"Errauskailuak behartutako egoera honetan, GHKtik ateratzea ere aztertuko dugu"

  • Zubietako erraustegiaren proiektuak urrats esanguratsua egin dezake uztailaren 28an, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) azpiegitura eraiki eta kudeatzeko baldintza-pleguak onartuko baititu. Xabier Arregi Usurbilgo alkatearen esanetan udalerriak “kate motzean” lotu nahi dituzte. Hala, Usurbilgo udal plenoan proposatuko dute batzorde batek aztertzea juridikoki, ekonomikoki eta teknikoki San Markotik –eta ondorioz GHKtik– ateratzeko aukera.


2016ko uztailaren 22an - 16:23

Uztailaren 28an Zubietako erraustegia eraiki eta kudeatzeko esleipenaren baldintza pleguak onartuko dira. Zer iritzi dauka Usurbilgo Udalak horri buruz?

Erraustegia ingurumen arazo bat ez ezik, problema etikoa eta demokratikoa bihurtu da. Eta bultzatzaile nagusiek ere badakite. Horregatik ari da izaten prozesu hau opakoa eta hain azkarra. Atzeraezinezko puntu batetara eraman nahi dute, eta horretarako, uztailaren 28an, opor giro betean onartuko dituzte pleguak. Adierazgarria da oso. Baina, hain zuzen ere, presaka aritze horrek akatsak ekartzen ditu eta, hartzen badute, erabaki okerra hartuko dute mamiz eta formaz.

Esleipena osatzen duten txostenetan ikusten denez baldintza oso gogorrak ezarriko zaizkie GHKn dauden udalei errauskailua ordaintzeko. Zer ondorio ekarriko ditu?

"Opor giro betean onartuko dituzte pleguak. Adierazgarria da oso. Baina, hain zuzen ere, presaka aritze horrek akatsak ekartzen ditu eta, hartzen badute, erabaki okerra hartuko dute mamiz eta formaz"

Kate motzean lotu nahi gaituzte, eta epe luzerako. 35 urtetan ordainarazi nahi dizkigute errauskailuaren kostuak, biztanlekako ordain-moldean, eta esklusibitatearen printzipioa aplikatuta (behartuta gaude hondakin guztiak beren esku uztera) udaloi bestelako ereduak garatzeko aukera ukatu egiten zaigu.

Gipuzkoar guztion artean 1.500 milioi euro emango dizkiegu banketxeei eta obra horren esleipena bereganatuko duen enpresa-taldeari. Eta dohaintza hori egingo zaie enpresek inolako arriskurik hartu gabe! Gertatzen dena gertatzen dela, enpresek bermatuta dute beren negozioa. Eta udal administrazioak (herritarrok, esan nahi baita) jasan beharko dugu zama astun hori.

Proposamena erabat diskriminatzailea da birziklatze lanak modu eredugarrian egiten dituzten herrientzat, eta eragotzi egiten du de facto aurrera egitea ekonomia zirkularreko eta errauskailurik gabeko eredu jasangarrietan.

Erabateko astakeria da, bidegabea, lotsagarria eta oso kaltegarria. Etikoki eta demokratikoki erabat salagarria da.

Hondakinen gaia udalen eskumenekoa izanik, zer egin dezake udal bakoitzak zorpetze hori eragozteko?

Zorpetze hori eragozteko modu zuzena da errauskailuaren proiektua bertan behera uztea, dagoeneko hainbat aldiz errepikatu diren arrazoiengatik: osasunari, ingurumenari eta ekonomiari kalte egiten diolako, beharrezkoa ez delako, eta etorkizuna erabat hipotekatzen duelako.

Zure galderak udalak aipatzen ditu bereziki, eta esan behar da udalok gure eskumenaren parte bat mankomunitateen esku utzita daukagula, eta haien bidez Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren eskuetan. Udalok eska dezakegu, noski, mankomunitateetatik ateratzea eta, hala, zeharka baita kontsortziotik ere.

Kontua da, ordea, prozesu hori konplexua dela: aztertu behar da nolako baldintza juridiko eta ekonomikoetan gertatzen den, eta ondo diseinatu behar da proposamen tekniko alternatiboa.

GHKtik ateratzea planteatu duzue?

Usurbilen kasuan San Marko Mankomunitatetik aterako ginateke, eta horrek berez ekarriko luke GHKtik ateratzea. Behartutako egoera honetan hau ere aztertuko dugun aukera da. Iruditzen zaigu usurbildarrei zor diegula azterketa hori, eta herritarrekin arduraz eta begirunez jokatzeak ezinbestez eskatzen duela hori.

Usurbilek %83tik gora birziklatzen du, poligono industrialak eta kale-garbiketa barne hartuta. Nolatan ez dugu ba aukera hori aztertuko?

