ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 09a

Erraustegiaren aurkako martxalariak babestu eta protesta soziala kriminalizatzeko ahalegina salatu dute

  • 2018ko irailean Zubietako erraustegiaren aurkako martxaren harira auziperatu dituzten lau lagunen aurkako epaiketa hasi da gaur Donostian. Epaitegi atarian, martxalariei babesa adierazi eta epaiketa salatu dute.

Usurbilgo Noaua @noaua
2019ko abenduaren 05a
Albiste hau Usurbilgo Noauak argitaratu du eta Creative Commons BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

Albo batean erraustegiaren aurkako sinbolo ezaguna, beste aldean begiak eta ahoa eskuz estaliak dituen aurpegi marraztu bat, tartean "guk argi dugu erraustegirik ez". Aldarriok eskutan mobilizatu da herritar talde bat asteazken goizean, Errausketaren Aurkako Mugimenduak deituta, Donostiako Egiako auzitegiaren atarian.

Asteazken honetan epailearen aurrean deklaratzen hasi dira, 2018ko irailean Zubietako errausketaren zero gunera, erraustegiaren aurka antolatu zen martxan parte hartu zuten lau lagunen aurkako epaiketa. Mendi martxa hartan parte hartu zuten ia 2.000 lagunen aurka oldartu zen Ertzaintza egun hartan. Indarra baliatuz, guztionak diren mendi bidetik bota zituzten modu baketsuan mobilizatzen ari ziren martxalariak; tartean zaurituak izan ziren. Eta Ertzaintzak salaketa aurkeztu zuen auziperatuak dauden lau lagunon aurka.

Salaketa hartatik dator asteazken goiz honetan hasi den epaiketa. Auziperatuak epaitegi atarira heltzerako zain zituzten, Errausketaren Aurkako Mugimenduak epaitegi atarian deitu duen elkarretaratzera elkartasuna adieraztera joandako herritarrak. Epaitegi atarian geldirik lehenik eta atariko plazari itzuliak ematen aritu dira, "errausketarik ez", "Olano entzun ez Zubietan ez inun", "klima aldaketa=erraustegia", "protesta egitea ez da delitua" aldarriak ahotan hartuta.

Amaieran mobilizazioko deitzaileek gogorarazi dutenez, protesta sozialak kriminalizatzeko saiakera honen aurrean, "elkar babestu beharrak dugu" eta protesta hauei segida eman behar zaie. Are gehiago, gogorarazi dutenez, Zubietako erraustegia pizteko bidean duten honetan.

Urtarrilaren 9an bigarren saioa

Gaur izan da lehen epaiketa saioa; beste bi iragarriak bazauden ere, beste saio bat egingo da urtarrilaren 9an. Gaur bezala, egun horretarako ere mobilizatzera deitu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak. Elkarretaratzea deitu du urtarrilaren 9rako gaurko leku berean, 10:30etan Donostiako Egiako auzitegi atarian.

ERRAUSKETAREN AURKAKO MUGIMENDUAREN OHARRA

Iazko irailean erraustegira egin genuen martxan parte hartu zutela egotzita lau pertsona epaitegira deitu dituzte Ertzaintzaren salaketaren ondorioz. Ia 2.000 lagunek parte hartu genuen protesta harekin desordena publikoak eragin izanaren erantzule gisa ikertuak direla esan diete. Zubietarrak dira bi, lasartearra bat eta donostiarra azkena. Gure elkartasun osoa beraiekiko eta mespretxu osoa, klima aldaketaren aurka daudela esan arren, Gipuzkoako gune kutsatzailerik handiena izango dena inposatzeko egin ahalak eta bi egiten ari diren EAJ eta PSEko agintariekiko.

Egun hartan Ertzaintzak biolentzia erabili zuen era baketsuan protestan ari ginen herritarren aurka, eta erraustegien aurka mundu osoko 900 elkarte biltzen dituen GAIA aliantzak ere Ertzaintzaren bortizkeria salatu zuen. Orain, epaiketa hau jauzi kualitatiboa da, erraustegiarekin loturiko aktibismo soziala epaitegietara eraman nahi dutelako lehen aldiz (ez dugu ahazten erraustegiaren proiektua gelditu zuten arduradun politikoen aurkako epaiketak sustatu izan dituztela, Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkinen aurka mafia baten gisa jokatuz).

Errausketaren Aurkako Mugimendua osatzen dugun herritarrok epaiketa honetatik ondorioztatzen dugu Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak errausketaren aurka gauden herritarrok beldurtu nahi gaituztela. Protesta sozial erabat zilegia kriminalizatzeko saiakera da eta laster piztekoak diren eta frogekin dagoeneko ingurunea kutsatzen hasi den erraustegiaren aurkako protestetan jendeak ez parte hartzea bilatzen dute. Argi esango diegu ba: Ez dute lortuko, ez gaituzte kikilduko.

Erraustegiaren Aurkako Mugimendua gizartearen aurrean konprometitzen da, azken 16 urteetan bezala, ez-biolentziaren eremuan, borrokan eta ereduen talka eragiten jarraitzera. Herritarrok geure burua defendatzen jarraituko dugu.

Urteak dira erabat demostratuta geratu dela, Gipuzkoako herri gehienetara begiratuz, hondakinen bereizketa modu eraginkorrean eginez gero, munstro toxiko hau ez dugula behar. Eta nahiz eta gaur egungo agintariak tematuko diren esaten “hondakinen arazoa” konpondu dutela, herritarrok sentitzen duguna guztiz kontrakoa da: orain bai daukagu arazo bat, eta larria gainera; hurrengo belaunaldiei eta inguruan bizi diren milaka eta milaka herritarrei modu larrian eragiten diena.

Etsita eta etxean nahi gaituzten arren, protestan jarraituko dugu. Horregatik, lehenik eta behin epaitegira deitu dituzten lagunei elkartasuna adierazteko kontzentrazio urgenteak deitzen ditugu Donostian, Egiako epaitegiaren aurrean:

Abenduaren 4an, asteazkena: 11:00etan.

Urtarrilaren 9an, osteguna: 10:30ean.

Protesta sozialen aurkako epaiketen gainetik, guk argi dugu: Erraustegirik ez!

Zatoz eta babes dezagun elkar.

Albiste hau Usurbilgo Noauak argitaratu du eta Creative Commons BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.
Kanal honetan artxibatua: Gipuzkoako erraustegia

Gipuzkoako erraustegia kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude