Elgoibarren ere aireko dioxina eta furano maila neurtzeko eskatu du EH Bilduk

  • Eitzagako (Zaldibar) zabortegian izandako luiziaren ostean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi zuen dioxina eta furano maila altuak topatu zituztela Zaldibar inguruan, otsailaren 9an egindako airearen neurketetan. Elgoibarko EH Bilduk salatu du Elgoibarren daukan eragina zein den jakin gabe jarraitzen dutela.

Argazkia: Dani Blanco.
Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2020ko otsailaren 19an - 09:45

 Informazio gabezia salatzeaz batera, Elgoibarko airearen kalitatea neurtzeko eskatu dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari, zer arnasten ari garen jakin dezagun. "Neurtzen diren substantzien artean dioxinak eta furanoak egon behar dira, biak ala biak oso toxikoak. Jaurlaritzak orain arte emandako datuak ez dira zehatzak eta ez dira osoak, Ermuan eta Eibarren agertu diren substantzia toxiko horiek ondo-ondoan dauden Elgoibar bezalako herrietan zenbateko eragina duten ez dutelako argitu", adierazi dute.

Gainera, EH Bilduk uste du Elgoibarko Udalari dagokiola datu zehatzak eskatzea, jokoan dagoena elgoibartarren osasuna dela-eta. Horregatik, Udalari eskatzen dio eskaera egin diezaiola Eusko Jaurlaritzari, Elgoibarren airearen kalitatea neurtzeko.

EH Bilduk nabarmendu du Zaldibarko zabortegian izandako "katastrofeak" eta ondoren piztutako suak kezka eragin dutela elgoibartarren artean. Herritarren kezka hori oso ulergarria dela uste dute, "batez ere kontuan hartzen badugu Eusko Jaurlaritzatik heldu den informazioa eskasa eta osatu gabekoa dela. Joan den ostiralean jakin genuen Osasun Saileko aruradunen ahotan dioxinen eta furanoen maila herri-guneetan izan ohi dena baino 40 edo 50 aldiz handiagoa dela. Datu horietan oinarrituta, prebentzio neurriak hartzea eskatu zaie Zaldibar, Ermua eta Eibarko herritarrei eta, besteak beste, eskola kirola bertan behera utzi zuten udalerri horietan. Baina horrek guztiak Elgoibarren daukan eragina zein den jakin gabe jarraitzen dugu".

Uraren kalitatearekin "oso kezkatuta"

Aurreko astean Ego-gain errekako eta Deba ibaiko uraren kalitatea neurtzeko eskatu zion EH Bilduk Ura Agentziari. Ezagutzera ematen ari diren emaitzekin oso kezkatuta daudela aditzera eman dute orain. "Atzo jakin genuen Ego eta Aixola erreketan hidrokarbuoak, nikela eta kadmioa agertu direla. Substantzia horiek Deba ibaira joango dira, eta hortik Elgoibarrera helduko dira". Horregatik, Elgoibar parean Deba ibaiko uraren kalitatea neurtzeko eskatu die berriro ere EH Bilduk Udalari eta Jaurlaritzari.

Neurketen jarraipena egiteko

Elgoibarko Udalak sare sozialen bidez jakinarazi duenez, Zaldibarko zabortegiaren inguruko airearen kalitateari buruzko neurketak egitea Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari dagozkio. Hori dela informazio iturri ofiziala ohartarazi du Udalak, eta, "momentuz, Elgoibarren ez dago osasunerako inolako arriskurik", adierazi dute. Egunero egiten dihaduten neurketei buruzko informazioa kontsultatzeko esteka baten berri ere eman du Udalak: www.ihobe.eus


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zaldibarko zabortegiaren krisia
Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


Zaldibarko zabortegira hondakinak baimenik gabe isurtzeagatik Lapurdiko bi enpresa zigortu dituzte

Baionako Auzitegiak ezarri duenez, Basusarrin dagoen Etcheverry-Mindurri enpresak 150.000 euroko isuna ordaindu beharko du, eta Donibane Lohizuneko CBA Artolak 100.000 eurokoa.


2023-10-03 | ARGIA
Zaldibarko zabortegiaren behin-behineko zigilatzea ere Jaurlaritzak ordainduko du

Enpresari eskatu dio lan horiek egiteko Arantxa Tapiaren sailak, baina Verter-ek ez du erantzun. Lanek “bospasei” urterako ziurtatuko dute zabortegiaren egonkortasuna, 750.000 euroko aurrekontuarekin.


Eguneraketa berriak daude