Espainiako Barne Ministerioak urtean 15 milioi euro gastatzen ditu komunikazioen espioitzan

  • Politikari katalanak zelatatu zituen NSO sistema baliatu izana ukatu du Marlaskak, baina funtzio bera betetzeko balio duten antzeko mekanismoak dituztela aitortu du.


2020ko uztailaren 17an - 12:25

Espainiako Barne Ministerioak ukatu egin du politikari katalanak zelatatzeko baliatu zen Pegasus espioitzarako programa erabili izana. Espainiako Estatuak urtero 15 milioi euro inbertitzen ditu Telekomunikazioen Lege Intertzeptazio Sistema (Sitel siglekin ezagutzen dena) mantentzeko. Horri esker, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak kontrol judizialpean dauden pertsonen milaka dei eta mezu atzeman ditzakete, eta denbora errealean lor ditzakete solaskideei, edukiari, mezuei eta kokapenari buruzko datuak. Azken urteotan, Espainiako Gobernuko Barne-Arazoen arduradunek inbertsio milioidunak egin dituzte sistema eguneratzeko.

Oraingoan, The Guardian egunkari britainiarrak ostegunean iragarri zuen Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea eta Ernest Maragall ERCko buruzagia jatorri israeldarreko Pegasus programarekin zelatatu zituztela. Hala, Espainiako Estatuaren inteligentzia aparatuek egiten duten komunikazioak atzemateko sistemen erabilera zalantzan jarri dute berriro. Eskandalua piztu ostean, Barne Ministerioak ukatu egin zuen NSO enpresa israeldarrarekin harremanik dut enik. Horren ordez, Sitel soilik baliatzen omen dute, eta "Estatuko segurtasun-indar eta gorputzen ekintzak legearen errespetu zorrotzean kokatzen direla" azpimarratu du. Polizia-iturriek baieztatu dutenez, Espainiako estatuaren indarrek NSO eta Galileo izeneko beste programa baten berri ere bazuten, Hacking Team enpresa italiarrak merkaturatutakoa. Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak ez omen dituzte programa horiek eskura, eta Sitel da elkarrizketetan esku hartzeko sistema bakarra. Dena den, Sitel eta NSOren erabilpena antzekoa da, beraz ezin daiteke osoki baztertu politikari katalanak zelatatu egin zituztela baieztatzen duen hipotesia. Gainera, Barne Ministerioak NSOren erabilera egin ez duela frogatzeko erreserba funtsen aurrekontuak erakutsi beharko lituzke, eta oraingoz ez du halakorik egin.

Aurrekariak

Telefono bidezko komunikazioak atzemateko eta grabatzeko sistema bat sortzeko ideia 2001. urtekoa da, gutxienez. Bi urte beranduago, PPren gobernuak 9,8 milioiko kontratua esleitu zion ETI A/S enpresa danimarkarrari. 2004ko otsailean Sitel lehen aldiz erabili zen Pontevedran (Galizia), narkotrafikoaren aurkako operazio batean. Urte horretan bertan, sistema funtsezkoa izan zen martxoaren 11an Madrilen atentatuak egin zituen ustezko zelulako kideak aurkitzeko. Ordutik, ez dira gutxi izan Sitelen inguruan sortutako eztabaidak. 2009an, Gurtel auziak leher egin zuenean, orduan oposizioan zegoen PPk Zapateroren Gobernuaren aurkako oldarraldiari ekin zion. Popularren ustez, programa "legez kanpokoa eta Konstituzioaren aurkakoa" litzateke, eta "gizartea zainduta eta atzemanda" izateko erabili izana leporatu zioten PSOEren gobernuari. Espainiako Auzitegi Gorenaren hainbat epaik polemika ebatzi eta bere erabilera zilegiztatzea erabaki zuten.

