Espainiako Lan Erreforma hurrengo asteetan gauzatuko da

  • Europako behin-behineko enplegu tasa altuena du Espainiak. Europako funtsen bidez bideratu nahi da egoera hori, baina horiek jasotzeko, lan erreforma Gabonen aurretik onartu beharko luke Espainiako Gobernuak.

     

Yolanda Diaz ministroa eta Pedro Sánchez gobernuburua bilduta Moncloan. (Arg.: Moncloa)

2021eko abenduaren 10an - 16:04
Azken eguneraketa: 18:05

Urte osoan zehar 2012ko Lan Erreforma ordezkatzeko negoziazioetan dabil Espainiako Gobernua, Yolanda Diaz gobernuko lehendakariorde eta Lan ministroaren gidaritzapean. Eztabaidak gorabeherak izan ditu azken asteetan, alde batetik PSOEren eta UPren negoziazio buru diren Nadia Calviño eta Diazen arteko desadostasunengatik, eta eragile patronal eta sindikalen arteko talkak direla eta, bestetik. Negoziazio horren lehenengo gakoa denbora-tarteen kontua da, Espainia Europar Batasuneko beste kideekin konprometitu baita urte amaierarako lan erreforma eta pentsioen erreforma Kongresuan onartuak izan daitezen. Horrek interes patronalari kalte egiten dio, CEOE enpresarien elkarteak negoziazioa luzatzen jarraitzea eta erreformatu beharreko premiazko arloen atzeratzea nahi duelako. Mehatxu nagusia mahaitik altxatzea izanda, CEOE eta Confebask akordiorik ez egiten saiatu dira, baina azken momentua arte bilatuko du gobernuak eragile sozialen konpromezua.

Euskal Herriko sindikatu abertzaleek salatu duten moduan, CCOOk eta UGTk jada onartu dute 2012ko Lan Erreformaren alde oso inportante baten negoziazioa hurrengo urterako uztea, hots, kaleratze indemnizazioak igotzea eta tramitazio soldatak berrezartzea, eta baita ere ERTEen gaineko Lan Ikuskaritzaren kontrolpeko mekanismo eskasia luzatzea. Patronalekin akordioa lortzeko helburua dela eta, kaleratze indibidual zein kolektibo horien inguruko negoziazioa orain alboratuta geratu da.

Hortik aurrera, anitzak dira negoziazio honetan jada konponduta dauden aldeak, eta patronalek soka tenkatzen jarraitu arren, argi geratu da lan hitzarmenen ultraktibitatea berrezarriko dela, akordiorik ez dagoenean hitzarmenak bertan behera uzteko aukera baliogabetuz; aldi berean, arlo sektorialeko hitzarmena ere blindatuko da. Horren ondorioz, enpresa mailan ezin izango da horietan finkatutako langatik beherako baldintzarik negoziatu edo inposatu. Horrela, 2012ko Erreformaren soldatapeko langile guztien aurkako kalte nagusia baliogabetuko da, lan baldintzen negoziazio kolektiboa indartuz. Baina 2012ko Erreformatik haratago doa Yolanda Diazek eragile sozialekin lortutako akordia, eta kontratuen behin-behinekotasuna eta azpikontratazioa mugatzeko neurriak hartuko dira.

Europako behin-behineko enplegu tasa altuena du Espainiak, eta lanaren eta pentsioen erreforma aurten burutzea izan dira EBren baldintzak Europako funtsak jasotzen jarraitzeko. Datorren urte amaierarako, halaber, soldatapekoen behin-behinekotasun tasa deblauki jaistea da Europak Espainiari jarri dion hurrengo erronka, baina hori ezin da egun batetik bestera egindako dekretu baten bidez konpondu. Diaz ministroaren hasierako asmoa enpresa bakoitzeko behin-behinekotasun tasaren muga %15ean ezartzea zen, baina patronalak ez du onartu, eta azkenean sabai hori malguagoa izango da sektorearen arabera; hala ere, mugak ezarriko dira eta horrela langileriaren ezegonkortasuna gutxituko da, era batean edo bestean.

