Hego Euskal Herrian energia berriztagarrien makroproiektuen zaparradari zenbakiak jarri dizkiogu erreportaje honetan. Datuek marrazten duten mapan, Nafarroak gori-gori jarraituko du eta Araban daude kontzentratuta EAEn enpresek egin nahi dituzten energia zentralen %75,4. Hori bai, Araban sortutako energiaren zati handi bat Bizkaira bideratzea aurreikusten dute proiektuek. Arabako lurraldea, ordea, altxorra da Euskal Herrian bioaniztasunarentzat eta elikadura burujabetzarentzat.
Makroproiektuen beste olatu bat bizi dugu Euskal Herrian, eta horien artean energia berriztagarriei lotutakoek azeleragailua sakatu dute azken urteetan. Zenbat diren jakiten ere ez dago erraza, Solariaren kasua adibide: Araban eraiki nahi dituen zentral fotovoltaikoko hiru proiektuez mintzo ziren hedabide guztiak, PPko legebiltzarkide batek Jaurlaritzan galdera egin eta 25 direla jakin zen arte. Energia berriztagarrien makroproiektuen datuen jarraipena egiten ari dira Araba Bizirik eta Arabako Mendiak Aske mugimenduak eta haiek emandako datuak hartu ditugu artikulu honetan oinarri.
Egun 61 zentral eoliko daude Hego Euskal Herrian, horietatik 57 Nafarroan eta beste 70 proiektu daude tramitean, horietatik 31 Nafarroan
Egun, Hego Euskal Herrian 61 zentral eoliko daude martxan (guztien artean 1.487 haize-errota). Horietatik ia denak, 57 alajaina, Nafarroan (1.385 haize-errota), 2 Araban (68 haize-errota) eta 2 Bizkaian (35 haize-errota). 1996tik daude martxan lehenengoak eta Nafarroako zentral eoliko asko birgaitze fasean daude gaur egun. Baina beste hainbeste dira enpresek aurkeztuak dituzten proiektuak eta tramitazio fasean daudenak: guztira 70 proiektu (325 haize-errota guztien artean), horietatik ia erdiak, 31 alajaina, berriz ere Nafarroan (125 haize-errota), 17 Araban (85 haize-errota), 16 Bizkaian (88 haize-errota) eta 6 Gipuzkoan (27 haize-errota).
Hego Euskal Herrian 132 zentral fotovoltaiko egin nahi dituzte, horietatik 72 Araban
Hego Euskal Herrian dagoeneko martxan dauden zentral fotovoltaikoak, berriz, 48 dira, horietatik ia denak, 44 alajaina, Nafarroan, 2 Araban eta 2 Gipuzkoan. 2002tik hona ezarritakoak dira baina hiru bider gehiago dira gaur egun enpresek eskaera egin duten proiektuak, denak tramitazio fasean daudenak: 132 hain zuzen. Horietatik erdia baino gehiago, 72 alajaina, Araban, 53 Nafarroan, 5 Gipuzkoan eta 2 Bizkaian.
Beraz, etorkizunean ere Nafarroako Gobernuak azken 30 urteetako bide beretik jarraitu nahi du, "trantsizio energetikoa" helburu. Datuek diote, ordea, duela hamar urte baino gehiagotik Nafarroako energia-kontsumoa etengabe gorantz doala, erregai fosilena barne. Eta gora doaz, baita ere, Berotegi Efektuko Gasen isurketak. Nafarroan gero eta argindar gehiago sortzen da energia berriztagarrien bidez, baina aldiz, argiaren kontsumoa 2008tik etengabe jaisten ari da. Honen guztiaren aurrean, Sustrai Erakuntzak irakurketa hau egin du: "Bi egoera horiek, kontsumo fosilaren igoera eta elektrizitatearen gutxitzea, Nafarroan gertatzen ari dira, hain zuzen ere Espainiako Estatu osoko instalazio berriztagarrien zentrotzat hartzen den horretan, eta energia berriztagarrien arloan eredu gisa aurkezten den erkidegoetako bat izanik. Esan daiteke hori dela 'trantsizio energetikoa' deritzona funtzionatzen ari ez denaren sintoma ugarietako bat".
EAEn tramite fasean dauden proiektuak ikusita eta ateratzear den Lurralde Plan Sektorialarekin, pentsa daiteke Eusko Jaurlaritzaren asmoa Nafarroaren bide berera batzea dela. Beharrezkoak al dira horiek guztiak? Araba Biziriken hitzetan, "deigarria da ikustea Hego Euskal Herrian tramitazioan dauden proiektu guztien artean lortuko litzatekeen 4.381 MW-ko potentzia, argindarrak Hego Euskal Herrian inoiz izan duen momentuko potentzia eskakizun maximoa (3.150 MW ingurukoa) baino handiagoa dela".
