Erdoganek berea egin du: AKPk gehiengo osoa berreskuratu du Turkian

  • Ezusteko garaipena lortu du Justizia eta Garapena alderdiak. Herrialdeak bizi duen egoera nahasia baliatuz Turkiako presidentearen alderdiak ekainean galdutako botoak berreskuratzea lortu du. Emaitzak jakin bezain laster istiluak piztu dira Ipar Kurdistanen.

AKP alderdiaren garaipenak aukera eskainiko dio Erdogani botere gehiago pilatzeko.

2015eko azaroaren 02an - 12:44

Ekaineko hauteskundeetan AKP-k galdu egin zuen 2002tik zuen gehiengo osoa. Ez zuten gobernurik osatzerik izan eta horregatik bigarren hauteskundeak egin dituzte orain.  AKP alderdiak botoen %49,4 eta 312 eserleku lortu ditu. Oposizioko alderdi nagusiak, CHPk %25 eta 134 eserleku, MHP eskuin muturreko alderdiak %11,9 eta 41 eserleku eta HDP alderdi kurduak %10,5 eta 59 eserleku. Parte hartzea %86koa izan da.

MHP eta HDP alderdiek botoak galdu dituzte AKPren mesedetan. Herrialdeari “egonkortasuna” ekar diezaioken alderdia dela aldarrikatuz, AKP-k aurreko legegintzaldian zuen gehiengoa berreskuratu du. Izan ere, Turkiako egoerak okerrera egin du azken hilabeteetan Siriako gerra, ezkerreko eta kurduen manifestazioen aurkako atentatuak, eta PKKrekin hasitako gatazka medio.

Uztailaren 20an Kurdistango Suruc hirian 30 pertsona eta urriaren 11an Ankaran beste 102 pertsona hil zituzten bi atentatutan. 2012an Turkiako Gobernuak  eta PKK-k abiatutako bake prozesua ere bertan behera geratu zen Suruceko atentatuaren ostean. Ordutik hona gatazka areagotu egin da Ipar Kurdistanen eta askok 90eko hamarkadako egoerarekin alderatu dute. Sirian ere esku hartzea erabaki zuen Turkiak Estatu Islamikoaren aurka, nahiz eta bonbardaketa gehienek PKK izan duten helburu.

Errefuxiatuen krisiak ere zeresana izan du hauteskundeetan. Europarako sarbide nagusia da Turkia, eta une honetan 2,2 milioi errefuxiatu daude bertan. Aurreko Igandean Merkelek bere babesa eskaini zion Erdogani, eta Turkia Europar Batasunean sartzeko prozesua erraztuko zuela adierazi zuen.

Presidenteari boterea emateko apustua

Erdoganen helburua da konstituzioa aldatzea sistema presidentzial bat ezarri eta presidenteari botere gehiago emateko, AEBen eta Errusiaren antzera. Hori dela eta, ekaineko hauteskundeetan AKPk koalizio bat osatzea oztopatu zuen presidenteak bigarren itzulian gehiengoa berreskuratzeko esperantzarekin. Oraingoan gehiengoa eskuratu badu ere, HDP parlamentuan egoteak eragotzi egingo dio AKP-ri konstituzioa aldatzea –367 boto behar ditu konstituzioa zuzenean aldatzeko eta 330 erreferenduma deitzeko–. Hala ere, gehiengoak Parlamentuan bere eragina zabaltzeko aukera eskainiko dio Erdogani.

Istiluak Ipar Kurdistanen

Diyarbakirren istiluak izan dira hauteskundeen emaitzen berri eman ostean. Polizia AKPren garaipenaren aurka protestan ari zirenei oldartu zaie. Zenbait probintzietan botoa emateko arazoak izan dituztela salatu dute, eta handia izan da Ipar Kurdistanen militarren presentzia. Hauteskundeen aurretik HDPko buru Selahattin Demirtasek alderdia Parlamentutik kanpo uzteko Gobernuak abiatutako kanpaina salatu zuen.

Kurduez gain, oposizioko hedabideen aurka ere egin du Gobernuak hauteskundeen atarian. Eguaztenean, poliziak Fetullah Gulen lider erlijiosoaren bi hedabide itxi zituen, eta AKPrekin kritikoak diren hainbat kazetari ere kaleratu dituzte azken hilabeteetan.

Adituen aburuz, hauteskunde hauek ez dute lasaitasunik eramango Turkiara eta Erdoganek AKPren garaipena botere gehiago pilatzeko baliatzen badu herrialdeak bizi duen zatiketa areagotu daiteke.  Ezinbesteko ikusten dute AKPk oposizioarekin koalizioa osatzea herrialdearen polarizazioa ekiditeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kurdistan
2024-03-24 | Aitor Aspuru Saez
Ibrahim Bilmez
"Öcalanen aurkako sistema garatu du Turkiak Imraliko espetxean eta beste preso politikoen aurka baliatu du"

Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.


2024-02-15 | El Salto-Hordago
Ocalan, 25 urte preso eta erabat isolaturik, Espainia eta Europar Batasunaren oniritziarekin

1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]


2024-02-04 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


Urtzi Urrutikoetxea
"Ohorezko krimenen ondorioz eraildako emakumeen hilkutxak emakumeek eurek eramateak sekulako eragina izan du Kurdistanen"

Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]


Eguneraketa berriak daude