"Bistan da gai honek buruhauste handia eragin duela udaletan. (...)  Bilketa selektiboan hain emaitza onak ez dituztenek ere, etorkizuna hipotekatu nahi ez dutenez, kezkatuta daudela azaldu dute"

Gure nahia da ekonomia zirkularraren bidean sakontzea, errauskailurik gabeko tratamendu ekonomiko eta ekologikoa eginez. Eta iruditzen zaigu eskubide osoa daukagula bide hori egin ahal izateko, horretarako prest dauden herriekin eta mankomunitateekin elkarlanean.

Hain zuzen ere, esandako arrazoiengatik, proposamen bat egingo diogu udalbatzari, azterketa sozial, juridiko, ekonomiko eta tekniko sakonak egin ditzagun, eta horretarako batzorde bat eratuko dugu. Lan horiek egindakoan, baloratuko dugu zein den biderik egokiena, eta horren defentsa egingo dugu.

Errauskailuaren kontra dauden udalen artean horren inguruan erabaki kolektibo bat hartzeko aukerarik ikusten duzu?

Bistan da gai honek buruhauste handia eragin duela udaletan. Bereziki birziklatze tasa altuak dituzten udalak kezkatuta daude, eta gaia aztertzen ari dira. Baina, kezka hori orokorra da, eta oraingoz bilketa selektiboan hain emaitza onak ez dituztenek ere, etorkizuna hipotekatu nahi ez dutenez, kezkatuta daudela azaldu dute. Gu prest gaude elkarrekin aritzeko.

Urriaren 2an errauskailuari buruzko galdeketa egingo du herri-plataformak. Gobernuak ukatu egin dio izaera ofiziala. Zertan lagundu dezake Udalak?

Arrazoi duzu, Espainiako Gobernuak ukatu egin zion Usurbilgo Udalari galdeketa hori antolatzeko baimena. Argudiatu zen gaiak gainditu egiten duela udal esparrua, nahiz eta galderaren formulazioan garbi azaltzen genuen Usurbilgo hondakinez ari ginela. Ezezko horren aurrean, herri-plataformaren esku utzi genuen gaia, eta herritarrek erabaki dute aurrera egitea eta galdeketa antolatzea.

Guretzat oso garrantzitsua da herri-borondatearen berri jasotzea, eta txalotzekoa iruditzen zaigu herritarren ekimena.

Hori bai, udalak debekua jaso duenez, ez du parte hartuko galdeketaren antolaketan. Baina oso aintzat hartuko dugu emaitza, herritarren hitza agindu zehatza delako guretzat.

Herri mugimenduak martxan daude aspaldion errauskailuaren kontra. Zein da udalen funtzioa eta ardura borroka horretan? Zer tresna dituzte eskura eta erabiltzen ari al dira ahalik eta gehien?

Horrelako dinamiketan bakoitzak jakin behar du zein den bere tokia, eta tentu handiz zaindu behar da besteen espazioa. Harremanak bai, baina interferentziarik ez. Udalon ardura plano instituzionalean kokatzen da, administrazioa gara eta administrazioaren baldintzapean ari gara lanean. Arduraz jokatzea egokitzen zaigu, eta herritar guztien eskubideak eta interesak zaintzea.

Zaila da jakiten ea gure esku dagoen guztia egiten ari garen. Zinez uste dut Usurbilgo Udala buru-belarri inplikatu dela gai honetan, eta aurreko bi legealdietan gaitasun handia erakutsi duela proposamen serioak eta eraginkorrak martxan jartzeko. Ea oraingo honetan ere lortzen dugun aurrera egitea. Uste dut oraindik zer eskaini asko daukagula. Konfiantza handia daukat usurbildarrengan, eta udalaren eta herritarren arteko elkarlanean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako erraustegia
Jaurlaritzak ez zuen Zubietatik Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioaren berri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


2023-11-17 | Irutxuloko Hitza
GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiaren ikuskaritza bat eskatu du batzar nagusietan

GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiarekiko duten jarrera ukatzailea aurpegiratu zieten foru agintariei asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. GuraSOSen bozeramaile eta abokatu Joseba Belaustegik azaldu zuenez, egungo arazoen aurrean beste alde... [+]


Jose Ignacio Asensio ikerketapean dago, ingurumenaren aurkako ustezko delitu batengatik

Ingurumenaren aurkako ustezko delitu bat egin ote duen eta dokumentuak faltsutu dituen ala ez ikertzeko eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak, GuraSOS elkarteak jakinarazi duenez.


Sutea piztu da berriz Zubietako erraustegian

Donostiako suhiltzaileek jakinarazi dutenez, erraustegiko biolehortze-plantan gertatu da ezbeharra.


Eguneraketa berriak daude