Solaria enpresak tramitean dituen 24 proiektu fotovoltaikoen bidez Araban jarri nahi ditu zentralak, eta sortutako argindarra zuzenean Bizkaiara eraman
Lurralde orekari begira, artikuluaren datuek erakusten dute EAEn Araba litzatekeela gehien "sakrifikatuko" litzatekeen lurraldea, baina argindarraren zati bat Bizkaira eramatea da asmoa. Hego Euskal Herrian tramitazio fasean dauden tentsio altuko lineen proiektuak 13 dira eta horietatik 10 doaz Bizkaiara: lau proiektu Gipuzkoa-Bizkaia artekoak dira, bi proiektu Araba-Bizkaia artekoak, bi Bizkaia barnekoak, bat Araba-Gipuzkoa-Bizkaia artekoa, eta beste bat Bizkaia-Araba-Nafarroa artekoa. Bizkaiatik pasatuko ez liratekeenak hiru baino ez dira: bat Nafarroa barnekoa, beste bat Nafarroa-Gipuzkoa artekoa eta beste bat Nafarroa-Araba artekoa. Gai honetan paradigmatikoa da Solaria enpresaren kasua: Araban zentral fotovoltaikoak jarri eta bertako argindarra zuzenean 100 kilometrora dagoen Zierbenara (Petronorrek "hidrogeno berdea" egin dezan ote?) eramango luketen 24 proiektu ditu aurkeztuta gaur gaurkoz. Arabako Aldun Nagusi Ramiro Gonzálezek iragan maiatzean salatu zuenez, "ez du zentzurik energia Araban ekoitzi eta Bizkaian kontsumitzeak", bioaniztasunari beharrezkoa ez den kaltea eragingo baitio.
Argindarra batez ere Bizkaian pilatuko dutela pentsa daiteke, izan ere argindarra pilatzeko enpresek eskatu dituzten baterien proiektuak, tramitazio fasean daudenak, zortzi dira Hego Euskal Herrian eta horietatik bost Bizkaian daude kokatuta, bi Nafarroan eta bat Araban.
Galdera horixe egin diogu Iñigo Lezari. Bera basozaina da ofizioz eta AHTrik Ez Lautadan eta Araba Bizirik taldeetako kidea da. Lezak gogoratu du 2000ko hamarkada hasieran antzeko egoera bizi izan zutela: "Orduan ere saiatu ziren baina lortu genuen gelditzea. Hiru zentral eoliko jarri zituzten Elgea, Urkilla eta Badaian baina bertan behera geratu ziren beste proiektu pila bat, eta orain bigarren fase bat etorri da eta proiektu mordoa ari dira aurkezten eta tramitatzen".
Enpresentzat Araba zergatik gerta daitekeen erakargarri azaldu du: "Beste lurraldeetan baino zenbat eguzki gehiago egin ote dezakeen eztabaida aparte utzita, Arabara etorri dira baita ere lurren erdia komunala delako eta errazagoa da operazio bakar batean mendi oso bat kentzea herri bati edo herri batzuei; aldiz, Gipuzkoan eta Bizkaian mendi lurrak pribatuak dira eta zailagoa da jabe askorekin adostasunera iristea errotak jartzen uzteko. Zentral fotovoltaikoen kasuan, Araban eremu zabalagoa dago, lauagoa da, errazagoa da horrelako eremuetan jartzea". Ohartarazi du Araban herri asko 20-30 biztanlekoak direla eta enpresei "oso erraza" egiten zaiela horien aurka egitea.
"Madrilgo unibertsitateak egindako azterlanaren arabera, Gasteizko teilatuetan plakak jarrita, Araban kontsumitzen den argindar osoaren %38,5 sortu daiteke"
Makroproiektuen logika alboratuz gero, energia berriztagarriak jartzeko kokapen egokiagoak bururatzen zaizkio Lezari: "Poligono industrialek jada milaka hektarea lur dituzte okupatuta, eta gainera hor bertan, lantegietan gastatzen da argindarra, beraz, industrialdeetan jarri beharko lirateke eguzki plakak. Gasteizko Udalak azterlan bat egiteko eskatu zion Madrilgo unibertsitateari eta azterlan horrek esaten zuen Gasteizko udalerrian ondo kokatuta dauden teilatuekin, nahikoa izango zela Araba osoan kontsumitzen den argindar osoaren %38,5 sortzeko, ez bakarrik etxebizitzena, baizik eta argindar kontsumo osoa”.
