Erbetegi dorretxea balizko arkeologia gune bezala babestu zuen Jaurlaritzak

  • Donostiako XV. mendeko eraikina Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen katalogoan ageri da. Adifek behera bota nahi du AHT egiteko, baina aurretik ikerketa eta txosten arkeologikoa behar ditu halako gune batek.


2020ko martxoaren 05an - 10:56
Donostiako eraikin zibil zaharrenetakoa da Erbetegi, Ancora elkarteak ziurtatu duenez (ar: Eusko Jaularitza - Ondarea)

AHTk hiriburuetako ateak parez pare irekita zituela uste zenean, harri txintxar bat topatu du bidean, Donostiako sarreran. Okendotegi pasealekuan dagoen Erbetegi etxeko bizilagunak desjabetu eta eraikina botatzeko zorian da Adif trenbide administratzailea, baina Áncora elkarteak ohartarazi du dorretxea balio historiko handikoa dela eta babesteko eskatu du.

Eraikina aspaldi babestu zen ordea. Eusko Jaurlaritzak 1997an katalogatu zuen Balizko Arkeologia Gune bezala, Donostiako beste hainbat eraikinekin batera. Baina Erbetegi beharrean “Maspero baserria” izena jarri zioten –Kultur Ondarearen webguneko fitxetan ere izen horrekin ageri da dorretxea–.

Hainbat familia bizi da dorretxean.

ARGIAk hainbat historialarirekin hitz egin du eta akats baten aurrean geundekeela ondorioztatu dute, ez baitago toponimia horrekin beste tokirik. Hala, dorretxea “Maspero” izenarekin tramitatu izan da babesa ematen dioten dokumentuetan, tartean Donostiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean. Are gehiago, Euskal Y azpiegituraz Jaurlaritzak 2012an argitaraturiko gida-liburuak dio eraikinak “goi mailako babesa” duela, Ergobiko zubia, Olatxo Burdinola eta Donejakue bidearekin batera. Harrigarriro, Donostiako Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezian jadanik ez da aipatzen.

Ikerketa “ofiziala”

Balizko Arkeologia Guneak 1996ko dekretu baten bidez daude araututa, eta honen arabera “izendatutako elementuan eragina izan dezakeen” obrari lotuta ikerketa arkeologikoa aurkeztu behar da, esparrua ebaluatu eta Foru Aldundiak erabaki dezan proiektu arkeologikoa egin ala ez.  Joan den urtean onartu zen Euskal Kultura Ondarearen legeak, bere aldetik, zehazten du horren arabera emango duela Aldundiak obra-lizentziarako baimena. Nolanahi ere, ingurumen inpaktuaren-ebaluazioak ere Eusko Jaurlaritzaren txostena jaso behar luke, “nahitaezkoa eta loteslea”.

Okendotegiko bizilagunek ez dute honen berririk izan orain arte, baina hedabide honi azaldu diote ikerketa arkeologikoa egn behar izanez gero, foru teknikariek "ofizialki" egin beharko luketela beren ustez. Informazio falta sarritan salatu dute –desjabetuak izango zirela ere egunkarien bidez jakin zuten– eta denbora gutxiren buruan kale-gorrian geratu daitezkeela, indemnizazio “irrigarriak” jasoko dituztelako.

AHTren korapiloaren erdian

Adifek 2018ko urrian iragarri zuen Estatuko Aldizkari Ofizialean “derrigorrezko desjabetzea”, 1954ko lege bat erabilita. AHTren Hernani-Astigarraga zatian azken unean egindako aldaketa baten ondorioz botako dute Erbetegi dorretxea, trenak eragindako dardarek bere egitura arriskuan jar dezaketelako antza.

Zati horretako obrak geldirik egon dira denbora luzez. Abiadura handiko plataforma tren arruntera lotzeko zailtasunei egotzi izan die Adifek geldialdia, baina obra kudeatzen ari den Eusko Trenbide Sarearen arabera, desjabetzeekin ere “arazoak” egon dira.

