Donostia: gizonen hiria?

  • Non daude emakumeen izenak? Donostiako espazio publikoen izendegian emakumezkoen izena aurkitzea lan zaila da. Grosen, esaterako, ez dago emakume izena duen elementu bakar bat ere. Emakumeak eta Hiria Foroak urte ugari daramatza hiria genero ikuspegitik lantzen, eta gabezia hori grafikoki irudikatu dute mapa interaktibo batean.

Iturria: Emakumeak eta Hiria Foroa.

2019ko ekainaren 17an - 11:56

Donostian oso emakume izen gutxi daude kale izendegian, eta, gainera, horietatik asko errege-erreginen familia eta ahaideak dira, edota erlijioari lotutakoak. Baieztapen horri helduta, hiriko kale izendegian dagoen emakume gabezia ikusarazteko mapa interaktibo bat sortu du Emakumeak eta Hiria Foroak. Egitasmoa EHUko Emakume eta Gizonen berdintasunaren gaineko Masterraren praktika batzuetatik sortu zen, Donostiako Emakumeen Etxea elkartean egindakoak. Hain zuzen, La Antiagresiones indarkerien aurkako taldean eta Emakumeak eta Hiria Foroan egin zituen Maialen Ruiz Pradak praktika horiek. Azken talde horretan egin zuen topo Ana Txurruka Donostiako Udaleko berdintasun teknikariarekin, eta biak ibili dira egitasmoaren inguruan lanean. Egun, biak dira Foroko partaideak.

Mapak bi helburu nagusi ditu:?alde batetik, hiriko kale eta espazio publikoen izendegian dauden emakumeak ikusaraztea, eta bestetik, horiei aitortza egitea. «Ez da nahikoa emakume izena duten lekuak egotea, garrantzitsua da baita ere nor diren jakitea», azaldu du Txurrukak. Guztira, 894 kale, plaza, pasabide, eta abar daude Donostian, eta horietatik 49k dute emakumeen izena eta 285ek gizonezkoena. Ruiz Pradak esandakoaren arabera, zaila da datu zehatzak ezagutzea, irizpideak askotarikoak izan daitezkeelako:?emakumezkoen eta gizonezkoen izen zehatzak dituztenak, genero bakoitzarekin zerikusia duten ogibideak, eta abar. Hala ere, gutxi gorabeherako datuek honakoa diote:?kale izendegian agertzen diren kale guztiak kontuan hartuta %37 dira pertsonak, eta horietatik, gutxi gorabehera, %32 gizonak eta %5 emakumezkoak.

Ruiz Pradak Foroan praktikak hasi zituenean Jane-en ibilaldia [mundu osoan Jane Jacobs urbanistaren omenez antolatzen diren ibilaldia] deituriko egitasmoa prestatzen ari ziren, eta orduan ikusitakoak jakin-min handia sortu zion:?Donostiako kale izendegian emakume izena zuten kale kopurua zein izango zen jakin nahi zuen. Azaldu du Txurrukarekin hitz egin eta Aranzadi Zientzia Elkarteak 2011n osatutako Donostiako kale-izendegiaren berri eman ziola. «Oso lagungarria izan da txosten hori, baina nik nahi nituen helburuak betetzeko beste mota bateko lana behar nuen. Alde batetik, txostena 2011koa da, eta ez dago eguneratua. Bestetik, txostena testuz osatuta dago, eta pentsatu genuen gaur egun zerbait interaktiboagoa egitea oso eraginkorra izango zela», adierazi du. Gainera, pauso bat gehiago eman eta harago joan nahi izan dute;?Aranzadiren txostenean jasotako kale eta espazio publikoen izenez gain, emakumeen presentzia adierazten duten elementuak jaso dituzte, esaterako, emakumeak agertzen diren muralak.

