“Gure seme-alabak biolentzia digitala kontsumitzen ari dira uste duguna baino askoz leku gehiagotatik”, dio pantailen kontsumoaren inguruan Espainiako Estatuan inoiz egin den azterketarik handienak. 100.000 haur eta gazte galdekatu dituzte, eta belaunaldi berriak kontsumo horren arriskuez eta ardurez kontzienteago direla ere badio ikerketak.
Sare sozialak, bideojokoak, pornografia, ziberjazarpena, gonbidapen sexualak… Segidan zerrendatuko dugun datu zaparrada handia utzi du Haurtzaroa, nerabezaroa eta ongizate digitala ikerketak (lotura honetan PDFa, gaztelaniaz). Red.es, Unicef, Santiago de Compostelako unibertsitatea eta Ingeniaritza Informatikako Eskolen Kontseilu Orokorra daude ikerketaren atzean, eta mezu argia dute: “Digitalizazioa aukera paregabea da haurtzarorako; inklusioa eta sormena bultzatzen ditu eta lotura sozial eta familiarrak indartzen ditu. Baina akonpainamendurik gabeko esposizio goiztiarrak arriskuak dakartza, eta osasun publikoko arazotzat hartu behar dira. Teknologiaren erabilera okerrak ekarri dezake ohitura osasuntsuak galtzea, neke mentala, norbere irudiarekiko presioa, ziberjazarpena edota eduki desegokietara sarbidea”.
10 eta 20 urte artean duten bostetik batek bost ordu baino gehiago igarotzen ditu sare sozialetan sartuta asteburutan
Lehen mugikorra 10,8 urterekin dute haurrek, batez beste. 10 urterekin dagoeneko %41ak du smartphonea, 12 urterekin %76ak, eta DBHra iristean kasik guztiek dute mugikorra (%92,8ak). Smartphonea duten galdekatuen erdiak berarekin egiten du lo eta askok ordu txikitan erabiltzen du.
Sare sozialak masiboki kontsumitzen dituzte nerabeek: %92,5ak gutxienez sare sozial bat du eta 75,8ak hiru edo gehiago. WhatsApp, YouTube, TikTok eta Instagram dira arrakastatsuenak. Lehen Hezkuntzan ere, 10 umetik ia 8k sare sozialak kontsumitzen ditu. 10 eta 20 urte artean duten bostetik batek bost ordu baino gehiago igarotzen ditu sare sozialetan sartuta asteburutan.
Galdekatuen kasik laurdenak dio bazkalorduan gurasoek mugikorra erabiltzen dutela.
Bostetik batek egunero edo ia egunero jokatzen du bideojokoetan. 10etik 7 eduki biolentoak dituzten bideojokotan aritzen da eta lautik batek helduentzako bideojokoak kontsumitzen ditu, muturreko biolentzia esplizituarekin.
"Lagunak ditugu nahiago dutenak etxean bideojokotan jolasten geratu, eta ez da ez dutelako kalera atera nahi, baizik eta jokoak diseinatuta dauden moduan ezin diotelako jokatzeari utzi"
Batez beste 11 urte ingururekin hasten dira pornografia kontsumitzen, %10ak egunero edo astero kontsumitzen du, eta gehienbat mutilek kontsumitzen dute. Hiru kasutik batean eskatu gabe iritsi zaizkio eduki pornografikoak galdekatuari. Nerabeen hiru laurdenak badaki zer den OnlyFans, %2,1ak dio kontua ireki duela plataforma horretan eta %8,6ak inguruan badu baten bat OnlyFansen dirua irabazi duena. %70ak dio etxean ez dutela sexuaz hitz egiten.
Gonbidapen sexualak
Erdiak baino gehiagok ezezagunekin hitz egin du sarean, laurdenak eduki sexualeko mezuak jaso ditu eta %9ak presioak jasan ditu argazki edota bideo erotiko eta sexualak bidal ditzan eskatuz, gehienbat nesken kasuan. Bikotekidea duten edo izan duten hiru nerabetik batek biolentzia digitala jasan duela dio, alegia mugikorra eta sare sozialak kontrolatzea, informazio pribatua zabaltzea edota mehatxatzea. Nerabeen %10ak ziberjazarpena jasan duela dio.
Ikerketak dio teknologiaren erabilera arduratsuan aurrerapausoak ikusi dituztela eta belaunaldi berriek arriskuen kontzientzia handiagoa dutela, aurretik egindako beste azterketa batzuekin alderatuta. Deskonexio digitalerako beharra azaleratu dute haur eta gazteek, eta heziketa digitala eta helduen akonpainamendua aldarrikatu dituzte. Galdekatutako haur batek dio, esaterako, “sare sozialak gazteak harrapatzeko eginak” daudela, eta beste gazte batek honakoa: “Lagunak ditugu nahiago dutenak kalera atera ordez etxean bideojokotan jolasten geratu, eta ez da ez dutelako kalera atera nahi, baizik eta jokoak diseinatuta dauden moduan ezin diotelako jokatzeari utzi”.
Pedro Sánchezek iragarri du birtualki urruntzeko agindua ezarriko dutela legez, eta grooming-a zigortuko dutela
Enpresa teknologiko handien ardura
Ikerketaren arduradunen arabera, “ezin da pisu guztia familien gain utzi, industria boteretsu bat dagoenean etxeetako ahultasuna baliatzen, hortik dirua irabazten eta gure seme-alaben arreta eskuratuz etekina ateratzen”. Antzeko ildoan hitz egin du Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteak: “Enpresa teknologiko handiei exijitzen diegu beren lana behingoz egin dezatela eta ez dezatela beste alde batera begira ziberjazarpen kasuen aurrean”.
Gobernua prestatzen ari den lege proiektuan, sare sozialetan aritzeko gutxieneko adina 14 urtetik 16ra igo nahi dute eta gogorrago zigortu nahi dituzte irudi sexual edo iraingarri ultrafaltsifikatuak (benetakoak diruditen irudi manipulatuak). Sánchezek iragarri du birtualki urruntzeko agindua ezarriko dutela legez, eta grooming-a zigortuko dutela (adin txikikoekin harremanetan jartzeko Interneten bere burua haur gisa aurkezten duen heldua).