"Elur-bola txikiak gara, ez dut eraldaketarako tsunamietan sinesten"

  • Ibilbide luzea egin du Urtxintxa Eskolak jendartea balioetan trebatzen hezkuntza ez-formalean. Guztira, 30 urte. Bidean euskara, feminismoa, kultuartekotasuna, parte-hartzea eta aniztasun funtzionala txertatu ditu, besteak beste. Trebakuntzatik jauzia egin du esku-hartzera eta bitartekoak sortzera. Norbanakoak eraldatzeko urratsak dira guzti horiek.


2016ko azaroaren 16an - 08:50
Argazkiak: Iñigo Azkona

Nola sortu zen Urtxintxa Eskola duela 30 urte?

Une hartan zegoen trebakuntza eskaintza ez zen aisialdi talde denek nahi zutena, elizarekin zerikusia zuelako, Euskal Herria aintzat hartzen ez zuelako edo alderdi politikoen menpe zegoelako. Arrazoi desberdinengatik elkartu ziren hiruzpalau lagun Bilboko taberna batean, eta ‘ez dagoela? Bada, guk egingo dugu’ erabaki zuten. 1985/86 ikasturtea zen. Inkontzientzia edo kontzientzia puntu horretatik hasi ziren. Harrezkero hiru egoitza izan ditu Urtxintxa Eskolak. Zabalbide kalekoa da azkena, eta egun duen bakarra.

Trebakuntzatik esku-hartzera eta bitartekoak sortzera eman du jauzia Urtxintxa Eskolak. Zergatik?

Gure idearioa balio batzutan oinarrituta dago, eta horiekin trebatu gara. Ikasitakoa aplikatzeko esparruak eta espazioak falta zirela eta, sortu zen Eragintza. Esku hartzeko sortzen da 1990ean. Eta horrela hirugarren puntura iritsi ginen: trebatu gara, esku hartu dugu, baina tresnen falta nabaria da. Materiala erderaz zegoelako edota ikuspegi feminista txertatu gabe zegoelako... Hori dela eta, poliki-poliki ahal izan duen neurrian ekin dio Urtxintxak materiala sortzeari.

Egun non erabiltzen da Urtxintxaren materiala?

Hezkuntza ez formalean, aisialdirako trebatzen ditugun begirale eta zuzendarien ikastaroetan edota udalentzat kudeatzen ditugun udaleku askotan, adibidez. Bi kasu horietan erabiltzen dira guk sortutako Balioetan hezteko koadernoak. Badira gehiago: haurren parte-hartzean oinarritutako OinHerri egitasmorako sortu dugun materiala edota institutuetan feminismoa eta hezkidetza bezalako gaiak jorratzeko sortutakoa. Katea luzatzen joan gara.

Gizartea eta errealitatea aldatu den heinean, Urtxintxaren balioak eta lehentasunak aldatu dira?

Hasieran ingurugiroari lotutako eskaintza zabala zen Urtxintxa osatzen zutenek landu beharreko balioa ematen ziotelako. Ingurugiroa eta feminismoa izan dira lehen urteetan zutabeak, Urtxintxan astialdi eskolarekin batera, bertan txertatuta edo proiektu independente moduan. Gero zabalduz joan zen eta kulturartekotasuna txertatu zen. Guk balio horietan sinetsi arren, jasotzaileak prest egon behar du balio horiek lantzeko. Urte askotan egon da kulturartekotasunaren gaia lanerako prest, jende asko eta erakunde asko egon dira prest, gai sentibera zen eta era berean oso ohikoa. Urtxintxatik ikuspena izan dugu kultuartekotasuna transmititzeko gure lanetan, baina hori gaur egun jaitsi egin da. Egun kulturartekotasunarekin egindako proiektuak ez dira zirenak; orain, fokua beste gai batzutan dago. Agian, ez dugulako formularekin asmatu, baina horretan aritua izan den jendea izan dugu Urtxintxan ideia askorekin, baina begirada beste nonbaiten dago. Parte-hartzea eta aniztasun funtzionala dira azkenaldian era zuzenagoan sakondu ditugun balioak.

Non dago egun fokua, begirada?

Aniztasunarekin lan asko egiten da gaur egun. Baina aniztasuna dena da. Kontziente gara gu eta beste batzuk denerako ez duela ematen. Nire iritzian, bullying-arekin jende asko oso kezkatuta dago. Ez da gauza berri bat. Sekula ez dira gauzak berriak. Bat-batean fokua hor jarri dute, eta iritsi berriak ematen dugu. Urtxintxak ez du bullying-a zuzenean lantzen, baina bai inklusioa. Gure ustez, inklusioa bullying-aren oinarri da.

