Emakume indigenaren borrokak argitu du Venezuela

  • Laugarren egunez argi-indarrik, urik eta komunikaziorik gabe jarraitzen duten arren, Kolonbiako mugan dagoen Apure Garaiko eskualdeko mugimendu politiko eta militarrek mobilizatuta jarraitzen dute. Hainbat mobilizazio egin dute azken egunetan, besteak beste Martxoaren 8koa.

Argazkia: Ibai Trebiño

2019ko martxoaren 12an - 11:31

Martxoaren 7an 'El Guri' zentral hidroelektrikoak sabotajea paraitu eta lau egunera, argi gabe jarraitzen du oraindik herrialdearen %30a, Gobernu bolibartarrak jakinarazi duenez. Caracas, Valentzia eta beste hiri handietan argindarraren itzulera progresiboa eta partziala izan den arren, bereziki herrialdearen mendebalde eta hego-mendebaldeko hainbat eskualdetan, oraindik ezin izan dituzte berreskuratu argia, ur edangarria eta komunikazio sistemak.

Kolonbiako mugan dagoen Apure estatua da horren adibide eta martxoaren 11an, laugarren egunez, argi indarrik gabe jarraitzen dute. Krisi honen harira, ugariak izan dira azken egunotako mobilizazioak. Martxoaren 9an, esaterako, chavistek bi mobilizazio antolatu zituzten "eraso inperialista" salatzeko. Oposizioko ikasle talde batek beste mobilizazio bat antolatu zuen Maduro presidentearen dimisioa eskatzeko eta Juan Guaidó presidente auto-izendatuari babesa emateko. Eguna istilurik gabe igaro zen.

Feministak kalean "aberriaren defentsan"

Zailtasunez zailtasun, Martxoaren 8ak sinbolismo handia izan zuen Guasdualito hiriburuan. PSUV, herri mugimenduek eta herri miliziek deituta, eskualdeko emakume indigenek mobilizazioa egin zuten 'Simon Bolivar' plazan. “Aberriarekiko konpromisoa" berretsi eta "emakumearen emantzipazioa" ozen aldarrikatu zituzten. Ordubeteko ekitaldiari amaiera emateko, Herri Milizietako sarjentu Mariela Milanok eta mugimendu feministaren bozeramaile Melitza Orellanak hartu zuten hitza. Azken honek, "emakumeek iraultza bolibartarri esker lortutako eskubideak" nabarmendu eta "patriarkatu inperialistaren aurkako borroka jarraitu behar dela" adierazi zuen, bereziki "Venezuelako herriak sufritzen duen eraso inperialista kriminalaren kontra borrokan". "Munduari esaten diogu: hemen gaude Venezuelako emakume indigenak bakea eta gure aberria edonola defendatzeko prest", esan zuen Orellanak. 

Tentsioa gora Kolonbiako mugan

Otsailaren 23az geroztik, Kolonbia eta Venezuelaren arteko muga guztiek itxita jarraitzen dute eta bereziki Tachira eskualdean istiluak izan dira azken asteetan. Aipagarrienetako bat izan da Kolonbiako talde paramilitar batek Venezuelako indar armatuen aurka egindakoa. Hori dela eta, Venezuelako armadak hainbat ariketa militar egin ditu egunotan muga inguruan eta Apure Garaiko eskualdean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Venezuela
Miren Egiguren. Ez da kikiltzen
"Agortzen ez den iturburu bat daukat barrenean"

Venezuelatik itzuli zenetik, Tolosako Zuloaga auzoaren behealdeko parkean ematen ditu arratsaldeak Miren Egigurenek, bizpahiru lagunekin. Hantxe aurkitu dugu ekainaren bukaerako egun batean. Elkarrizketa egiteko lagunaren etxera igo garenean, Hugo Chavezen panpinarekin... [+]


2023-05-05 | Gedar
Nortasun zedula eskuratu du Asier Guridi iheslari politikoak

Urte luzez egin du borroka, nortasun juridikoa aitor ziezaiotela exijitzeko. Herrigabe eta heriotza zibil egoeran izan dute hamar urtez Venezuelan.


Angel Prado. Demokrazia komunala
"Ez dugu irla bat izan nahi"

Angel Prado Padua borrokalari venezuelarra Euskal Herriko hainbat tokitan ibili zen hilaren hasieran, El Maizal komuna sozialistaren berri ematen, Demokrazia Komunalaren Aldeko Nazioarteko Sareak gonbidatuta. Hernanin bildu ginen harekin, bere hitzaldiaren bezperan. El Maizalen... [+]


Eguneraketa berriak daude