Emostiu festibal autogestionatua: emozioz betetako asteburua

  • My Heart Your Mouth (MHYM) kolektibo autogestionatuak Bartzelonako Casal de Joves Can Ricart espazioan antolatutako Emostiu jaialdian emozioz betetako bi egun bizi izan dira. Aurtengo edizioan, hamalau hardcore-emo-punk talderen kontzertuak gozatu dira, etxeak duen barneko patioan eta kontzertu gelan.

cuandoelmarpierdelasconchas. Argazkia: @ofdvst

2023ko uztailaren 28an - 09:14
Azken eguneraketa: 2023-08-09 12:47:54

Autogestioaren eta Zuk-Zeuk-Egin filosofiaren (DIY) aldarrikapena festibalaren eta kolektiboaren erdigunea da; makrofestibalen kontrakoa. Elkarlanaren bidez sortu den jaialdia da. Bi egunetako kontzertuei hasiera hala egin zuten, autogestio kolektiboa aldarrikatuz, eta laguntza eskaini duten autogestio sareko beste kolektiboei eskerrak eman, hala nola Granadako Los Almendros edo Malagako CSA Las Vegas kolektiboei.

Ostiralean emoviolence eta screamo kontzertuek garrasi eta zarata katartikoak ekarri zituzten. 19:30ak aldera hasiera eman zioten festibalari, barneko patioan, Ordara emoviolence talde donostiarrak ekarri zituen indar handiko kantu motz eta intentsoekin; hurrengo bi taldeak Granadakoak izan ziren, cuandoelmarpierdelasconchas eta Ramper. Lehenengoak indar handiko zuzenekoa eskaini zuten, momentu izugarriak utzita; eta bigarrenak kanta luze eta malenkoniatsuen bidez giro berezia sortu zuen.

Ordara. Argazkia: Marc Girons.

Hurrengo hirurak kontzertu gelan egin zituzten; Amalia Bloom-ek, Italiako Vicenza hiritik etorritako hardcore emozional taldeak, eman zion hasiera lehenengo egunaren bigarren zatiari; hurrengoa Drei Affen Kantabriako DIY emoviolence hirukotea izan zen, zeinak energia, garrasi eta distortsioz bete zuen gela; Milaneko Øjne taldeak itxi zuen eguna, 2011tik daramatenak oihu latzez betetako kantak jotzen.

Larunbatean, emofira artisautza eta autoedizio azokarekin ireki zuten eguna. Hainbat artistak erakutsi eta saldu zituzten haien lanak. Denetarik ikusten zen: ilustrazioak, fanzineak, arropak, autoeditatutako diskoak… Azokarekin batera, Hot Fridge bideojokoaren lehiaketa txikia antolatu zuten.

garbí. Argazkia: Marc Girons.

Bigarren eguna garrasi gutxiagokoa izan zen, baina indar eta intentsitate berekoa. Barneko patioan, Valentziako garbí taldearen doinu suabe eta arinekin hasi zen publikoa dantzan. Hurrengo hirurak madriletik etorri ziren: Carantoña bikoteak duela astebete atera zuten Entraña EPa zuzenean lehenengoz jo zuen, indar handiz publikoarekin batera kantatuta; Meeky taldearen Bartzelonako lehen kontzertua izan zen, aurten atera duten Experiencia Miguel diska aurkezten, doinu gogoraerraz eta garbiekin; eta barneko patioko azken kontzertua Nogatok eman zuen, kanta azkar eta politekin.

Azkeneko lau kontzertuak barruan jo ziren. Boys Kissing Boys Sants-Iruñako midwest emo bikotearekin hasi ziren, energia beteko zuzenekoan Un Tropiezo EP berria aurkeztu zuten, eta publiko guztia animatu zuten; Valentziako Bernal izan ziren hurrengoak, eguneroko bizitzaren inguruko emozioz eta sentimenduz betetako kantekin; Donostiako Comic Sans midwest emo taldea izan ziren hirugarrenak, indarrez betetako kontzertua ematen; eta bukatzeko, Madrileko Monteperdido emo-power pop taldea, aurten Daño Fisico LPa atera duena, handitasunez itxi zuten jaialdia.

Bernal. Argazkia: Marc Girons.

Musikaz, emozioz eta izerdiz betetako asteburu ederra igandean goizeko 2:00etan bukatu zen. Asteburu osoan nabaritu zen musikarekiko maitasuna eta kontzertuak disfrutatzeko gogoak, ohiko makrofestibalen kontrako giroarekin, askoz gertuagokoa, bai publikoarekiko, bai taldeekiko, bai antolatzaileekiko. Maitasunez egindako jaialdia dela nabaritzen da, eta oraindik kontsumo-eredu ohikoetatik kanpo alternatiba ederrak badaudela erakusten du.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude