FDSEA sindikatuak irabazi ditu departamentuko Laborantza Ganberako bozak baina Euskal Herriko Laborarien Batasunak (ELB) Lapurdin eta Nafarroa Beherean duen indarra agerian geratu da.
 
                                                        2007ko bozekin alderatuta bost puntu galdu ditu FDSEAk eta bozen %49,8an geratu da. ELBk eta Confédération Paysannek osatutako koalizioak bigarren postua lortu du bozen %35arekin.
Euskal Herriko datuei erreparatuz gero, ELB da sindikatu nagusia Nafarroa Beheran eta Lapurdin. Zuberoako datua neurtzea zailagoa da, Biarnokoarekin batera ematen delako baina Kazeta.infon irakur daitekeenez, bozen %39 ingurukoa izan liteke sindikatuak herrialde horretan izan duen babesa.
Lehenbiziko aldia da FDSEA sindikatuak bozen %50 baino gutxiago lortzen duena eta aulki bat galduko du Pauen.