Durão Barroso presidente ohia ikertuko du Europako Batzordeak, Goldman Sachsen aholkulari aritzeagatik

  • Europako Batzordeak ezohiko neurriak hartuko ditu azken urteetan zeresan gehien eragin duen ate birakari kasuari erantzunez. José Manuel Durão Barroso Batzordeko aurreko presidentea Goldman Sachs inbertsio-bankuaren aholkulari hasi zenean, uztailean, fitxaketa EBren arauak betez egin zela defendatu zuen Bruselak. Orain, ordea, Jean-Claude Juncker presidenteak, Europako Arartekoaren eskari bati ihardetsiz, iragarri du ikertu egingo dutela Barrosoren zeregin berriak ondorio etikorik ba ote duen. Gainera, protokolozko pribilegioak kenduko dizkiote Batzordeko buru izandakoari.

     


2016ko irailaren 13an - 12:01
José Manuel Durão Barroso (Argazkia: EPP-CC By)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

EBko komisario ohiek Batzordea utzi eta ondorengo hamazortzi hilabeteetan hartzen dituzten karguen berri eman behar diote batzorde etiko bati. Barroso joan den uztailean hasi zen Goldman Sachsen, europar erakundeei jakinarazi gabe baina presidente izateari utzi eta hogei hilabetera; horregatik, ezer irregularrik ez zegoela adierazi zuen Europako Batzordeak.

Alabaina, europar funtzionario talde batek 100.000 izenpe baino gehiago bildu zituen change.org plataformaren bidez, Goldman Sachsentzat lanean hasteagatik Barrosoren aurkako neurri eredugarriak eskatuz –besteak beste, presidente ohia izateagatik dagokion pentsioa kentzea–. Azkenik, Emily O-Reilly Arartekoak presidente ohiaren “ardura eta zeregin berriei buruzko azalpenak” eskatu zituen.

Beste edozein lobbygile bezala

Batzordeak, Jean-Claude Junckerren ahotik, azkar bai azkar erantzun dio O´Reillyri, noiz eta Europako kurtso politikoa irekitzear denean, Legebiltzarrean Batasunaren egoerari buruzko eztabaida eginez. Junckerrek iragarri du Barrosoren kargu berriaren alderdi etikoak ikertuko dituztela, eta presidente ohia izateagatik zegokion “pribilegiozko sarbidea” galdu egingo duela. Aurrerantzean, beste edozein lobbygile bezala tratatua izango da Barroso. Haren egiteko berrien artean, Brexitak Goldman Sachsentzat izan ditzakeen ondorioez aholku ematea dago.

Finantza-enpresa ezagunak, besteak beste, parte hartu zuen Greziaren zor publikoa urte luzez ezkutatzeko egindako operazioan, Europako Batzordeko presidentea Barroso bera zela.   

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Europako Batzordea
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.