Emakumeen itxuraren gaineko presioan jarriko du fokua Emakundek martxoaren 8 honetan

  • Emakumeek pairatzen duten edertasun-kanon zorrotza, hipersexualizazioa, gorputzen nahitaezko 'perfekzioa' edota gorputzen merkantilismoa bistaratu eta salatu nahi ditu kanpainak, besteak beste. Salaketa egitera mugatu ordez, itxaropen mezua ere hedatu nahi du Emakundek.

Argazkia: Emakunde

2022ko martxoaren 1ean - 11:38
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Emakume Langilearen Nazioarteko Egunerako astebete falta dela, egun horri begira landutako kanpaina aurkeztu du Emakundek. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburu Beatriz Artolazabalek eta Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak eman dute ezagutzera kanpaina astelehenean egindako agerraldian. Azaldutakoaren arabera, "neskek, eta emakumeek oro har, euren gorputzen eta itxura fisikoaren gainean jasaten duten gehiegizko presioan" jarri dute aurten fokua, bistaratu asmoz "edertasun-kanon zorrotza", " hipersexualizazioa", "gorputzen nahitaezko 'perfekzioa'" edota "gorputzen merkantilismoa".

Kanpaina arrazoitu dute Artolazabalek eta Landaidak. Lehenaren arabera, emakumeek jasaten duten presio estetikoak horien bizitza eta askatasuna mugatzen ditu, eta sare sozialen bidez presio hori areagotu egin da, emakumeen gorputzen gero eta esplotazio mediatiko handiagoaren ondorioz. Landaidak, bere aldetik, emakumeen kosifikazioa eta sexualizazioa hartu ditu ahotan, berdintasun ezaren eragile gisa. Bi fenomeno horiek, bere hitzetan, "emakumeak gizaki bezala ikustetik urruntzen" dituzte, emakumeekiko enpatia eta emakumeen balioa murriztea baitakarte. Eta horrek, seinalatu duen bezala, lotura zuzena du emakumeen aurkako indarkeriazko jarrerekin. Emakume eta neskatoak gorputz hutsetara murriztea saihestu beharra azpimarratu du Landaidak, hala egitea elikadura nahasmenduen eragile izan daitekeela iritzirik.

Kanpainak, salaketa hutsean geratzetik urruti, itxaropen mezua ere helarazi nahi duela azpimarratu dute. Alde batetik gizartea interpelatu nahi du, emakumeenganako presio estetikoaren kalteez kontziente bilakatu dadin; eta bestetik, gauzak aldatzeko eta "datozen belaunaldiei etorkizun hobea eskaintzeko" garaiz gabiltzala ulertarazi nahi du. Horrez gain, neska gazteei ere bidali nahi die mezua: berez duten balioaz ohartarazi nahi ditu, itxura fisikoa alde batera.

Lau neskato ditu protagonistatzat kanpainak, eta egunero jasotzen dituzten presio estetikoz jositako mezuen bonbardaketaren aurrean, beren buruari galdera bat egiten diote: "Benetan? Hau da guretzat nahi duzuena?". Galdera horren atzetik plazaratzen du kanpainak bere lelo nagusia: "Garaiz gaude neskatoei beste etorkizun bat eskaintzeko, haien gorputz eta itxuraren gaineko presiorik gabe". Martxoaren 15era arteko ibilbidea izango du kanpainak, eta presentzia izango du hedabideetan, ikastetxeetan, osasun zentroetan zein enpresetan.  

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Martxoak 8
2025eko martxoaren 12
M8

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!