Donapaleuko frantziskotarren komentuko ondarea berriro argitara

  • Donapaleuko frantziskotarren etxeak garrantzia berezia du herritarrentzat, baina Euskal Herriko kulturgintzan eta herrigintzan ere esanguratsua da. Herriko etxeari saldu ziotenetik, ordea, erabat hustu dute, bertako jarduera guztiak kanporatuz eta ondarea ezabatuz. Esaterako, Xabier Egaña margolariak hormetan egindako margolanak estali zituzten komentu zaharra museo bilakatzeko berritu zutenean. Orain ari dira, gutxika, ondare hori berriz ere argitara ateratzen eta herriari itzultzen, joan den urteko bozetan Loustaudaudineren oposizioa garaile izan ostean.


2021eko otsailaren 08an - 14:44
Langileak Egañaren margoen gainetik pladurra kentzen

Zabalik elkarteak eman du berria: Xabier Egaña (Areeta, Bizkaia, 1943) margolariak Donapaleuko frantziskotarren komentuan egindako margolanak, azken urteetan “ehortzita” egon direnak, argitara atera dituzte berriro ere. Zabalik elkarteak auzapez berriari agertutako kezken ostean etorri da aldaketa, 1994tik 2020ra bitartean Donapaleuko (Nafarroa Beherea) auzapeza izan den Jean Jacques Loustaudaudinek bozak galdu ostean.

Historia luzea du Donapaleuko frantziskotarren etxeak: 1800. urtean sortu zen komentua, eta 1903 eta 1938 artean izan ezik bertan egon ziren frantziskotarrak, 2005ean komentua herriko etxeari saltzea erabaki zuten arte. Pixkanaka gertatu zen prozesua. 2002an bertan zegoen Santxo Iturrioz fraidea lekuz aldatu zuten eta fraide frantses talde bat geratu zen. Beraiek egin zuten salmentarako tratua. Herriko etxeak dohaintza anonimo bat jaso zuen frantziskotarren etxea erosi ahal izateko. Vox populi da orduan Donapaleuko auzapeza zen Loustaudaudinek jarri zuela diru hori. Beranduago ere antzeko dohaintza bat jaso zuen herriko etxeak, osasun etxe baten proiekturako.

Donapaleuko frantziskotarren etxeak garrantzia berezia du herritarrentzat, baina Euskal Herriko kulturgintzan eta herrigintzan ere esanguratsua da. Komentua leku “humanoa eta irekia” zen, Zabalik elkarteko Mattin Irigoienen hitzetan. Bertan elkartzen ziren hegoaldeko zein iparraldeko fraideak, eta baita frantsesak ere, eta bizitza jendartean egin eta jendartean ekiteko asmoz jarduten zuten. Haien etxeko ateak behar zuenarentzat zabalik zeuden, ez zioten inori pentsatzen edo sinesten zuena galdetzen. Mugimendu politikoentzako zein behartsuentzako aterpe zen lekua, bertan abiatu ziren euskara ikasteko gau-eskolak, eta eskolako haurrek jangela erabiltzen zuten. 1993an Zabalik elkartea sortu zuten, frantziskotarren etxeko jarduna aurrera eramateko. Irigoienek dioenez, herriko burgesiak eta bertako elizako kontserbadoreek talkak izan zituzten frantziskotarrekin eta begitan hartuta zeukaten komentua eta biltzen zuena.

 

 

Egañak 80ko hamarkadan margoturiko dantzariak
(Argazkia: Zabalik elkartea)

 

 

 

Behin 2005ean komentua salduta, herriko etxeak bertan lan egiten zuen Zabalik elkartea bota zuen. Gainera, hutsarazi egin zuten frantziskotarren etxea, erosketa tratuaren parte izaki eraikinak hutsik egon behar zuela. Bertako ondarea bildu eta antolatzeari ekin zion elkarteak. Komentuarekin lotura estua zuen Manex Erdozaintzi-Etxart (1934-1984) poeta eta pentsalariaren artxiboa eta liburutegia atera behar izan zuten, eta urtero antolatzen dituzten Otsail ostegunak jardunaldiak birkokatu, esaterako. Komentuko hormetan geratu ziren, ordea, Xabier Egañaren margolan batzuk. 80ko hamarkadan eginiko bat, dantzariak erakusten dituena, eta 1999an jangelako hormetan egindako beste zenbait. Egaña, frantziskotarra bera, Arantzazuko basilikako Ama Birjinaren ganberatxoa dekoratzen lan egindakoa da, besteak beste.