Arabako Aldundiak Jaurlaritzari bidalitako ingurumen txostenak dio "Laminoria" proiektuak "eragin kritikoa" lukeela ingurumenean eta "ez dela onargarria"
Arabako lur asko komunalak izateak ekarri du mendi eta basoen bestelako kudeaketa bat egin dela mendez mende, basoen jabetza pribatua den beste lurraldeetan joera nagusia diru etekinak lehenestea izan den bitartean. Lezaren hitzetan, "Araban badira eremu asko eta asko, bioaniztasunaren aldetik oso ondo mantendu direnak, agian komunalak direlako". Enpresek energia berriztagarrien makroproiektuak ezarri nahi dituzten eremu bakoitzean natura aldetik dauden balio zehatzak argudiatu dituzte milaka herritarrek Jaurlaritzara bidalitako alegazioetan. Baina Arabako Aldundiak ere azpimarratzen du natur balioa. Irakurri, bestela, ARGIAk berriki interneten denen eskura jarri duen eta ordura arte Jaurlaritzaren tiraderan gordeta zegoen txostena: ekainaren 14an Arabako Foru Aldundiak Jaurlaritzari bidali zion Aixeindar enpresaren "Laminoria" haize-errota eta eguzki plaken proiektuaren ingurumen txostena. Bertan dio inguru hori korridore ekologikoa dela, hegaztiek erabiltzen duten "aireko pasillo" bat. Bertan bizi den bioaniztasunaren adibide, inguru hori da EAEn hegazti nekrofago (hildakoez elikatzen direnak) gehien dagoena eta haize-errotak hor jartzeak ingurumenean izango lukeen eragina "kritikoa" izango litzatekeela dio txostenak, eta hori "ez dela onargarria".
Leza bat dator aldundiaren diagnostikoarekin, baina oroitarazi du mendizerra berean beste proiektu eoliko bat eskatua duela Aixeindar enpresak (Azazetakoa, alegia), eta zuhur ageri da ingurumen txosten horrek izango dituen ondorioez: "Espero dugu Jaurlaritzak kasu egingo diola Aldundiak Laminoriako proiektuari buruz egindako txostenari. Baina Azazetako zentral eolikoaren proiektuarekin ere Aldundiak atera zuten txosten bat esanez oso larria izango zela hegazti horientzat, Aixeindarrek proposatu zuen hiru haize-errota lekuz aldatzea, kokapena 200 metro mugitzea, eta horrekin jada aurrera joan da proiektua. Espero dugu bi proiektuak bertan behera gelditzea baina ez bada horrela, geldiarazten saiatuko gara".
Iturrietako Mendiak eta Gasteizko Mendiak dira EAEn nekrofago espezieen dentsitate altuena dutena, hau da, nekrofagoen kontzentrazio handiena hemen ematen da. Horien artean daude ugatza (Gypaetus barbatus, “galtzeko arriskuan” izendatua), sai zuria (Neophron percnopterus, “zaurgarri” izendatua) eta sai arrea (Gyps fulvus, “interes bereziko” izendatua).
2021ean EAEn landutako lurren %91 ziren Arabakoak
Arabako lurrek bioaniztasunari egiten dioten ekarpenarekin batera, kontuan hartzekoa da Euskal Herriko elikaduran betetzen duten funtzioa: Eustaten datuen arabera, 2021ean EAEn landutako lurrak 81.325 hektarea izan ziren eta horietatik 74.501 (%91) Arabakoak. Belarrezko laboreak eta lugorriak 63.125 hektarea izan ziren EAEn 2021ean, eta horietatik 60.332 daude Araban. Agerikoa da, beraz, Arabako laborantza lurrak energiara bideratzeak asko baldintzatuko duela etorkizunean Euskal Herriak izan dezakeen elikadura burujabetzarako aukera. Lur kopuruaz gain, dituen klima baldintzek ezinbesteko egiten dute hainbat elikagai bertan lantzeko, olioa eta zerealak, adibidez: Eustaten arabera, 20.335 hektarea gari, 17.194 hektarea garagar eta 5.428 hektarea olo landu ziren Araban 2020an eta EAEko gainerako lurraldeetan batere ez. Olibondoen kasuan 2021ean 210 hektarea landu ziren Araban, zazpi Gipuzkoan eta bi Bizkaian.