AHTren obrek eta aurretik egindako sahiesbide eta urbanizazio garapenek galbidean jarri dute Donostiako Urumeako erribera (arg: ETS)

Lehen fasea Moyua, Balzola eta Azvik osaturiko aldi-baterako enpresa elkarteak hasi zuen 71, 5 milioi eurotan. Baina arazo horiek tarteko, kontratua ezeztatu eta 2019ko uztailean bigarren fasea esleitu zuen ETSk, kasu honetan Sacyr, Mariezkurrena eta Zubieder enpresei. 2023an obrak amaituta izan behar dituzte –hain justu agintariek Euskal Y-a prest egongo dela hitz eman duten urtean– eta epe estu horretan edozein oztopo buruhauste handia izan daiteke sustatzaileentzat.

Desjabetze-gutunaren zain

Hondeamakinak abiadura bizian doaz eta Erbetegi etxearen atarira iritsi dira jadanik. “Hasieran eraisketa azarorako zegoen aurreikusita, baina obrako langileei entzun diegu apirilean izan daitekeela, ez dakigu”, azaldu du Okendotegiko auzotar batzuen bozeramaile Garikoitz Arrese-Igorrek. Behin betiko desjabetze-gutunaren zain daude hilabete baino lehen etxea uzteko, eta bitartean sinadura bilketari ekin diote.

Urumeako erriberan saihesbide, etxebizitza eta trenbideek irentsi dituzte soro eta baserriak, edo ito dituzte hormigoizko hesi artean, Olatxo baserriarekin egin bezala. Erbetegi bihurtu da Donostiak behinola izan zuen paisaia eta ondare aberats baten azken gotorlekua. Eta bihurtu da herritarrek etxebizitza duina izateko duten eskubidearen aldeko azken lubakia. Azken harri txintxarra AHTrentzat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ondare arkitektonikoa
Mizerinok eztabaida piztu du

Mostafa Waziri Egiptoko Antzinaroko Kontseilu Goreneko idazkari nagusiak Mizerinoren piramidea zaharberritzeko proiektu erraldoia aurkeztu du berriki: Gizako piramiderik txikiena granitozko blokez estaliko dute, jatorrizko itxura berreskuratu dezan. Wazirik proiektua gogo biziz... [+]


2023-12-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Baserriak

Berriki Donostiako Arkitektura Eskolan agerkunde arkitektoniko bat izan dugu. Tesi doktoral baten markoan eta Ibon Telleria arkitektoaren eskutik, euskal baserriaren inguruko ezagutzaren aldaera bat azaldu da. Ekarpenak dio, lagar ereduaren baserrien hasierako eraikuntza 1450... [+]


2023-05-07 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Hondarribiko baserria

Baserri ingurunea dramen gertakari izan da berrietan, eskopeta eta hondeatzailea bitartekari. Notizietako baten arabera, Moskenea zuen izena, eta akabatua izan da. Bere haragia harri eta egurrezkoa bazen ere, bere desagerpenak inpaktua sortu eta tristura ekarri du. Hondarribiko... [+]


Serorak
Herri ondarearen zaindariak, elizako agintarien jomugan

Herrietako elizen zaintzaz arduratzen ziren emakumeak ziren serorak eta Euskal Herri osoan ezagunak izan ziren, Erdi Arotik XX. mendera arte. Baina bete zuten funtzioa ez zen berdina izan lurralde guztietan, ezta garai guztietan ere. Emakume haiek publikoki nabarmentzen ziren... [+]


400 urteko baserria bota dute Hondarribian, txalet bat egiteko

Hondarribiko Zimizarga auzoan zegoen Moxkanea izeneko baserria bota dute egunotan hondeamakinek. Baserriaren lehen aipamenak  1663. urtekoak dira eta garai hartan Bidasoa bailaran eta Lapurdin hedatu zen tipologia arkitektonikoa mantentzen zuen. Udalak gertatutakoa... [+]


Eguneraketa berriak daude