Inklusioaren barruan, parte-hartzean murgildu zarete buru-belarri.

Kristoren apustuak egin dira parte-hartzearen inguruan. Askotan, zalantzan jarri dugu benetan zein prozesu diren parte-hartzaileak, zeintzuk diren errokoak eta zeintzuk makillajeak. Urtxintxaren ibilbidea parte-hartzailea izanik, aukera ikusi genuen gaia lantzeko eta lanketari ekin genion, bereziki haurren parte-hartzeari.

Zergatik haurrena?

Diskurtso batzuk haurrak etorkizuneko hiritartzat hartzen dituztelako, eta guk ez dugu horretan sinesten. Haurra hiritarra da lehen unetik, etorkizuna ere badu, baina oraina ere bai, eta horri zilegitasuna eman behar zaio. Pentsakera horrek pieza asko mugitzea suposatzen du. Haurrak ahalduntzen badituzu eta erabakiaren parte badira, nagusiok eduki dugun boterea elkarbanatzeko edo beste era batera antolatzeko prest egon behar dugu, eta ez bakarrik ahoz, baita ekintzetan ere. Haurren parte-hartzea lantzen eta txertatzen ari gara bai eskolan bai begirale eta zuzendarien ikastaroetan.

Aniztasuna funtzionala geroz eta ezagunagoa den kontzeptua da jendartean. Zehazki, zertan ari zarete?

Inklusioaren gaia aniztasun funtzionalaren ikuspegitik zabaltzen joan gara. Masaje tailerra pertsona gorrentzat, dantza tailerra pertsona itsuentzat… hasi ginen, eta asko dago egiteko. Batik bat zuzendu gara aniztasun funtzionala duten pertsona eta erakundeetan, baina inklusioa ez da soilik pertsona horien gaia, inklusioa denon gaia da, gu guztiona. Hain zabala denez gaia, pausokoa gabiltza. Esaterako, unibertsitatean jende aurrean lan egiten duten beharginek aulkian datorkien peprtsona batekin nola harremandu. ‘Lagunduko diot? Zer espero du berak?’, horrelako galderak sortzen dira. Langile askok ez dakite zer dagoen ondo eta zer txarto, ez dakite nola jokatu. Guk tresnak ematen dizkiegu horrelako egoerak kudeatzeko. Izan ere, egoera sinpleak eta egunerokoak dira.

Zertan dago lan asko egiteke?

Oro har esango nuke hezkuntza ez-formalarekiko errespetuan dagoela zulo handiena. Hezkuntza ez formalean aritzen garenok ez dugu edozein lan mota egiten; nik horretan asko sinesten dut. Uste dut ez zaigula zilegitasunik ematen, ez zaigula zilegitasunik ematen erakunde publikoetatik eta krisi garaian murriztu behar baldin bada, eta familiek ere egiten dute, kentzen dugula hainbat gauzetatik iruditzen zaigulako jolastea ez dela garrantzitsua. Jolasaren barruan sartzen dut hezkuntza ez-formalaren mundua. Bizitzako esperientzia onenak eta txarrenak hezkuntza ez-formalarekin dute zerikusia. Gehiago gertatzen dira ibaiak ikasten baino, atsedenaldian, jantoki orduan, eskolaz kanpo, beste une batzutan... Hor asko dago lantzeko, eta lan asko egiten da, baina ez da aintzakotzat hartzen.

Gazteekin lan asko egin du 30 urtetan Urtxintxak. Gazteen aldaketetaz jabetu zarete?

Irakurketa formalik ez dugu egin. Kontziente gara gazteengana iristeko bide berriak behar ditugula, eta haur eta gazteen parte-hartze prozesuetatik helduko direla bide horiek. Gazteak beti gazte. Jendartea aldatu da, eta eurak ere egokitzen doaz. Esaterako, duela 50 urte Facebook eta Twitter izanez gero, ziurrenik erabiliko lukete harremanetarako. Uste dut gazteen oinarria berdina dela eta gazteen desberdinatasunak unean uneko aukeren araberakoak direla.

Gizartea eraldatzea dago Urtxintxa Eskolaren helburuen artean. Erronka latza da, jarrerak, ohiturak eta iritziak aldatzea zeregin zailenen artean kokatuta daudenean.