"Plakak laborantza lurretan jartzeak elikadurarako lurrak kentzen ditu eta espekulazioa sortzen du", Iñigo Leza
Lezak azaldu du laborantza lurrak galtzea ekar dezaketela zentral fotovoltaikoek: "Horiek nekazal lurretan jartzeak eragin oso larriak izango ditu elikadura burujabetzarako. Batetik, elikadurarako lurrak kentzen ditu eta bestetik, espekulazioa sortzen du, zeren eta laborantza lurrak ordaintzen dira industrialak balira bezala; nekazari asko alokairuan daude eta alokairuen prezioa igo egiten diete, eta ondorioz nekazari txikiek utzi egin behar dute beraien lana. Azkenean, are esku gutxiagotan gelditzen da lehendik ere oso esku gutxitan dagoen elikadura".
Laborantza murrizteak eta mendiak industrializatzeak landagunea are gehiago hustutzea dakarrela azaldu du Lezak: "Bada landa eremuko herriak husteko joera bat, orain dela 60 urte baino gehiagotik datorrena. Jende asko hirietara joaten ari da. Ez Araban bakarrik. Hori gertatzen da jendeak ez daukalako herrian lan egiteko aukerarik, nekazaritza esku gutxitan kontzentratzen ari delako. Baina gure ustez joera hori hauspotzen ari dira, horrela errazagoa delako lur horiek kentzea, lurraldean gutxiago bagaude, zailagoa delako defendatzea". Lan bila hirira joatea berehala ulertzen dugu, baina gehiago kostatzen zaigu makroproiektuek zuzenean bertako herriak hustearekin izan dezaketen lotura ikusten: "Azken finean landa eremua industrializatzen ari dira. Lehen mendia ikusten zuen landa eremuan bizi zen jendeak, paseo bat ematera joaten zirenean naturaren parte sentitzen ziren, baina proiektu horiek aurrera badoaz eta herrietatik hain gertu kokatzen dituztenez, azkenean poligono industrial batean aurkitzen du bere burua herritarrak: bertan jaio dena agian mantentzen da baina ondorengoek joera daukate hirietara joateko. Hori aspaldi ikusten ari garen joera bat da".
Hiriak hiri eta mendiak mendi, pixkanaka lurraren eta lurraldearen aldeko borroka zabaltzen ari da Euskal Herrian, makroproiektuak (energia berriztagarrienak izan zein bestelakoak) ugaritzen ari diren aldi berean.
Araban borroka maila anitzetan dago antolatuta eta artikulatuta. Horren adibidetzat har daiteke urriaren 26an Gasteizen egin duten manifestazioa, 'Makroproiekturik ez' lemapean: hamazazpi eragilek deitu zuten manifestazioa eta haien artean baziren AHTren aurkako taldeak, Horrela Ez taldeak, Bizirik taldeak, laborariak eta elikadurari lotutako eragileak (Bionekazaritza, UAGA sindikatua, Elikadura Jasangarriaren aldeko mugimendua, Treviño eta Araba landaren alde elkartea)...
"Jende asko eta asko dago oso haserre eta lurraldea defendatzeko prest", Iñigo Leza
Lezak dio landa eremuan jende gehiena proiektu hauen aurka dagoela: "Jende asko eta asko dago oso haserre eta lurraldea defendatzeko prest. Manifestaziora atxikitu zen Arabako herrien herena, baina kontuan hartu behar da herri askori ez ziela denborarik eman batzarra biltzeko, eta batzuek propio bildu zirela atxikimenduaz erabakitzeko. Hirian, jendea ez da hain kontziente zer ekarriko luketen horrelako proiektuek eta propaganda handia dago, proiektu hauek aldaketa klimatikoaren irtenbide modura aurkezten dituena".
"Sistema aldatu behar dugu errotik eta energiaren eta materialen kontsumoa jaitsi behar dugu, bai edo bai", Iñigo Leza
"Berriztagarriak bai baina horrela ez" lema bere eginez, klima larrialdiaren irtenbidea beste norabide batean seinalatu du Lezak: "Argi dago sistema horrek ez daukala etorkizunik: izan ere, hazteko eta hazteko, etengabe aritu behar du gero eta energia gehiago kontsumitzen. Baina iritsiko da momentu bat non ez den egongo lekurik energia gehiago ekoizteko. Sistema aldatu behar dugu errotik eta energiaren eta materialen kontsumoa jaitsi behar dugu, bai edo bai. Berriztagarriak bai, etorkizunean paper nagusi bat jokatuko dute baina bai edo bai sistema aldatuta, energia ekoizpena deszentralizatuta eta dagoeneko antropizatuta dauden eremuetan kokatuta, adibidez, industrialdeetako eta etxeetako teilatuetan".
