Dramaturgia berrien burrunbari begiratuko dio Eztena jaialdiak

  • Arte-eszenikoen programazioetan ohikoak ez diren obren erakustoki eta laborategi bilakatuko da Errenteria-Orereta ekainaren 5etik 12ra egingo duten Eztena jaialdian. Askotarikotasunari eta arriskuari begiratzeko parada izango da.

Argazkia: Eztena jaialdia

2022ko maiatzaren 24an - 12:34

Ibilbide luzea du Eztena arte eszenikoen jaialdiak, 14. urtea baitu aurtengoa. Sorreran, Errenteria-Oreretako hainbat antzerki sortzaile eta konpainia elkartu ziren, dramaturgia berriei leiho bat zabaldu eta estetika eta antolakuntza modu konbentzionalei jarraitu beharrean arriskua hartzen zuten konpainiei eta obrei espazioa eskaintzeko. Asko ziren orduan plazarik ez zeukaten edo programazioetan lekua topatzeko zailtasunak zituzten proposamenak. Gaur egun ere mugimendu handia da, eta arriskuak ez dio arrisku izateari utzi. Antzokiak betetzen dituzten proposamenak bezain beharrezkotzat dituzte ikerketa, esperimentazioa eta bestelako lehentasunak dituzten proiektuak.

Zizt! kultur elkarteak, Mikelazulo kultur elkarteak eta Errenteriako Udalak antolatutako jaialdia elkargune ere izango da, eta horretarako espazio propio bat inauguratuko dute Mikelazulon ekainaren 10ean. Antzerkia modu pasiboan jasotzeko baino konpainiak, publikoa eta programatzaileak elkartzeko lekua izango da. Izan ere, arriskuak hartzeko aukera landu, irabazi eta zaindu egin behar dela azpimarratu dute antolatzaileek, publikoa sortu egin behar dela.

Obra amaituez gain sortze prozesuan daudenak ere ikusi ahalko dira aurten, hastapenetan edo prozesuan dauden lanak laguntzeko emandako Zizteberg bekei esker. Prozesu hori erakutsiko dute beka jaso dutenek ekainaren 11n. Orotara hemezortzi proiektu aurkeztu dira, eta horietako sei hautatu dituzte. Antolatzaileek gaineratu dutenez zaila izan da hautaketa egitea, eta ez bekei dagokienez soilik, jaialdian ere ezin izan baitituzte nahiko lituzketen obra guztiak programatu.

Bigarren urtez Ikusle Kluba ere egingo dute jaialdian, EHAZErekin elkarlanean. Iaz sortu zuten programa pilotu gisa eta geroztik ibilbide propioa egin du klubak, beste jaialdi eta emanaldi batzuetan. Eztenako bi emanaldi landuko dituzte: Metrokoadrokak ekainaren 5ean eskainiko duen eta lan prozesuan dagoen Zeozertan dabil baina ez dakit zertan antzerki-performancea eta ekainaren 12an L’Alacran konpainiak eskainiko duen Makers antzerki-performancea. Eneritz Artetxek eta Maider Galartzak gidatuko dute kluba eta saioak euskaraz izango dira. Parte hartzen duten ikusleek antzerkia nola begiratu lantzeko formazio txiki bat jasotzeko aukera izango dute, eta emanaldien ostean elkarrekin hitz egiteko eta aztertzeko espazio bat izango dute.

Jaialdirako sarrerak eztena.eus webgunean eskuragarri daude, eta baita emanaldien inguruko informazio xeheagoa ere. Dohainik dira sarrera guztiak.

Egitaraua

Ekainak 5

Taldea: Metrokoadroka.

Emanaldia: Zeozertan dabil baina ez dakit zertan.

Izaera: Antzerki-performancea, work in progress.

Non/Noiz: Lekuona Fabrikan, 19:00etan.

 

Ekainak 10

Taldea: Idoia Zabaleta.

Emanaldia: Ikusmenaren masaia/Masaje de la visión.

Izaera: Ekintza-performancea.

Non/Noiz: Mikelazulo kultur elkartean, 10:00 / 11:30 / 13:00 / 15:30 / 17:00 / 19:00.

 

Taldea: Eztenako lantaldea.

Emanaldia: Mikelazuloko elkargunearen inaugurazioa.

Izaera: Brindis performatiboa.

Non/Noiz: Mikelazulo kultur elkartean, 18:00etan.

 

Taldea: Dxusturi Teatroa.

Emanaldia: Lakoste.

Izaera: Antzerkia.

Non/Noiz: Niessen auditorioa, 19:00etan.

 

Taldea: Las XL.

Emanaldia: Degenérate mucho.

Izaera: Antzerkia.

Non/Noiz: Niessen auditorioa, 20:30etan.

 

Ekainak 11

Taldea: Idoia Zabaleta.

Emanaldia: Ikusmenaren masaia/Masaje de la visión.

Izaera: Ekintza-performancea.

Non/Noiz: Mikelazulo kultur elkartean, 10:00 / 11:30 / 13:00 / 15:30 / 17:30 / 19:00.

 

Taldea: Eider Pérez eta Amets Cañizares / Laura Penagos eta Lorena Arangoa / Irati Vélez Ruiz eta Idoia Tapia Martínez (SASTAKAI taldea) / Mikel Tejada / Orfilia Seijas / Hodei Arrastoa eta Amaia Irazabal

Emanaldia: PIEZAK. Zizteberg beken emaitzak.

Izaera: Antzerkia, dantza, performancea. Erakustaldia eta solasaldia publikoarekin.

Non/Noiz: Niessen auditorioa, 18:00etan.

 

Taldea: Gilkitxaro.

Emanaldia: ETAren agiri bulegoa.

Izaera: Antzerkia.

Non/Noiz: Niessen auditorioa, 21:00etan.

 

Ekainak 12

Taldea: Idoia Zabaleta.

Emanaldia: Ikusmenaren masaia/Masaje de la visión.

Izaera: Ekintza-performancea.

Non/Noiz: Mikelazulo kultur elkartean, 09:30 / 11:00 / 12:30 / 14:00.

 

Taldea: L’Alacran.

Emanaldia: Makers.

Izaera: Antzerki-performancea.

Non/Noiz: Lekuona Fabrikan, 19:00etan.

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#2
#3
Olaia Salazar Urrutia
#4
#5
Barbara Miller
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzerkia
2024-02-28 | dantzan.eus
Lau pastoral plazaratuko dira 2024 urte honetan

Aurtengo urtea emankorra izango da pastoralei dagokionez, lau pastoral emango baitira; bi Zuberoan eta beste bi Zuberoatik kanpo: Iruñean (Nafarroa) eta Xarneguko (Lapurdi-Nafarroa Beherea) zonaldean. Gure herriko lau historia ezagutaraziko dira oholtzan antzerki,... [+]


Xabin Fernandez eta Intza Alkain. 'Kanpora sartzen' antzezlana
"Zuen bizitzan lehen aldiz, herrian ikusiko duzue GIBa"

2013an, medikuaren telefono deia jaso zuen Xabin Fernandezek (Legorreta, Gipuzkoa, 1985). Diagnostiko garbia eman zioten: GIBa. “Seropositiboa zara”. Bizitzak 360 graduko buelta eman zion orduan. Mamuak agertu zitzaizkion: beldurra, amorrua eta lotsa, besteak beste... [+]


Eguneraketa berriak daude