitz egiteko prest zegoela zirudien; aldiz, lan erreforma osorik desegiteko akordioaren ondoren, gogor erreakzionatu zuen Sanchezen gobernuaren kontra. Asteleheneko agerraldian Díazek tentsioa baretu nahi izan du agente ekonomikoen “heldutasuna” eta “ikuspegia” azpimarratuz.

Ministroak Senatuan egindako agerraldiaren zati inportante bat aldi baterako enplegua auzitan jartzeari eskaini zion, gaur egungo kopuruetan “Espainiako anomalia” dela azpimarratuz eta “jasanezina” dela gaineratuz. Enpleguaren prekarietateak eragiten du, Díazen arabera, perturbazio garrantzitsuren bat gertatzen den bakoitzean lanpostuak masiboki suntsitzea. Hori ez errepikatzeko, “sakoneko transformazioak” egin behar direla azaldu du eta koronabirusak eragindako egoerari eman behar zaion erantzunak “anbiziotsua” izan behar duela.

Letra txikiari erreparatzeko saioa izan zen, Díazek iragarritako neurri zehatzen artean plataforma digitalentzat lan egiten dutenen aldeko lege-aldaketak iragarri baitzituen: Espainiako Lan ministroak adierazi zuen hauek autonomo faltsuak direla eta beraz soldatapeko langileek bezala kotizatu behar dutela. Telelana erregulatzeko araudi berria ere iragarri zuen eta Aldi Baterako Enplegu Erregulazioak (ABEE) defendatu zituen lanpostuak suntsitzea eragozteko tresna gisa.

Lan erreforma indargabetzeko egutegirik gabe amaitu zuen, ordea, Senatuko saioa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espainiako lan erreforma
Finantza kontua edo justizia soziala?

Finantzen Euskal Kontseiluak pasa den urteko diru bilketaren berri eman du. 2020an baino gehiago bildu da, eta balorazio ezin baikorragoa da. Datorren urtean politika publikoak egiteko diru gehiago izango dute instituzioek. Ez dute gezurrik esan. Baina egin daiteke bestelako... [+]


Espainiako lan erreforma
2012 eta 2022: aurkitu zazpi diferentziak

Espainiako 2012ko lan erreforma derogatzeko baino, lege hori “berresteko” bozketa egin dute Espainiako Kongresuan –besteak beste Ciudadanosen aldeko botoekin–, hori salatu dute behintzat euskal sindikatu eta eragile ugarik. Izan ere, duela hamar urte... [+]


Analisia
Arrakala handitzen

Nafarroan hazi omen da gehien soldata handien eta txikien arteko aldea. KPIaren hazkundea azken hamarkadetako handiena izan da 2021ean, eta hitzarmen duinak dituzten langileek ez dute eros ahalmenik galduko, baina gehienentzat ez da horrela izango. Arrakalak gora egingo du... [+]


Shakespeare forala

Ba joan den osteguneko lan-erreforma yolandikoaren botazioak harrapatu ninduen Shakespeareren Hamlet irakurtzen –ez galdu Juan Garzia Garmendiak egindako itzulpena, beste galaxia batera darama irakurketaren plazera–; eta Madrilgo diputatuak, saiatu behintzat, saiatu... [+]


Eguneraketa berriak daude