URA agentziak obrak “berehala” geldiarazi ditu, eta txostena ireki dio Red Electricari. Ez da lehen aldia bentonita isuriak atzematen dituztena. Obrek Gatika eta Europa konektatzea dute helburu.
Suaren presentzia naturan milioika urtetan izan da (gizakion agerpena baino askoz lehenagotik). Horregatik, ohikoa da landare askok suaren aurrean adaptazio ugari edukitzea. Gure inguruan arruntak diren arteek eta ametzek, adibidez. Baita txilar askok eta otea bezalako sastraka... [+]
2018tik 2023ra kolore berdea izatetik grisa izatera pasa den lur eremua 9.000 kilometro koadro ingurukoa da, Zipreren adinako azalera. The Guardian-ek argitaratu duen ikerketaren arabera, etxebizitzen eta errepideen eraikuntzara ez ezik, luxuzko turismo, kontsumo eta aisialdira... [+]
Altri multinazionalak Europako zelulosa lantegi handienetakoa eraiki nahi du Galizian, Palas del Rei herrian, lyocell deituriko zuntz "jasangarria" ekoizteko. Eukaliptoak, ura, moda-industria indartsua eta oligarkia politiko diruzalea. Dena du alde horretarako. Dena?... [+]
Berotegi gasen emisioak eta atmosferaren kutsadura murriztu egin diren arren, ingurumenaren egoera ez da ona Europan, kontuan harturik naturaren degradazioak, gehiegizko ustiapenak eta biodibertsitatearen galerak dakartzaten ondorioak, Europako Ingurumen Agentziak bost... [+]
Silurikoan sortu omen ziren, kontuak atera! Duela 400 milioi urte edo gehiago. Beraz, planetako lurretan azaldu ziren lehenetako animaliez ari gara, ez da txantxetarako kontua. Eta oraindik txantxa gutxiago, garai hartako espezie batzuek luzeran bi metro ere bazituztela jakinda... [+]
Garuna dirudi, bai, intxaur alearen mamiak. Garun bikoitza. Alearen edo garauaren barrukoari “intxaur-mami”, “intxaur-ister” eta “intxaurki” esaten zaio.
Uztailaren erdialdean aurkeztu zuten 2027tik aurrera Europako Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) izango dena, eta proposamena izugarria da: NPBaren egitura desegitea eta azken urteotan lortutako aurrerapen urriak suntsitzea.
Pirinioetako eta Iberiar Penintsulako mendien katalogoa gehitu dugu Mendiak aplikaziora. Abuztuan hazi zen mendi katalogoa, eta dagoeneko igoera mordoxka bat erregistratu dituzte erabiltzaileek. Webgune gisa kontsulta daiteke Mendiak.eus, baina erabilpen aproposerako, app bidez... [+]
Public Eye eta Unearthed Gobernuz Kanpoko Erakundeek eman dute gehiegikeria horren berri irailaren 23an plazaraturiko txostenean. Inportatzaileen zerrendan 93 herrialde ageri dira, eta horietatik hiru laurdenak diru sarrera txikiak edo ertainak dituzten herrialdeak dira.
Orain da unea eta ez dugu denbora askorik. Baina, zer egin? Nondik hasi? Nora jo? Badugu gaitasun teknikoa, bide-orri argi bat falta zaigu, adostasun zabal bat. Oinak lurrean eta lokatzari aurre egiteko prest, berandu baino lehen ekin beharreko bideaz aritu gara Marta... [+]
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako 250 sagastietan hasiak dira jada sagar biltzen. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagozkien iazko datuekin alderatuta, uzta handiagoa izango da aurten. Orotara sei-zazpi milioi kilo biltzea aurreikusten dute, datu zehatza urte bukaerarako izango... [+]
Azken urteotako uda bukaera guzietan bezala, Ipar hemisferioko suteen kalteak zenbatzen ari gara, eta zenbakiak ikusi arren, oraino zaila zaigu arazoaren munta eta horri loturiko arriskuaren ezaugarriak ulertzea. Halere premiazkoa da, horren arabera lurraldeak prestatu beharko... [+]
Sarraskiak ez du etenik Palestinan, eta lurraldeko txoko guztietara hedatzen ari da. Uztailaren 31n, Hebrongo (Zisjordania) Hazien Bankuaren Ugalketarako Unitateari eraso zion Israelek; bulldozer eta makineria pisutsuarekin bertako instalakuntza eta azpiegiturak suntsitu zituen... [+]
Udazkeneko zenbakia aste honetan jasoko dute ARGIAko kideek, edo berariaz Bizi Baratzeako kide egin direnek.