ARGIA.eus

2022ko azaroaren 28a

EAErako Hezkuntza-Lege proiektuak atzerapauso larria dakar

2022ko azaroaren 10a - 11:41

Bi estaturen zapalkuntza pairatzen duen, baina oraindik ere hizkuntza eta kultura berezkoak dituen herri baten biziraupenerako, funtsezkoa da hezkuntza-sistema propioa eraiki ahal izatea. Espainiako eta Frantziako oinarrizko legediek eta epaileek, erabat mugatzen dituzte Euskal Herrian hezkuntza alorrean ere har daitezkeen erabakiak. Hori dela-eta, fikzio hutsa litzateke Hezkuntza Lege baten bitartez hezkuntza eredu propio bat gara daitekeela pentsatzea. Baldintza hauetan, soilik EAE barnebiltzen duen lege batean “euskal hezkuntza sistemaz” jarduteak ez dio errealitateari erantzuten, batetik hezkuntza-sistemak Estatuenak direlako, eta bestetik, Nafarroa eta Iparraldea aipatu ere ez dituelako egiten.

Hezkuntza-sistema honek inondik ere ez die erantzuten herri gisa dauzkagun erronkei. “Euskal” eskolaren zeregin nagusietariko bat izan behar luke, batetik, kalitatezko hezkuntza garatzea eta, bestetik, euskara ikasketa-hizkuntza izatea. Honek ikasleen euskalduntzea ekarriko luke, eta hizkuntzaren aldetik, euskaldun aktiboak sortuko lituzke, bai euskal kulturaren aldetik, euskal curriculuma oinarri, euskal kulturaren ezagutza bermatuko lukeelako, eta baita hizkuntzaren arloan ere. Euskal eskolak, euskaraz diharduen hezkuntza nazionalaren ardatza behar luke, Euskal Herri osoa barne hartuko lukeen curriculum propioa oinarri izango lukeena. Alabaina, Hezkuntza-lege proiektu hau oso urrun dago Euskal Herriko hezkuntza-lege izatetik: aipatu ere ez dira egiten ez euskal curriculuma, ez Euskal Herria bera ere, esate baterako. EAEn ere, Espainiako marko curricularra inposatzen da, gero eta tarte gutxiago utzita ikasgaiak eta edukiak berton zehazteko.

Murgiltze eredua desagertu eta eredu hiru- edo lau-eleduna ezartzen da. Ikastetxeak euskararen arnasgune bihurtzeko helburua desagerrarazi dute Lege-aurreproiektu honetatik. ”Eleaniztasun” molde jakin bat da, eta ez euskara, “euskal hezkuntza-sistema” honen ardatz eta helburu. Hizkuntza-eredu hiru/laueleduna ezarri eta haren aldeko apustua egiten da (ikus IV. titulua). Euskalduntasunaren ordez, “eleaniztasun” eta “kulturartekotasun” eredu jakinak dira ardatz, proposatzen zaigun eskola-ereduan. Ondorioz, Euskararen ordezkapena eta akulturazioa azkartzea dakar lege-aurreproiektuak. Izan ere, egungo ereduen sistemarekin, eta D eredua oso nagusi izan arren (ahozko trebetasunak neurtu barik ere!) ikasleen erdiek ez dute euskarazko B2 maila gainditzen DBH bukaeran, gazteleraz hiztun osoak direlarik oso adin goiztiarretatik, hortaz, zertara dator gaztelera-ikastorduak gehitzea beharrezkoa ez bada? Ez dago hezkuntzan ingeniari izan beharrik, gaztelerazko eta (gutxienez) ingelesezko ikastorduak gehituz eta euskarazkoak murriztuz, ondorioak zein izango diren jakiteko.

Lanbide Heziketako ikasleen %75ek gazteleraz ikasten dute EAEn. Aurreko ikasturteetako euskalduntze-ahaleginak zaborretara jaurtiz eta lan-munduaren balizko euskalduntzea areago zailduz eta oztopatuz bidenabar. Lanbide Heziketarako Legeak, Lanbide Heziketan euskarazko eredua eta irakaskuntza sustatzeko ardura Hezkuntza Sailari esleitzen dio (ikus 27.2 atala), baina Hezkuntza Lege-proiektuak kanpoan utzi du Lanbide Heziketa. Beste gol bat hankapetik.

DBH amaitutakoan B2 maila lortu beharko omen da bi hizkuntza ofizialetan. Ikasleon irakasleak izango dira aztertzaileak: ez da egokia. Kanpoko ebaluatzaileen lana behar luke, ezinbesteko objektibotasunaren mesedetan. Bestalde, lege-proiektuak ez du esaten zer gertatuko litzatekeen B2 maila gainditu ezean… bitxia eta esanguratsua da. Gaztelerazko B2 maila bermatuta dago ikasle guztientzat, baita DBH bukatu aurretik ere, gizarte zeharo erdaldundu batean eta hedabide gazteleradunez inguraturik bizi garelarik. Gauzak horrela, gaztelerazko ikastorduak gehitzeak ez du inolako zentzurik, ez bada espainiar nagusikeriari men egitea. Besterik da euskarazko B2 maila lortzea. Urtetik urtera ikusten ari gara DBH bukatu duten ikasleen euskarazko maila behera doala, baina hala ere, lege-proiektu berriak euskarazko ikastorduen murrizketa dakar, ingelesez emango diren ikasgaien kalitatearen galera aipatzeke…

Hezkuntzako Lege-proiektu honek dakarrena ez da geldialdia, atzerapauso eta mehatxu larria baizik. Horretaz jabetzeko aski da testua arretaz irakurtzea, alderdi politikoen interpretazio bitxi eta interesatuak alde batera utzita, hori bai. Euskararen Herria maite dugunok, hobe genuke “akordio zabal” itxurako legezko eraso honi aurre egin, astirik galdu gabe.

 

Sinatzaileak: Dionisio Amundarain Saratsola, Karmelo Landa Mendibe, Joxe Manuel Odriozola Lizarribar, Patxi Salaberri Muñoa, Mª Jesus Iartza Martiarena, Andoni Sarriegi Eskisabel, Jon Aleman Astiz, Karlos Gorrindo Etxeandia eta JJ Agirre Martinez

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.

Kanal hauetan artxibatua: Irakurleen gutunak  |  EAEko Hezkuntza Legea


Irakurrienak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude