"Emakume langileon bizitza esfera guztietan dago zapalduta"

  • Itaia Emakume Sozialisten antolakundeak egun osoko jardunaldia egingo du ekainaren 4an Hernanin. Hiru hitzaldi eta kontzertuak izango dira Latxunbeko kirol gunean jarriko duten karpan eta denak ez direla bertan kabituko aurreikusiz, hitzaldiak pantaila bidez jarraitzeko aukera egokituko dute Elizatxo eskolako patioan. Itaiako kidea den Maitane Urkola elkarrizketatu dugu.


2022ko maiatzaren 31n - 07:38

Hiru hitzaldi antolatu dituzue. Lehenak “Emakumeen zapalkuntza” aztertuko du eta bigarrenak “emakume langileon egoera egun”. Zein analisi egiten duzue emakumeek egun bizi duten errealitateaz?

Emakumeon bizitza, beste gainerako gizakiena bezala, gizarte kapitalistak definitzen du eta emakume langileon bizitza esfera guztietan dago zapalduta: soldatapeko lanean subjektu debaluatua da, hau da, normalean gutxiago ordaintzen zaio eta baldintza kaxkarreneko lanak egitea tokatzen zaio, zaintza lanak, garbiketa lanak... Horrez gain, zaintza lanen zama gugan jartzen da eta aurreikusten da are eta zaintza pisu handiagoa jarriko dela gugan, zerbitzu publikoak pribatizatzen ari direlako eta etxeko lan horiek handitu egingo direlako. Horrez gain, forma kulturalago batean ikusita, gizarteak, komunikabideek, plataforma digitalek, emakume langileon irudia sexualizatua edo objektu bihurtua sortzen dute eta horrek ekartzen du emakumea bigarren mailako subjektu bezala sozializatzea edo ikustea. Eta beste eremu bat litzateke indarkeria matxistarena: baliabide instituzional batzuk jartzen dira indarkeria matxistari aurre egiteko baina ez da nahikoa. Horregatik guztiagatik ikusten dugu emakumeon bizitza esfera ezberdinetan (bai material, kultural...) zapaldua dela eta bigarren mailako subjektu bezala definitzen dela gizartean.

Politika edo borroka zehatz batzuk martxan jarri nahi baditugu, garrantzitsu ikusten genituen hitzaldi hauek, lehenik ezagutzeko emakumeen zapalkuntza egun zertan datzan, ikusteko zein problematika borrokatu beharko genituzkeen eta interbentzio politikorako gako teorikoak emateko.

Hirugarren hitzaldiak “emakume frentearen erronkak” eta “emakumeen ahalduntze politikoa” ditu mintzagai. Nola daude uztartuta emakumeen borroka eta langileen borroka?

Ez dira uztartu beharreko bi borroka, ez dira bi borroka forma bereizi. Hala egingo bagenu obrerismoaren logikari erantzungo genioke, hau da, langileon borroka soldatapeko lanetan hobekuntzak irabazteari begira balego bezala, edo emakumeen borroka emakumeok ditugun injustiziei soilik aurre egiteko borroka bezala. Gizarte kapitalistan zein zapalkuntza edo ezaugarri sortzen diren ikusi behar da baina horiei guztiei aurre egiteko, forma bateratu eta integral batean borrokatu behar dugu. Fronte terminoak hori adierazten du: sistema kapitalistak bere osotasunean zapaltzen du, klasetan banaturiko gizartea sortzen du, eta gure ardura da modu integral batean erantzutea, zapalkuntza ezberdinak integratuz, hau da, izan gazte, emakume, ikasle, etorkin zapalkuntza horiek guztiak borrokatu behar ditugu estrategia komun bati erantzunez.

Hirugarren hitzaldian landuko den gai bat da emakume frontearen erronkak eta hor aztertuko ditugu osotasun horren baitan emakume fronteak zer paper bete beharko lukeen, zer funtzio, emakumeok ere gure askapena egikaritu ahal izateko. Landuko den beste puntu bat emakumeen ahalduntze politikoa da, izan ere, ezinbestekoa da emakumea subjektu politiko bihurtzea eta horretarako denok lan egin behar dugu, baina subjektu politiko integral izan behar du: emakumeak ez du auzi femeninoaz bakarrik arduratu behar. Azken joera politikoek, feminismoak eta korronte ezkertiarrek, bakoitza bere auziaz bakarrik arduratzea sustatzen dute. Noski, guri eragiten digun puntu zentrala auzi femininoa bada, beharrezkoa da horrenganako ardura handiagoa izatea, baina auzi femeninoari aurre egin hala izateko estrategia orokorrari erantzun behar diogu eta beraz, emakumeak subjektu politiko integral moduan eratu behar du gizartea bera eraldatzeko, hau da emakumeok politika bere orokortasunean lantzeko gaitasunak garatu behar ditugu eta horretarako beharrezko bitartekoak jarri nahi ditugu martxan.

“Emakume” hitza darabil Itaiak jardunaldi hauek aurkezteko. Zergatik ez duzue “feminismo” hitza erabiltzen?

Ulertzen dugu feminismoa emakumeen askapenerako ideologia edo proposamen politiko zehatza dela, eta guk uste dugu emakumeen askapen erreala gauzatu ahal izateko ez dela proposamen egokia. Guk uste dugu benetan hori lortu ahal izateko komunismoa dela proposamen politikoa. Feminismoaren proposamen politikoak egungo errealitatea bere osotasunean borrokatu beharrean partikularretik edo forma isolatu batetik jardutea eragiten du. Borroka eta zapalkuntza bakoitza bakartzea dakar, forma partzial batean aztertzea. Horren oinarrian dago emakumea barne antagoniarik gabeko subjektu bilakatzea, eta emakumearen baitan dauden klase antagonismoak (burgesia eta langileak) ezkutatzeak dakar emakume boteretsuei mesede egitea eta beraz, estrategia iraultzaile batean txertatu ezean, estatuaren eta kapitalaren logikan integratzea mugimendua bera. Borroka ez bada planteatzen zapalkuntzak betikotzen dituen estatuaren edo kapitalaren kontra, edo ezkutatzen bada existitzen den emakumeen klase antagonismoa, mugimendua interklasista bihurtzen du eta ez da nahikoa emakumearen askapen erreala lortzeko.

Emakumea askatzeko proposamen sozialistak ateratzen direnean feminismoak erretorika obrerista bat edo klase kontzeptua erabili dezake, baina horrek ez du proposamena bera muinean edo oinarrian aldatzen. Emakume proletarioaren egunerokotasuneko auziak mahaigaineratu ditzake baina proposamena bera ez badoa egungo logika orokorra gainditzera, praktika erreformista moduan geratzen dela ikusten dugu, klase ertaineko emakumearen estatus sozial edo ekonomikoa hobetzea lortu badaiteke ere ez da lortzen emakume langilearen errealitatea errotik aldatzea. Nahiz eta feminismoaren baitan emakume langileak mobilizatu eta hauek feminismoaren zati izan, beraien borondate pertsonalak ez du programa politikoa bera iraultzaile egiten.

Komunismoan ezin dira emakumeak zapalduta egon?

Komunismoa klaserik eta zapalkuntzarik gabeko gizarte modura definitzen dugu. Horra begira egin behar dugu lan gaurdanik, egungo zapalkuntzei aurre egiteko borrokak norabide horretan kokatu behar ditugu. Komunismoa ez da egun batetik bestera eskuratuko, egun gizarte matxista batetik abiatzen gara, eta lan handia dugu horri guztiari aurre egiteko. Komunismoan emakumeon zapalkuntza ematen bada ez da komunismoa izango, hori ez delako gizakiaren askatasun oso edo integral bat eskuratzea.

Mugimendu sozialistaren barruan zein leku eduki beharko lukete emakumeek/Itaiak?

Itaiak hiru erronka ditu: batetik, emakume langilearen auzia lantzea. Bestetik, lanketa hori guztia estrategia komunista batean kokatzea, sozialismoaren beharra azaleratzeko pedagogia lana eginez eta gizartean munduaren ikuskera komunista sozializatuz, izan ere, ikusten dugu gure zentzu komunean egun oso txertatuta dagoela logika kapitalista, harremantzeko moduetan matxismoa sartuta dagoen bezala... horri aurre egitea eta bestelako harreman sozialak sortzea da helburua, bestelako mundu ikuskera bat posible dela sozializatzea. Eta hirugarrenik, emakume langilea ahalduntzea, militantzia komunista sustatzea.

Emakumeon auzia ez da soilik emakumeoi eragiten digun auzia. Mugimendu sozialistak bere osotasunean landu eta borrokatu behar duen auzia da emakumearena. Hori horrela, Itaiaren lana da mugimendu sozialistaren agenda politikoan emakumearen problematika eta emakumearen ahalduntzea lehen lerroan jartzea, gakoak eta bitartekoak ematea eta emakumearen askapenera bidean urratsak emateko eta emakumeak militantzian txertatzeko politikak planteatzea, baina mugimendu sozialistaren erantzukizuna da hori guztia ongi egingo dela eta benetan betetzen dela ziurtatzea. Eta jarduteko moduetan, gure espazio mixtoek seguruak izan behar dute, emakumeok konfiantza sentitu behar dugu gure jardunean eta parte hartzen dugun espazioetan eta hori guztia egunerokotasunean egin behar dugu, eta egunerokotasunean konfiantza eta segurtasun hori eskuratzeko politikak martxan jarri behar dira. Mugimendu sozialistan horra begira aurrerapausoak ematen ari gara.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Itaia
Guztiontzat kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak aldarrikatu ditu Itaiak

Zaintza sektoreko langileen baldintza txarrak eta zaintza zerbitzuen kalitatearen okertzea salatu dituzte. Sektore feminizatuetan borrokan diharduten emakume langile asko batu dira mobilizazioetara; Correosek eta beste hainbat enpresak azpikontratatutako garbitzaileak,... [+]


2023-09-04 | Goierriko Hitza
"Elizaren inpunitatearen" aurka borrokatzera deitu du Itaiak

Goierriko Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak elkarretaratzea egin du larunbat eguerdian Beasaingo Bideluze plazan, herriko Andre Mari Zeruratuaren elizako apaiz laguntzaile izendatzearen aurka, "Elizaren inpunitatea borrokatu" lelopean.


Naia Izko, Itaiako kidea
"Alokairu sabelek emakume langileon zapalkuntza betikotzen dute"

Bilbon egin zuten uztailaren 20, 21 eta 22an alokairu sabelen lehen kongresua. Hainbat ikerlari, jurista eta akademialarik parte hartu zuten, Asociación Son Nuestros Hijos, Asociación Gestación Subrogada en España eta Gure Umeen Ametsak elkarteak... [+]


“Kakux” apaiz laguntzaile izendatzearen aurka mobilizatuko dira Beasainen

Pedro Ayuso Donostiako gotzainak Juan Kruz Mendizabal Beasaingo elizako apaiz laguntzaile izendatu du. Mendizabal ezaguna da adin txikikoei sexu gehiegikeriak egiteagatik. Goierriko Itaiak izendapenaren eta “elizaren inpunitatearen” aurka elkarretaratzea deitu du.


Eguneraketa berriak daude