EHUk osasun aseguru pribatua egiteko deskontua eskaini die beren langile publikoei aurten ere

  • IMQ osasun enpresa pribatuak “baldintza ekonomiko esklusiboak” eskaintzen dizkie unibertsitate publikoko milaka langileri eta beren familiei, %15eko beherapenarekin “gutxienez”. Urteak dira unibertsitate publikoak osasun aseguru pribatuen eskaintza helarazten diela langileei. EHUko osasun zerbitzuen pribatizazio politika orokorra dela salatu du LAB sindikatuak.

EHUko langileentzako mezua. Irudia: ehu.eus

2024ko ekainaren 03an - 06:20

“UPV/EHUko aseguru-kontratu berriaren adjudikaziodun den aseguru-korreduriak (AON Iberia Correduria de Seguros y Reaseguros) aurkeztutako eskaintza gauzatzeko, IMQ Igualatorio Mediko Kirurgikoak Unibertsitateko langileen eskura jartzen du beren osasun-aseguruak prezio merkeagoetan kontratatzeko aukera”. Horrela dio EHUko langileek beren kontu pertsonaletan maiatzaren 17an jaso zuten mezuak. “Eskaintza hau une honetan IMQrekin osasun-aseguruak dituzten eta eskaintza horri atxikitzeko interesa duten UPV/EHUko langileei ere aplikatuko zaie, betiere gaur egun kontratatuta dutena baino modalitate txikiago batera aldatzen ez badira”, zehazten du jarraian. Maiatzaren 1etik ekainaren 30era arteko epea dute langileek “eskaintza” onartzeko. EHUko iturri ezberdinek ARGIAri azaldu dutenez, hainbat urte dira EHUk osasun aseguru pribatuen eskaintza helarazten diela langileei urtez urte.

Hamarnaka mila aseguru pribatua

Informazio guztia EHUko webgunearen esteka honetan eskuragarri dutela jakinarazten zaie mezuan langileei. Bertan daude eskaintzaren eta IMQren zerbitzuak zehatz-mehatz jasota, IMQren eta AON aseguru enpresen sinadura daraman Eskaintza UPV/EHUko langileentzat dokumentuan. “UPV/EHUkoentzako baldintza ekonomiko esklusiboak, gutxienez % 15eko

deskontuarekin partikularren tarifei dagokienez”, dio dokumentuak. Lau zerbitzu mota kontratatzeko aukera ematen ditu IMQk: IMQ Aktiboa koordainketarekin + IMQ Hortzak Optima; IMQ Urdina koordainketarekin eta koordainketarik gabe (psikoterapia izan ezik) + IMQ Hortzak Optima; MQ Urrea koordainketarkein + IMQ Hortzak Optima; eta IMQ Hortzak Optima.

Baina eskaintza ez da soilik langileentzat, baita “haien bizikidetzako familia-unitateentzako” ere. Hau da, bikotekide, seme-alaba, eta langilearen zein bikotekidearen gurasoentzat ere, etxebizitza berean biziz gero. Azken Gobernu Kontseiluan emandako datuen arabera EHUk 7.867 langile zuzen ditu (azpikontratatutako langileak, polizia pribatuak edo garbitzaileak kasu, eskaintzatik kanpo geratzen dira), horiei aipatutako senideak gehituta, osasun aseguru pribaturako beherapen eskaintza miliaka herritarri zuzenduta dago.

Eredua aldatzeko borondate politikoa

“Unibertsitate publikoak ez lituzke inolaz ere osasun-aseguru pribatuak bultzatu behar”, adierazi diote ARGIAri EHUko LAB sindikatutik, eskaintzaz galdetzean. Kasu zehatz honetan harago, EHU “eredu pribatizatzaile eta neoliberala” sakontzen ari dela eta osasun zerbitzuen pribatizazio prozesua orokorra dela salatu du sindikatuak: “Aspaldidanik, EHUko langileei eskainitako osasun-zerbitzu asko enpresa pribatuen esku daude, analitikak eta osasun azterketak kasu. EHUk berak bere osasun-profesionalen bidez ematen zituen zerbitzuak gradualki esku pribatuetara pasatu dira, Arabako campusean 4 urte daramatzagu medikurik gabe, zerbitzu horiek eta beste batzuk kanpora ateratzen ari dira”.

EHUko zuzendaritzari dei egin dio LABek ereduz aldatu dezan, “zerbitzu publikoak indartzeko eta funts publikoak negozio pribatuetara ez bideratzeko”. EHU, bestalde, EHU Jaurlaritzaren administraziopean dago, eta bere langileak administrazio publikoko langileak dira. Alde horretatik, instituzio politikoei eta alderdiei ere zuzendu zaie sindikatua: “Arlo instituzionaletik eta alderdi politikoetatik neurriak bultzatu behar dira praktika hauekin bukatzeko, eta zerbitzu publikoak (kasu honetan irakaskuntza arloko langileentzako osasun zerbitzuak) indartzeko. Baina, horretarako, nagusiki, borondate politikoa behar da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasunaren pribatizazioa
Mutualitateek osasuna negozio bihurtu dutela salatu dute

Gizartea kontzientziatzeko eta informatzeko kanpaina bat abiatu dute LAB, CGT, STEILAS, ESK, CNT eta LSB-USO sindikatuek, Nafarroako Osasun Plataformak eta Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak.


Osakidetzaren pribatizazioaren aurkako manifestazio jendetsuak Bilbon, Gasteizen eta Donostian

Milaka pertsona elkartu dira larunbat honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburu bakoitzean,“osasun publikoaren narriadura, desegitea eta pribatizazioa” salatzeko. Osakidetzako aurrekontuaren %25 Lehen Mailako Arretara bideratzea eskatu dute.


2024-03-15 | Hala Bedi
Beñat (OPA): “Kalera irten behar gara gure eskubideak aldarrikatzeko”

Osasun publiko eta kalitatezkoaren aldeko manifestazioak izango dira larunbat honetan. Eguerdiko 12:00etan Gasteizen eta Bilbon, eta 17:00etan Donostian.


Lehen Mailako Arreta, “kolapsora” bidean

Nafarroako Osasun Plataformak salatu du osasun sistema publikoa gainbeheran dagoela eta pribatizatzen ari dela.


Eguneraketa berriak daude