"Erakundeek Martxoaren 3ko memorialetik kanpo utzi gaituzte aurkezpenean, baina ez dugu onartuko"

  • 2018an Memoria Gara ekimena aurkeztu zen Gasteizen, Martxoaren 3ko sarraskiaren lekuko izan zen San Frantzisko eliza memoriarako gune bilakatzea helburu. Bi urte luzetan aldarrikapena jendarteratu eta edukiz bete dute hainbat jardueren bitartez, eta lan eskerga horren fruitua izan zen 2020ko abenduan aurkeztutako proiektua. Iragan astean Eusko Jaurlaritzak, Arabako Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Gasteizko Elizbarrutiak prentsaurrekoa eman zuten, Zaramagako eliza “Biktimen Oroimenezko zentroa” bilakatzeko akordioa iragarriz. Memoria Garak komunikabideen bidez izan zuen akordioaren berri.


2021eko otsailaren 25an - 01:13
Argazkia: Nerea Martínez Aranburuzabala

2018ko irailean hasi zineten Memoria Gara ekimena lantzen, zein helbururekin?

Hainbat elkarte, norbanako eta gizarte eragile batu ginen aldarrikapen beraren inguruan: Zaramaga auzoko San Frantzisko eliza memoria-gune bilakatzea, giza eskubideak eta memoria landuko zituena. Martxoak 3 elkartearen aspaldiko nahia zen hori. Ez soilik biktimak omentzeko, baita ere borroka hari duen garrantzia aitortzeko, eta gaurko egunera ekarriz jarraipena emateko.

Zer lan egin duzue ekimenetik bi urte eta erdi hauetan?

Batetik, gure aldarrikapena jendarteratzeko hainbat jarduera egin ditugu, gasteiztarren babesa eskuratu nahian. Jardunaldiak, hitzaldiak, prentsaurrekoak, aurkezpenak... Bestetik, atxikimendu sinadurak jaso ditugu web orri batetan.

Iragan astean, otsailaren 18an, prentsaurrekoa eman zuten Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Juan Carlos Elizalde Gasteizko Elizbarrutiko gotzainak. Iragarri zuten elizan "Biktimen Oroimenezko zentroa" sortzeko akordioa lortu dutela erakunde horiek denek. Horren berri komunikabideen bidez izan duzuela kritikatu duzue.

Urtarrilaren 29an, erakunde guztiekin batera egin dugun bilera bakarra izan genuen. Telematikoa izan zen, eta presente egon ziren Memoria Garako hiru kideei adierazi zieten lehen eskuko informazioa jasoko genuela edozein aurrerapen egonez gero. Harritu gaitu hurrengo berria komunikabideen bidez jasotzea [akordioa El Correo egunkariak filtratu zuen otsailaren 17an, eta hurrengo egunean eman zuten prentsaurrekoa erakundeetako ordezkariek]. Prentsaurrekoaren ondoren bai deitu zigutela, esateko protokolo bat sinatuko dutela, baina bestelako daturik eman gabe. Ez dakigu zer den haiek planifikatuta dutena.

"Gakoak dira memorialak zer eduki izango duen, eta nola kudeatuko den"

Larunbatean prentsaurrekoa eman zenuten Memoria Garako kideek, kritika horiek guztiak publikoki zuzendu zenizkieten erakundeei, baina poza ere adierazi zenuten aldi berean. Zeintzuk dira pozerako elementuak?

Poztu behar gara lortu dugulako ezinezkoa zela esaten zigutena. Esaten ziguten elizan ezin zela memoria gunea egin. Beste kokapen batzuk eskaintzen zizkiguten, baina guk genioen bertan izan behar zuela. Herri oso batek egindako lanari esker lortu dugu, 45 urtez gertatutakoa ez dugula ahaztu behar esaten egon ostean, eta berezik bi urte eta erdi hauetan egindako lanari esker. Hori da poza.

San Frantzisko elizan bertan aurkeztu zuten akordioa lau erakundeetako ordezkariek. Argazkia: Arabako Aldundia.

Orain, gakoak dira memorialak zer eduki izango duen, eta nola kudeatuko den. Ezin dugu onartu edonolako memoria gunea egitea, ez edonolako kudeaketa eredua. Herri eragileak, Memoria Gara, Martxoak 3 elkartea... prozesuan lanean aritu garen guztiok hartu behar dugu parte bi gauza horien inguruko erabakietan. Erakundeek memorialetik kanpo utzi gaituzte aurkezpenean, baina ez dugu onartuko. Uste dut inork ez duela pentsatzen Martxoak 3aren inguruko memorial bat egin daitekeenik Martxoak 3ko memoria kontutan izan gabe.

Erakunde publikoek eta erlijiosoek memoria edukiz husteko arriskua ikusten duzue?

Instituzioentzat beti izango da erosoagoa eraikin huts eta aseptiko bat. Baina guk ez dugu hori nahi. Nahi duguna da ez soilik omentzea borroka hartan egon zirenak, baizik eta borroka hura gaurko egunera ekartzea. Zer dakar horrek? Dakar kritika egitea ez bakarrik 1976an gertatutakoari, baizik eta ordutik hona gertatu denari, baita egun gertatzen ari denari ere. 1976an justizia soziala aldarrikatzen eta prekarietatea salatzen baziren, kontutan hartzen badugu gaur egun ze egoeran gauden, eta orain erabakiak hartzen dituztenak egungo agintariak direla... Bada, beraientzat ez da erosoa izango memoriaren argazki osoa egitea, baina guk hori behar dugu.

Duela urtebete jardunaldi batzuk egin genituen memorialaren oinarriez eztabaidatzeko. Herritarren iritziak jaso genituen Errekaleorren, Zaramagan eta Alde Zaharrean egindako tailer irekietan, eta baita 15 adituren ekarpenak ere. Horrez gain elkarrizketak egin zaizkie Martxoak 3a bizi izan zuten pertsonen Hezur Haragitan elkarteko hainbat kideri. Ondorioak proiektu batean jaso ditugu, eta proiektu hori erakundeei eman genien urtarrilaren 29ko bilera hartan, memorialaren oinarria hori izatea proposatuz.

Eta nola adostu edo negoziatuko dira oinarri horiek? Iragan asteko prentsaurrekoen ordezkari politiko eta erlijiosoek iragarri zuten fundazio bat sortuko dutela memoriala eraikitzeko. Memoria Garak parte hartuko du fundazioan?

Oraindik ez dugu hitz egin, ez gara haiekin bildu aurkeztu zutenetik. Baina gure dokumentuan diogu herri eragileak, sindikatuak, auzo elkarteak, Memoria Garak... erabakietan parte hartu behar dugula.

"Instituzioentzat beti izango da erosoagoa eraikin huts eta aseptiko bat. Baina guk ez dugu hori nahi"

Une honetan mahai gainean dagoen proiektu bakarra da Memoria Garak aurkeztutakoa. Jaso duzue inongo erantzunik edo iritzirik erakundeen aldetik?

Orain arte ez. Baina nik uste dut zilegitasun osoa duela kontutan hartuta nortzuekin eta nola egin den. Dokumentuari kasurik ez egitea akats handia izango litzateke.

Eta laster Martxoak 3 berri bat. 45 urte bete dira aurten 1976ko Gasteizko Grebak piztu zirenetik. Nola enfokatuko duzue aurtengo urteurrena Martxoak 3 elkartetik?