Mapa interaktiboa

Ruiz Pradak Foroaren babesarekin osatu duen mapa interaktiboa Donostia.eus atarian aurki daiteke, eta emakume izena eta emakumeekin zerikusia duten hiriko elementuak sei multzotan banatu dituzte:?kaleak, pasealekuak, pasabideak eta antzekoak; emakumeen lanbideak; beste elementuak; eskulturak; parkeak eta plazak. Mapak elementuak bistaratzeko bi aukera eskaintzen ditu:?alde batetik elementu guztiak ikus daitezke batera, eta bestetik, elementuak multzoka ikus daitezke, adibidez, parkeak eta plazak bakarrik. Multzo bakoitza ikur desberdin batekin irudikatu dute. «Mapa eratzea oso garrantzitsua izan da, grafikoki erakusten duelako zein den emakumeen presentzia sinbolikoa gure hirian», baieztatu du Ruiz de Pradak.

Gainera, mapan agertzen diren emakume batzuek sarrera bat dute Wikipedia entziklopedia digitalean, eta horien ikurraren bitartez bakoitzari dagokion estekara heldu daiteke. Proiektuak, hortaz, funtzio bikoitza du:?emakume horien inguruko informazioa zabaltzea, eta entziklopedia horretan dagoen genero arrakalaren inguruan kontzientziatzea. «Genero arrakala oso handia da, bai editoreen aldetik, baita edukiei dagokionez ere, eta horri aurre egiteko taldeak sortu dira, adibidez, WikiMujeres eta WikiEmakumeok», azaldu du Ruiz Pradak.

Maparen abiapuntua Olatu Talka jaialdi batean Foroak egindako jarduera bat izan zela azaldu dute. Bulebarrean panel handi batean Donostiako mapa jarri zuten, eta herritarrak gonbidatu zituzten han gometsak jartzera, ezagutzen zituzten kaleetan. «Konturatu ginen jendeak ezagutzen zituen kaleak gizonezkoen izena zutela, eta emakumeenak baino erdialderago zeudela kokatuta», esan du Ruiz Pradak. Jarduera horretan ateratako ondorioa berretsi dute mapa osatu ostean, eta gainera, beste hainbatetara ere iritsi dira. Alde batetik, ikusi dute emakume izena duten espazio publikoak hirigunetik urrun kokatuta daudela, gune periferikoetan eta jendea pasatzen ez den guneetan.

Emakumeen presentzia bermatzea garrantzitsua da, baina herritarren egunerokotasunean espazio horiek zein presentzia duten ere kontuan hartu behar dela uste du Txurrukak:?«Prim jeneralaren kalea, esaterako, herritar askoren egunerokotasunean dago, etxebizitzak eta saltokiak daudelako han, baina Bidebietan dagoen Gloria Fuertesen pasabidea, aldiz, kalexka labur bat da eta oso jende gutxi igarotzen da bertatik». Horrek sinbolikoki pisu handia duela baieztatu dute, izan ere, izen horiek ez baditu inork erabiltzen ikusgarritasunean eragin zuzena dute. «Egiako Benita Asasen plazarekin gauza bera gertatzen da, ez badauka ataririk, eta ez bada herritarrentzat topagune bat, emakume horren presentziaren normalizazioa ez da bermatuta egongo», jakinarazi du Berdintasun teknikariak.

Ondorio hori esplikatzeko beste adibide argi bat jarri dute. Groseko lorategi txiki bati Karmele Esnal ikastolen sustatzaile eta euskaltzalearen izena jartzea erabaki zuen legealdi honetako azken udalbatzak, kale izendegiari lotutako EH Bilduren proposamena onartu ostean. Karmele Esnal Orion jaio zen, 1932an, baina haurra zela etorri zen Donostiara bizitzera. Maistra-ikasketak egin ostean, irakaskuntzan hasi zen lanean 1950eko hamarkadan, Elbira Zipitriaren eskutik. Ikastolen sustatzaile garrantzitsua izan zen hirian, eta 1965az geroztik Santo Tomas Lizeoan egin zuen lan, erretiroa artu zuen arte. «Nik betidanik trianguloa deitu izan diodan lorategitxoari jarriko diote izen hori, baina nik uste dut inork ez duela erabiliko», aitortu du Ruiz Pradak. Grosen dagoen gabezia oso nabarmena dela gaineratu du, eta aspaldi eraikitako auzoa denez, kaleei izenak aldatzea oso zaila izaten dela gaineratu du. Hala ere, beste aukera batzuk badira, esaterako, eskultura berriak jartzea.

Emakumeen presentzia handitzeko aukera paregabea ikusi dute hirian eraikitzen ari diren auzo berrietan. Txominenean, esaterako, osatu dituzten kale berrietako hiruri emakume izena jarri diotela jakinarazi dute. «Orain dagoen egoera konpentsatzeko Txomineneko kale guztiek emakume izena izan beharko lukete, eta hala ere, ez genuke kopurua berdinduko», dio barre artean Txurrukak.

Bestalde, ikusi dute mapan jasotako emakume asko errege-erreginen familia eta ahaideak direla, edo erlijio kristauari lotutakoak:?Kristina Enea parkea, Isabel II.aren hiribidea, Erregina Erregeordearen kalea, Maria Kristina Erreginaren estatua, Beatriz Infantaren kalea, eta abar. «Gure kalkuluen arabera, monarkiari eta erlijioari lotutakoak laurden bat dira, eta kopurua oso altua da emakumeak bakarrik kontuan hartzen baditugu», azaldu du Ruiz Pradak. Txurrukaren ustez, Donostiaren hiri ereduarekin eta horren sinbolismoarekin lotura du horrek:?«Donostiaren izaera historikoki burgesa eta monarkikoa izan da, eta horren adibide da espazio publikoaren izendapena». Esparru horretan laikotasuna lortzea asko kostatuko dela ziur dago Berdintasun teknikaria, baina gai horiek mahai gainean jartzea «oso garrantzitsua» dela gaineratu du.

Ari dira

Hiria, hirigintza eta mugikortasuna genero ikuspegitik lantzen hasi zen Emakumeak eta Hiria Foroa 1997an, eta ordutik lorpen ugari erdietsi dituzte esparru horretan. Foroan askotariko profil eta esparrutako emakumeak biltzen dira:?abokatuak, historialariak, arkitektoak, antropologoak, mugikortasunean lanean ibili direnak, auzoetako emakume elkarteetatik datozenak, eta abar. Horrek hiria beste ikuspegi batetik begiratzea ahalbidetzen duela azaldu du Txurrukak:?«Emakumeen beharrei buruz hitz egiten dugu, baina ez ditugu soilik emakumeen beharrak lantzen. Hau da, egoera zaurgarrian dauden emakumeen beharrak ikusten eta barneratzen baditugu lortuko dugun hiria askoz inklusiboagoa izango da». Azken finean, egoera zaurgarrienean dauden kolektiboen beharrak kontuan hartuta, orduan lortuko da gainerako herritar guztien beharrak ere bermatzea.

Gainera, azaldu dute emakumeen beharrek lotura handia dutela beste kolektibo batzuen beharrekin. «Hiri gehienak produktibitate kapitalistaren beharrei erantzuteko sortuak daude, eta ez pertsonen arteko zaintzak ahalbidetzeko. Horrela, bi esparru nagusitan egin dute lana orain arte, betiere ikuspegi feministatik:?hirigintzaren alderdi materialean, eta sinbolikoan. Lehen arlo horren barruan, adibidez, gogoratu dute Foroaren aldarrikapenei esker lortu zutela hiriko autobus publikoetan haur-kotxeek sarbide zuzena izatea. Bigarrenean, berriz, Donostiako Udalean proposamen ugari egin dituzte, horietako bat Antiguako Satrustegi hiribideko lorategiei emakume izena jartzekoa. Txurrukak azaldu du:?«Lehen gasolindegia zegoen gune horri emakume izena jartzea proposatu dugu, eta zonalde horretan etxebizitza gutxi dauden arren, taxien geltokia han dago». Horrek, lehen aipatutako ikusgarritasunean eragingo duela ziur dago.

Hiriko beste hainbat eragile ere kontziente dira herritarren iruditerian kale izendegiak duen garrantziaz, eta arlo berean ari dira lanean. Esaterako, Groseko Asanblada Feministak ekintza bat egin zuen joan den martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, hain zuzen. Greba feminista zela eta, Grosen grebalariek hainbat ekintza aldarrikatzaile egin zituzten goizean zehar. Besteak beste, Okendo kultur etxeari eta Kolon pasealekuari izenak aldatu zizkieten pankarta eta pegatinekin, «gizon militar, kolonizatzaile eta zapaltzaileek ohorezko lekurik merezi ez dutelako». Berezko izenen ordez, ekintzaileek Esther Ferrer artista donostiarraren izena jarri zioten kultur etxeari, eta Berta Caceres Hondurasko aktibista ekologistarena Kolon pasealekuari. Urtetako borrokaz egindako lorpenak azpimarratu dituzte Txurrukak eta Ruiz Pradak, baina oraindik egiteko asko dagoela gaineratu dute.

Berdintasun teknikariaren ustez «oso momentu interesgarrian» gaude oraintxe bertan, Donostia hainbat gauzetan eraldatzen ari delako. Bere ustez, herritarrok nahi dugun hiri ereduaren inguruko hausnarketa egitea ezinbestekoa da une honetan, eta horretarako gako nagusietako bat turismo ereduaren inguruko hausnarketa dela baieztatu du:?«Zaintza erdigunean jarriko duten hiriak nahi baditugu, eta pertsona guztientzat hiri jasangarriak nahi baditugu, denon artean landu beharko genukeela argi dago. Erronka handiak ditugu Donostian».

Espazio publikoen izendegia mapa interaktibo eta ireki batean irudikatzeko proiektua garatzen jarraituko dutela jakinarazi dute, hari horri tiraka, hiri inklusibo bat lortzeko asmoz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kale izendegia
Frankismoak errepresialatutako emakumeen izenez jantziko dira Txantreako karrikak

Hiru urteko lanaren emaitza jaso du Iruñeko Udalak sinatutako dekretuak. Auzotik sortutako ekimenari esker, zazpi kale eta hiru plaza izendatuko dituzte.


2023-12-13 | Axier Lopez
Gipuzkoa konkistatu zuen Gaztelako erregearen omenezko kaleari izena aldatu dio Arrasateko Udalak herritarren eskariz

Gipuzkoa Nafarroako Erresumatik aterarazi eta Gaztelarentzat konkistatu zuen Alfonso VIII. erregearen omenezko kaleari izena aldatuko diote. Horren partez, “17 emakume" deituko da kale hori, frankismoaren lege matxisten aurka borroka egin zuten herriko emakume batzuen... [+]


2022-09-23 | ARGIA
Kale izendegi parekidea helburu, Veronica Urkiola plaza inauguratuko dute Hondarribian

Hiriko paisaian eta zehazki kaleetan emakumeek duten presentzia urria orekatzeko asmoz, zazpi plazari emakumeen izenak jartzea proposatu zuen Hondarribiko Emeki emakumeen elkarteak. Zazpigarrena inauguratuko dute larunbat honetan: Veronica Urkiola Lekuona plaza.


Karriketako plakak euskaraz ere jartzea "gure hizkuntza kalean ikusgai egiteko aurrerapauso handia izan da"

Sartagudako esperientziari jarraiki, zonalde ez euskaldunean kokatuta dagoen Lodosan ere gaztelania hutsean zeuden karriketako plakak bi eletan jartzea lortu du Lodosa Bizirik ekimenak. "Euskara bere lekua hartzen eta poliki-poliki bidea egiten" ari dela kontatu digu... [+]


Eguneraketa berriak daude