Oso zaila da. Ikastaroetan batzutan entzuten ditugu ‘hori ezinezkoa da’ eta antzekoak. Baina ‘zu aldatu zara? Zer egin duzu aldatzeko? Zeren zu ere jandarteko parte zara’. Nik sinesten dut norberaren aldaketa txikietan. Gero norberak bere etxean eta kuadrillan kontatuko du zein esperientzia izan duen, eta erantzunen bat sortuko du besteengan ere. Elur-bola txikiak gara, ez dut eraldaketarako tsunamietan sinesten. Aldatu beharreko guztiari begiratuko bagenio inork ez luke ezer egingo, agian ez ginatekeen etxetik aterako. Egiten dugunean sinesten dugu, egiten dugun horretan jende kopuru batengan eragiten dugu, eta horrela ikuspegia pixkanaka aldatzen doa.

Gizarteko balioetan aldaketak gertatu dira?

Ikuspegi feministari dagokionez, bai. Feminismoarekin batera fokuan txertatu den beste gaietako bat da haurren transexualitatea. Ikusten dugu geroz eta era zabalagoan hitz egiten dela horretaz. Guk ere badugu zeregina eta zer hausnartua haurren transexualitatean. Eragile batzuk eman dioten ikuspegiarekin ez gara ados egon, gurea ez dugulako sendotuta izan. Horrelakoetan, lantaldeak elkartu eta gaia hausnartzen du.

Euskaldunok gizarteko aldaketetan aintzindari gara ala besteen parean gaude? Ranking-ean non kokatzen gara?

Europa mailako erakundeekin egon ginen topaketa batean gonbidatuta bakearekin egin diren lanketak hausnartzen. Hor konturatu nintzen oso antzeko gauzak egiten ditugula han eta hemen. Izan ninteke ni italiarra eta italiarra ni. Gehiegi sakondu gabe, beste herrialdeekin konparatuta, ranking batean erditik gora ipiniko nuke gure burua.

Matrikulazio epea bukatuta dagoen arren, zer esango zenioke balioetan trebatu nahi duenari?

Ikasturte osoko ikastaroetarako matrikulazio kanpaina irailean amaitu zen, baina guk iraupen desberdineko ikastaroak eskaintzen ditugu. Horietarako zabalik dago matrikulazioa, besteak beste, hezkidetzan aditua ikastaroan, zeinu-hizkuntzan jolasa ikastaroan edota aniztasun funtzionala eta sexualitatea ikastaroan... Aukera asko dago trebatu ahal izateko.

Elkarrizketa hau Berton aldizkariak argitaratu du, Uriolak bere webgunera ekarri du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aisialdia
Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa bueltan da

Hamar urteren ostean, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa antolatu dute berriz ere Irunen, Korrika bertatik abiatuko dela baliatuta. Martxoaren 2an egingo da eta lehia kutsurik izango duen arren, lagun giroan denborapasazaleak elkartzea du helburu nagusi. Hizkuntzarekin... [+]


Eskolaz kanpoko jarduerak doan, Portugalgo gakoa desorekari aurre egiteko

6-10 urte bitarteko haurrek doan dituzte eskolaz kanpoko jarduerak Portugalen. Ekintza hauetan parte-hartze unibertsala bermatzea onuragarria izan da Portugalgo ikasleen arteko desoreka sozioekonomiko eta ondorioz akademikoei aurre egiteko eta eskola porrota txikitzeko, besteak... [+]


2023-08-03 | Estitxu Eizagirre
Nola ibili mundua desorekatu gabe?

Klima larrialdiarekin eta energia krisiarekin gure bizi ohiturei buruzko galderak sortu zaizkigu: Zenbat bidaiatu eta nola? Josu Iztueta bidaiari ezagunak kontraesanen ispiluaren aurrean jartzera gonbidatu gaitu, tonu goxoan eta irribarre xamur batekin: “Ikusi beharra dago... [+]


Barruan daramagun ipuin-kontalaria

Erronka jarri nahi izan dugu ARGIAtik: zenbateraino utzi diezaiokezu sormenari hegan egiten? Zenbateraino bihurritu dezakezu istorio bat eta bilakatu beldurgarria, barregarria, dramatikoa? Gauza al zara euskarak duen aberastasunari etekina atera, hitz-jolasei leku egin eta... [+]


Eguneraketa berriak daude