Batetik, memorialaren erronkak jarriko ditugu mahai gainean, aldarrikatuz gure parte hartzea eta Gasteizko herritarrena ezinbestekoa dela. Bestetik, salatuko dugu Espainiako Estatuan zein Euskal Herrian bigarren mailako biktima izaten jarraitzen dugula. Horri aurre egiteko Memoria Osoa ekimena jaio da Euskal Herriko hainbat eragileren arteko elkarlanean, eta Martxoak 3 elkartea horren partaide da. Ekimen horrek aldarrikatzen du bizikidetzaren alde memoria osoa behar dugula, biktimen mailakatzerik gabekoa. Terrorismoaren biktimak denak gara, gure kasuan estatu terrorismoarena, eta giza eskubideen urraketa beragatik tratu bera jaso beharko genuke. Eta guztiek dugu eskubide berbera egia, aitortza eta ez errepikatzeko bermea izateko. Esan dugu, esaterako, inposatu diguten terrorismoaren biktimen memoriala, Gasteizko erdigunean eraikiko dutena, guztiz baztertzailea dela, Euskal Herriko biktima asko kanpoan uzten dituela eta hori onartezina dela. Hirugarrenik, gogoratuko dugu 45 urte eta gero justizia aldarrikatzen jarraitzen dugula. Servini epaile argentinarrak deklarazioa hartu zion Martín Villari, espero dugu ondoren inputatua izango dela, baina ikusiko dugu zer gertatzen den. Orain arte inpunitateak bere horretan dirau. Azkenik, aipamen berezia egingo diogu orain gutxi zendu den Jesús Navesi, oso esanguratsua izan zelako bere partaidetza 76ko grebetan eta ondoren ere. Manifestazioa amaitzean omenaldi txikitxoa egingo diogu.

Memoria Gara ekimenaren prentsaurrekoa, Nerea Martínez hizketan dela.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1976ko martxoaren 3a
Erkoreka: Tolosako gaztea “istiluetan parte hartzen ari zen”, eta Gasteizko polizia “ondo infiltratuta zegoen”

Segurtasun sailburuak adierazpenak egin ditu astearteko gobernu bilera ostean. Xuhar 16 urteko gaztea bera egin du inauteritan jasotako lesio larrien erantzule, eta Ertzaintzak Martxoak 3ko manifestazioan poliziak infiltratu zituela onartu du, “polizia demokratiko”... [+]


2024-03-05 | Leire Artola Arin
Ertzaintzari erantzukizunak eskatu dizkiote eragile sozial eta politikoek, Martxoak 3ko erasoengatik

Asteazkenerako agerraldi masiboa deitu dute Gasteizko Martxoak 3 plazan, “errepresiorik gabeko Martxoak 3 herrikoiaren alde”. Aske antolakundeak astelehenean egin du protesta, eta atxilotuei elkartasuna adierazi die. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek azalpenak... [+]


Ertzaintzak agente bat infiltratu zuen Martxoaren 3ko manifestazioan, baita lankideek jipoitu ere

Ertzaintzak bere agente bat infiltratu zuen Gasteizko Martxoaren 3ko manifestazioetan, Segurtasun Saileko iturri batek eldiario.es hedabideari baieztatu dionez. Lankideek beraiek jipoitu zuten manifestazioan izan ziren karga eta istiluetan.

 


Martxoaren 3a oroitu du jendetzak Gasteizen, eta Polizia manifestazioaren aurka oldartu da

Milaka herritar batu dira igande eguerdiko manifestazioan. Polizia manifestarien aurka oldartu da Bakea kalean, Corte Inglés parean, eta manifestazioa zatitu du. Bost lagun atxilotu ditu Ertzaintzak eta hainbat zauritu, tartean adineko emakume bat ahoan, foam jaurtigailu... [+]


“Orduko eta oraingo” borroka aldarrikatuko dute Martxoak 3ko sarraskiaren 48. urtemugan

Igandean egingo da manifestazio nagusia, ESK, LAB, ELA eta Steilas sindikatuek eta Martxoak 3 elkarteak deituta. Palestinari aipamen berezia egin diote lau sindikatuek. Egun berean zein aurrekoetan deialdi eta ekimen gehiago antolatu dituzte hainbat eragilek.


Eguneraketa berriak daude