2006ko urrian frantziskotarren etxea hutsik geratu zen, beraz, eta 2014ra arte ez zen beteko zuen proiekturik egin. 2014an, herriko etxeak Chemins/Bideak proiektua aurkeztu zuen. Beilarientzako aterpea berritu, Donejakue bidea moldatu, komentuko baratza aldatu eta eraikinean museoa, erakusketa-gela eta ikus-entzunezko sala bat egitea zen asmoa.

2016an zabaldu zuten Chemins/Bideak espazioa. Mattin Irigoienek dioenez ez du berebiziko arrakastarik izan, axaleko turismoa baino ez du ekarri, eta herriko bizitik kanpo geratu da, baina, gainera, museoa egiteko “iragana ezabatu dute, itxuraldatu”. Baratza da horren froga argietako bat: benetako baratza zegoen komentuaren lurretan, jakiak ematen zituena. Proiektu berrirako, ordea, harriak ekarri zituzten, eta landare exotikoak, kanpotik. “Zerbait artifiziala” da emaitza, Irigoienen esanetan. Xabier Egañaren margolanena da beste adibide garbia. Pladur oholen ostean geratu ziren, “ehortzita”.

Donapaleutarrek atxikimendu handia zioten lekuari, eta gertatu denarekin asko sufritu dute, Irigoienen iritziz. Joan den urteko bozetan, ordea, Loustaudaudine ez zen aurkeztu eta oposizioak irabazi irabazi zien bere ordezkoei. Egungo auzapez Charles Massondok gertukoagoa du frantziskotarren etxea. Berriro nahi ditu ateak zabaldu eta bertako ondarea baloratu.

Zabalik elkarteak joan den urrian aipatu zuen auzapez berriarekin Egañaren margolanen auzia, 1620ko ediktuaren harira antolatutako jardunaldietan, eta hortik etorri da berriro ere argitara atera izana. Irigoienek esperantza du duen garrantzia aitortuko zaiola lekuari eta urteetako jardunari, eta herriari itzuliko zaiola komentu zaharra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pintura
Van Goghen koinata eta fenomenoaren ama

Bussum (Herbehereak), 1891ko azaroaren 15a. Johanna Bongerrek (1862-1925) zera idatzi zuen bere egunerokoan: “Urte eta erdiz lurreko emakumerik zoriontsuena izan nintzen. Amets luze eta zoragarria izan zen, amestu litekeen ederrena. Eta ondoren sufrimendu izugarri hau... [+]


2023-09-17 | Julen Azpitarte
Beste munduko margolanak

Hilma af Klint (Solna, 1862 – Danderyd, 1944) artista suediarra pintura abstraktuaren sortzailetzat jotzen da egun, baina Vasili Kandinskiren aurretik, bere obra abstraktua ezkutuan izan zen 1980ko hamarkadaren erdira arte. Milaka margolan, testu eta koaderno sekretupean... [+]


Ekilore-zopa

Klimaren aldeko ekintzaile batzuek Van Goghen Ekiloreak koadroari zopa poto bat jaurtitzeaz, lehenbizi, zera esan behar da: munduko intentziorik onenarekin egindako ekintza izan dela. Bigarrenik berriz, aurrekoari erantsi behar zaio munduko intentziorik onenak ez duela askorik... [+]


Esnezaleak ezkutatzen duena

Johannes Vermeer margolariaren artelan ezaguna eskaneatu dutenean ezusteko elementu batzuk azaldu dira, egileak gero kendutakoak.


Eguneraketa berriak daude