Erraustegien Europako patronalak Bilbon egingo du biltzarra irailaren 19-21ean

  • "Errausketa: Ekonomia Zirkularra egia bilakatuz" [Waste to Energy: Making Circular Economy Happen] goiburua edukiko du Bilbon CEWEP Europako errauste planten patronalak irailaren 19tik eta 21era artean egingo duen biltzarrak. Zabalgarbi erraustegiak antolatu duen ekitaldia Guggenheim museoan irekiko da afari batez, Euskalduna jauregian burutu eta Loiuko Aspaldiko jatetxean beste afari batez amaitzeko.

Zero Zabor @zero_zabor
2018ko ekainaren 18a
Paul de Bruycker CEWEP erraustegien patrolanaren lehendakaria, aurreko biltzar batean. (Argazkia: Waste Management World)

CEWEP errausketa planten elkarteak 22 herrialdetako 400 erraustegiren jabeak biltzen ditu. Bazkideetako bat du AEVERSU Espainiako Estatuko erraustegien patronala, zeinaren kide baita Bizkaiko Zabalgarbi ere. AEVERSUren historian protagonismo handia edukia du Bizkaiko eta Gipuzkoako hondakinen planak, Zabalgarbi eta Zubietako errauste plantak eta bi lurraldeotako hiru porlan fabrika hondakinen erraustegi bilakatzeko planak antolatu dituen Xabier Garmendia Martinezek.

Hondakinen Errausketari "Waste to Energy, W2E" eufemismoz deitzen dion CEWEP Europako erraustegien patronalak Rotterdamen (Holanda) egin zuen 2016n bere 8. batzarra  eta  bertan iragarri zuen 2018ko kongresua Bilboko Zabalgarbin burutuko duela. Prentsari zabaldutako oharrean zioen CEWEPek Zabalgarbi hauta zuela “Europa barruan erreferentziazko planta” omen delako.

Bilboko biltzarraren egitarauan irakur daitekeenez,  besteren artean honako gaiak jorratuko dira bertan:

- Ekonomia Zirkularraren inplementazioa (Lortuko al ditugu helburuak?)

- Errausketa eta energia berriztagarria

- Berrikuntzak errausketaren sektorean: karbonoa harrapatu eta erabiltzea

- Eskoria eta errautsek daramatzaten metalak berreskuratzea

- Errausketaz jendeak daukan pertzepzioa

Egitarauari kasu egitera, errausketaren promozio eta komunikazioari garrantzia handia eman nahi diote Bilboko biltzarrean eta "Perception of Waste-to-Energy and Lessons to Learn" atalean hitz egitera ekarriko dituzte harremen publiko, parte hartze prozesu, irudi eta beste hainbat ataletan berezitutako profesionalak.

2016an Holandako Rotterdamen egin zuen orain arteko azken biltzarra CEWEPek. (Argazkia: Jakob Sahlén)

Hasierako afarian, irailaren 19an, Guggenhem museoan, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok egingo die ongi etorria biltzarkideei eta lehen hitzaldiak eta Eusko Jaurlaritzako bezala Espainiako Gobernuko ordezkariak egongo direla ere iragartzen dute. Biltzarraren muina 20an izango da eta hau ere beste afari batekin itxiko dute, Loiuko Aspaldiko jatetxe famatuan.

Irailaren 21 goiza biltzarkideek Zabalgarbi erraustegia bisitatzen emanen dute.

Nor etorriko den Bilbora? Antolatzaileek honakoak espero dituzte: "Europan bezala maila nazionalean gaiaz erabakiak hartzen dituzten pertsonak, bertako agintariak, Errauste Planten arduradunak, Espainiako eta Europako elkarteak, Erraustegien teknologi hornitzaileak, hondakinen kudeaketan ari diren konpainiak, zientzialariak, akademikoak eta baita akziodunak ere. Europako eta bertako instituzioetako hautetsiak, ingurumenaren babeserako agentziak..."

Azkenik, lana eta familia ongi uztartzea inportantea baita, irailaren 20 hitzaldiz betetako horretan biltzarkideen bikotekideak aspertu ez daitezen, senar, emazte, bikotekide edo dena delako maitaleri antolatzaileek goiz pasa atsegina antolatzen diete bazkal garaia arte: "Walking City Tour, including Pintxo (local tapas) tasting in a local restaurant". Nork esan zuen errausketa txarra dela osasunarentzako?

 

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Errausketa  |  Azpiegitura handiak

Errausketa kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude