Otxandiano: "Etorkizunari baikor begiratzeko motiboak dauzkagu"

  • "Etorkizunak proiektuak ditu, balioak ditu, printzipioak ditu. Euskal Herriaren etorkizuna EH Bilduren hizkiekin idazten da", adierazi du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Bilboko Euskalduna Jauregian eginiko ekitaldian, 2.000 pertsona baino gehiagoren aurrean.

Arnaldo Otegi ezkerrean, eta Maddalen Iriarteren eta Pello Otxandianoren besarkada, lehendakarigai izandakoa bata, datorren hauteskundeetako lehendakarigaia bestea. EH Bildu

2023ko abenduaren 18an - 10:02

Gasteizko Legebiltzarreko hauteskundeei begira, EH Bilduren lehendakarigaia Pello Otxandiano (Otxandio, Bizkaia, 1983) izango dela jakin den astearen hondarrean, koalizio subiranistak komunitatea bildu du Bilboko Euskaldunan, 2024rako helburuak eta lan-indarrak adosteko, eta bide batez, agerraldi jendetsu bat eginda, lehendakarigaia aurkezteko.

Bere bertsiorik onena ematen ahaleginduko dela hitzeman du Otxandiano lehendakarigaiak, eta bere ingurukoek azken astean adierazi bezala, "pasioz jarduteko konpromisoa" azaldu du berak ere. Itxaropentsu agertu da: "Etorkizunari baikor begiratzeko motiboak dauzkagula uste dut eta konbentzituta nago elkarrekin, bakoitzak beretik baina elkar hartuta, elkarrekin, gauza handiak egin ditzakegula".

Horrez gain, EH Bilduren proiektu politikoak "sigla bat ordezkatu baino gehiago" egiten duela nabarmendu dute bai Otxandianok eta bai Otegik: "Herri proiektu batekin konprometitu garen komunitate bat gara".

Otegi: "Gure arrakastaren sekretua balioetan dago"

Koordinatzaile nagusiarena izan da agerraldiko hitzartze nagusia. EH Bildu "batzen duen ezkerra" dela nabarmendu du, "adiskidetzearen etxea" baita, eta ezker subiranistaren nahia eta borondatea "jende eta sektore gehiago biltzea" dela azpimarratu. 

"Askotan galdetzen digute nazioartean zein den gure arrakastaren sekretua. Sekretua gure balioetan dago", azaldu du Otegik. Eta balio-zerrenda hori honela plazaratu du: "Gure erantzukizun historikoaz jabetzen den ezkerra gara, arinkeriatik urruntzen dena. Umiltasunez lan egiten duen eta printzipioei eusten dien ezkerra gara. Lan asko egiten dugu eta zarata gutxi atera. Hitza mantentzen eta errespetatzen duen ezkerra gara".

Azken egunetan polemikaren fokuetako bat den eta Iruñeko alkate izateko bidean den Joseba Asironentzat ere izan ditu hitzak Otegik, eta Bakartxo Ruizek eta Maddalen Iriartek ere hartu dute mikrofonoa Bilboko ekitaldian. "Herriz herri, auzoz auzo, apaltasunez eta irribarre batekin" lanean jarraitzeko konpromisoa adierazi dute guztiek ere.

Ahots horiez gain, EH Bildurentzat esanguratsuak diren bi pertsona gonbidatuk ere hartu dute hitza, Joseba Sarrionandia idazleak eta David Fernandez kazetari eta politikari kataluniarrak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAEko hauteskundeak 2024
Joera kontrajarriak?

“Inoizko [EAEko] parlamenturik abertzaleena” vs. “Independentismoa minimo historikoetan dago”. Bi baieztapen horiek azken aldian entzuten ditugu, eta areagotu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan apirilaren 21ean izandako hauteskundeen ondotik. Bi esaldi... [+]


Eguneraketa berriak daude