Bigarren neurria sindikatuen aldarrikapen historiko batekin bat dator: behin-behineko kontratu asko lege iruzurra diren heinean, Lan Ikuskaritzatik kontratuok behin betikoak egiteko neurriak hartu behar dira. 267.000 pertsonen behin-behineko enpleguak behin betiko bihurtu dira 2021ean Lan Ikuskaritzaren ekimenaren ondorioz, eta azken asteetan beste 82.400 bihurtzea izan da gutun bidalketaren bigarren saioaren emaitza. Erreforma berria medio, muga horiek indartu egingo dira, batez ere kontratu-tipologiaren sinplifikazioa bidez. Aurrerantzean ez da egongo behi-behineko hamaika kontratu mota izateko aukera, eta behin-behineko lan itzarmen nagusi baten baldintzak ezarriko dira. CCOOko idazkari nagusi Unai Sordok azken hilabeteetan asko errepikatu duen moduan, gakoa da “kausa justifikatu argi eta garbia” egon behar izatea behin-behineko kontratu guztietan.

Azpikontratazioaren aurka

Azpikontratazioa mugatzea da beste erronka garrantzitsuetako bat. 2008an Menpeko Autonomoen Legea egin zuen Espainiako gobernuburu José Luis Rodríguez Zapaterok, horrela azpikontratatutako langileei enpresa-matrizearen hitzarmen kolektiboko eskubideak onartuko litzaizkieke. Baina 2012ko Lan Erreformak ekarritako enpresa hitzarmena lehenesteko malgutasunak bertan behera utzi zuen aurreko saiakera hori, eta gaur egun asko dira multi-zerbitzu hitzarmenarekin edozein arlotako lanak egiten dituzten langileak. Emakume garbitzaileena da horren adibide argienetakoa, eta, gainera, lan baldintza kaskarrenetarikoak dituzte. Zergatik emakume horiek ez dituzte garbitzen dituzten hoteletako edo fakultateetako langileen lan baldintzak, haien lana esentziala eta estrukturala denean? Zergatik ez dira haien soldata eta lan baldintza orokorrak dagokion sektoreko hitzarmenaren araberakoak? Sistema klasistaren eta sexistaren adierazle oso argia eta zikina da, eta hori konpontzeko bidea da, jatorriz kontratatzen duen enpresaren lan hitzarmena azpikontratan aplikatzea. Patronalak, ordea, ez du halakorik onartu gura. Ikusteko dago noraino iristen diren, baina azpikontratazioa mugatzeko klausulak ekarriko ditu Lan Erreforma berriak.

Beraz, Gabonetarako Lan Erreforma berria prest egongo da, batez ere hori delako Next Generation Funtsen hurrengo 10.000 milioi euro jasotzeko ezarritako baldintza. Ez dago beste aukerarik, datozen asteetako erronka izango da erreforma ahalik eta sakonena izatea, baina aspalditik negoziatzen ari den Lan Erreforma laster onartuko du Espainiako Kongresuak. Europak patronalen beto eskubidea baliogabetu ondoren, ikusteko dago Yolanda Diaz lehendakariordea eta Lan ministroa sindikatuen aldeko aldarrikapenak gauzatzeko gai ote den.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espainiako lan erreforma
Finantza kontua edo justizia soziala?

Finantzen Euskal Kontseiluak pasa den urteko diru bilketaren berri eman du. 2020an baino gehiago bildu da, eta balorazio ezin baikorragoa da. Datorren urtean politika publikoak egiteko diru gehiago izango dute instituzioek. Ez dute gezurrik esan. Baina egin daiteke bestelako... [+]


Espainiako lan erreforma
2012 eta 2022: aurkitu zazpi diferentziak

Espainiako 2012ko lan erreforma derogatzeko baino, lege hori “berresteko” bozketa egin dute Espainiako Kongresuan –besteak beste Ciudadanosen aldeko botoekin–, hori salatu dute behintzat euskal sindikatu eta eragile ugarik. Izan ere, duela hamar urte... [+]


Analisia
Arrakala handitzen

Nafarroan hazi omen da gehien soldata handien eta txikien arteko aldea. KPIaren hazkundea azken hamarkadetako handiena izan da 2021ean, eta hitzarmen duinak dituzten langileek ez dute eros ahalmenik galduko, baina gehienentzat ez da horrela izango. Arrakalak gora egingo du... [+]


Shakespeare forala

Ba joan den osteguneko lan-erreforma yolandikoaren botazioak harrapatu ninduen Shakespeareren Hamlet irakurtzen –ez galdu Juan Garzia Garmendiak egindako itzulpena, beste galaxia batera darama irakurketaren plazera–; eta Madrilgo diputatuak, saiatu behintzat, saiatu... [+]


Eguneraketa berriak daude