Eboluzioa

Espainiako Barne Ministerioak urtez urte aurrekontuaren kopuru handiak inbertitu ditu Sitel sistema eguneratzeko. 2016ra arte, bi plataforma izan zituen, Espainiako Poliziak (Sildat) eta Guardia Zibilak (Golf) Sitelen datuak eskuratu zitzaten. Atzerago jota, 2014an, Jorge Fernández Díaz orduko ministroak 10,6 milioi euroko gastua onartu zuen, "publizitaterik eta lehiarik gabe negoziatutako bi kontratu lortzeko”, eta segurtasun arrazoiengatik, sistema hobetzeko. Espainiako Estatuaren inteligentzia zerbitzuek euren jardueretan garapen kuantitatibo zein kualitatiboa izan dute, espioitza jarduera areagotu dutenaren seinale. Lehen esleipenaren helburua, 1,3 milioikoa, Sitelen "telekomunikazio azpiegitura" mantentzea zen. Bigarrenak, 10,6 milioiko aurrekontuarekin, "Hardware eta software ekipamendu berria” erosteko balio izan zuen. Urte horretan bertan, Herrizaingo Sailak 14.000 euro gastatu zituen 19.000 CD eta 28.000 DVD erosteko, horietan bildutako informazioa grabatu eta baimena eman zuen epaileei bidaltzeko. 2015ean mantenu eta hobekuntza-gastua ere milioiduna izan zen: 11,4 miliokoa, zehazki. 2016tik aurrera, eta Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren plataformak bateratu ondoren, Herrizaingo Saila Sitelen mantentze-lanak lizitatzen hasi zen bost urteko kontratuetan, urtero15 milioiren truke. Lehenengoaren esleipenduna, 2016ko otsailaren 1etik urtarrilaren 31ra artekoa, Telefonicak eta Indrak osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkartea (ABEE) izan zen. Otsailaren 1ean, Herrizaingo Sailak berritu egin zuen 2025era arte. Enpresa esleipenduna Telefónica izan da geroztik.

Azken jarduerak

Urte hauetan, Espainiako Barne Ministerioak beste inbertsio batzuk ere egin ditu sistema eguneratzeko eta konponketak egiteko. 2018ko abenduan 18.000 euro gastatu zituen Sitelen 13 disko gogorretan bildutako datuak berreskuratzen. Bi hilabete lehenago, Fernando Grande-Marlaska egungo ministroak 6,2 milioi euroko gastua onetsi zuen, sistemaren tresnetako bat erosteko: "SILC plataforma" delakoa. Horrek gaitasun aurreratuez hornitzeko beharrezko ekipamendua eta softwarea eskuratzeko balio izan zuen. 2008an sortu zen, eta monitorizazioak, ohiko deiez gain, berehalako mezularitzako aplikazioen bidez egiten direnak ere atzematen ditu, hala nola, WhatsApp, Telegram edo Signal aplikazioetakoak. Inbertsio horren bidez,  Espainiako Barne Ministerioak "Interneteko komunikazioetan zifratzearen eragina arintzea" bilatzen du; horrek, pribatutasuna ahalbidetzen duten teknologien aurkako ofentsiba zuzena dakar. Halaber, Sitel programa informatikoen bidezko ikerketetarako Prozedura Kriminalaren Legearen 2015eko erreformak ezarritako baldintzetara egokitu nahi zuten sistema. Azken horrek berme prozesalak ezarri zituen telefonoaren edo beste komunikabide telematikoen bidez egindako edozein motatako komunikazioetan esku hartu ahal izateko, eta zigilatze edo sinadura elektronikoko sistema bat ezarri zuen, informazioaren benetakotasuna eta osotasuna bermatzeko epaile baten esku jartzen zenean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espioitza
Fiskaltzak dio ez dela delitua polizia infiltratuak emakumeekin sexu harremanak izatea

Bost emakumek kereila jarri zuten Kataluniako mugimenduetan hiru urtez infiltratutako poliziaren aurka, haien aurkako sexu abusuak egin zituela egotzita. Fiskaltzak epaileari eskatu dio ez onartzeko kereila, eta adierazi du harremanetan emakumeen "onespena" egon zela.


Sei urtez Madrilgo mugimendu sozialetan infiltratutako beste polizia baten berri eman dute

2015etik 2021era mugimendu antifaxista eta antierrepresiboetan infiltratutako poliziaren kasua publiko egin du El Saltok, Directarekin elkarlanean ikertu ondoren. Hamabost hilabetean hedabideek argitaratutako polizia satorren seigarren kasua da.


2023-07-11 | ARGIA
Auzitegi Nazionalak artxibatu egin du Pegasus espioitza kasua

Espainiako presidente Pedro Sánchezen eta beste lau ministro mugikor bidez espiatzeagatik irekitako kasua itxi egin dute, Pegasus programaren jabe den Israelgo Gobernuaren eta Justiziaren "erabateko" kolaborazio faltagatik.


2023-04-23 | David Bou
Marc, Dani eta Ramón

Artikulu honen izenburuan agertzen diren hiru izen propioak ez datoz bat horrela deitzen ziren pertsonen errealitatearekin. Marc Hernàndez Pons, Dani Hernàndez Pons eta Ramón Martínez Hernàndez ziren Barne Ministerioak Polizia Nazionaleko hiru... [+]


Espainiako Gobernuak onartu du Poliziari baimena eman ziola gizarte mugimenduetan infiltratzeko

Espainiako barne-ministro Fernando Grande-Marlaskak adierazi du infiltrazioekin lotutako informazioa espediente sekretu batean dagoela bilduta. Polizia horiek inteligentzia agente gisa definitu ditu, "ordenaren eta segurtasun publikoaren" intereseko informazioa... [+]


Eguneraketa berriak daude