Seguruenik, Sisiforen mitoa ezagutuko duzue. Mendian gora behin eta berriz igotzen zuen gixajoak harri handi hori. Kontakizun hau giza existentziaren metafora paregabetzat hartu da askotan. Mitoek, errealitatearen gertakariei zentzua ematen saiatzeaz aparte, heroien abenturei esker portaera eredugarriak irakasten zituzten. “Egizu Heraklesek bezala, gizon! Izan ausarta eta boteretsua!”. Askotan ahazten da, berriz, zigortu handien istorioen bitartez, jokaera desegokiak ere adierazten zituztela, abisu moral oso eraginkor bilakatuz. “Ez egin hau, Prometeo, edo betiereko zigorra jasoko duzu!”. Mehatxu horiek barneko ahots bihurtzen ziren horrela, gizakiei nola jokatu, eta nola ez, gogoraraziz. Dakigunez, Kristautasunak etekin handia atera zion mekanismo errepresibo honi.
XXI. mendeko bizimodua aztertuko bagenu, berehala konturatuko ginateke pentsamendu mitikoaren alderdi moral hori ez dela batere desagertu. Aitzitik, esan genezake oso modu eraginkorrean eraldatu egin dela historian zehar. Mitologia gorpuzten duten arketipo asko erraz identifikatu ditzakegu gure egunerokotasunean, are gehiago muturretara jotzen duen eta gorrotoz elikatzen den gizarte manikeo honetan. Gure alde ala gure kontra. Ona ala txarra. Normala ala ez normala. Heroia ala traidorea. Matxiruloa ala feminazia.
Filosofiaren historian, etengabe saiatu gara gure gizartean dauden hari moral ikusezin horiek identifikatzen, eredu horiek kritikoki aztertzeko eta deseraikitzeko. Azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, aproposa iruditu zait beste mito bat mahaigaineratzea eta miatzea. Beharbada, protagonistak emakumeak izanda, ez zaizue hain ezaguna egingo, historia zeharkatzen duten beste injustizia epistemiko batzuekin gertatzen den bezala.
"Feminista bezala, Danaideekin enpatizatu nahi dut. Nolabait, emakume askoren bizitza eta neure burua ikusten dut islatuta mito honetan"
Danaideak Libiako Danao erregearen berrogeita hamar alabak ziren. Orakulu batek Danaori iradoki zion bere bikiaren kontra, Egipto, eta honen berrogeita hamar semeen kontra, Egiptidak, ez borrokatzeko. Aholkua aintzat hartuta, Greziako Argosera ihes egin zuen alabekin. Tamalez, Egiptidek Danaideak aurkitu zituzten eta, gatazka hau konpontzeko, lehengusinekin ezkontzea proposatu zioten osabari. Danaok baietz esan zien, baina ilobez fidatzen ez zenez, alabei ezkontza-gau berean senarrak hiltzeko agindu zien. Alaba guztiek bete egin zuten aitaren nahia, nagusiak izan ezik. Hipermnestrak, Linceo bere senarrarekin maitemindu zenez, gizona salbatu egin zuen. Hori dela eta, aitaren gaitzespena sufritu zuen, bere agindua ez obeditzeagatik. Halaber, Danaok bikotekide berriak topatu zizkien beste alaba guztiei. Zendu zirenean, Danaideek betiereko zigorra jaso zuten Hadesean, iraganean egindako krimenagatik: eztei-bainurako erabiltzen ziren ontziak urez beteko zituzten eternitate osoan, murko hauek zulatuta zeudela jakin gabe. Bete bezain pronto, hustu egingo ziren suilak, borobil existentzial zoro bati hastapen berri bat emanez.
Mito hau bereziki hunkigarria egiten zait, patriarkatuaren sinbolotzat hartu ahalko genukeelako. Nire inguruari erreparatzen badiot, kontakizun honetako arketipo ugariak eta gure artean oraindik dirauten jokaerak aise identifikatu ditzakegu: emakumeen nahiak kontuan hartu gabeko hitzartutako akordioak, egiturazko indarkeria, familia barneko bortizkeria, zapalkuntza, maitasun erromantikoaren idealizazioa, patriarkatuari ez obeditzearen (eta obeditzearen) ondorio latzak, mansplaining-a, emakumezkoen rol tradizionala eta pairamenaren laudorioa eta, beren ahotsaren ezabatzea, beren nahiak, desioak eta ideiak guztiz ikusezin bihurtuz.
Feminista bezala, Danaideekin enpatizatu nahi dut. Nolabait, emakume askoren bizitza eta neure burua ikusten dut islatuta mito honetan. Gizarte mailan heteropatriarkatuak ezartzen dituen jokamoldeak eta sinesmenak deseraikitzeko orduan, Danaideak bezala sentitzen naiz askotan. Eztabaidak, erakundeak, kanpainak, tailerrak, ikastaroak, hitzaldiak, liburuak, aldarrikapenak, aldizkariak, manifestaldiak, lege berriak, kontzentrazioak, hezkidetza proiektuak, kongresuak, pedagogia feministak egindako ekintzak… feminismoaren izenean, behin eta berriz ahalegintzen gara mundua hobetzeko “ontzi” hori betetzen eta, behin eta berriz ere, hustu egiten zaigu, emakume baten hilketa matxista baten berri ailegatzen zaigun bakoitzean, bortxaketa bat gertatzen den guztietan, LGTBIQ+ kolektiboaren aurkako eraso bat ikusten dugunean, nerabeen arteko harreman toxikoak ugariak direla atzematean, gizon batzuek, haien pribilegioak aipatzean, erakusten dituzten erresistentzia eta beldurrak sumatzean. Adibideen zerrendak infinitua dirudi eta etsipenaz betetzen gaitu askotan. Nola ez!
Mito hau ezagutu nuenetik, etengabe saiatu naiz Danaideen buruan sartzen. Zer pentsatuko ote lukete tina horiek betetzean? Nola sentituko lirateke askatasuna lortuz gero? Eta, inportanteena, zein irakaspen atera dezakegu mito honetatik? Nik argi daukat. “Ontzi” feministak betetzen jarraitu besterik ezin dugu egin eta, eginean, berdintasuna, errespetua eta justizia lortu ahal izateko bide bakarra bihurtzen dira. Rodin eskultoreak Danaide baten eskultura egin zuen. Emakumeak mespretxatzea leporatu zaion artista honek energiarik gabeko emakume triste, etsi eta isolatua aurkezten digu. Nik beste modu batean irudikatzen ditut Danaideak, kemenaz betetako emakumeen sarea osatuz, sekula amore eman gabe. Gaur eta beti, gogora dezagun ahizpatasuna iraultza feministaren oinarri ezin hobea dela. Hezitzaile bezala, tina feminista horiek betetzen jarraituko dut Danaideen omenez, Jule Goikoetxearen pentsamendu honi eutsiz: “Konfrontaziorik gabe, aldaketa ezinezkoa da”.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Ordenagailua piztear nintzela, eta udako azken eskaera bailitzan, “amatxo, kontatu artikuluan gaurko karreran ze ondo ibili naizen” eskatu dit txikiak. Kontatu diot trenei buruz hitz egin behar nuela gaurkoan, ez etapen amaierei buruz edota Palestinako banderek izan... [+]
The Searchers filma ari ginen ikusten. Western bat, klasiko bat. Indioek Texaseko familia bati eraso egin eta bahituta eramango dute alaba. John Waynek urteak emango ditu indio gaiztoen atzetik alaba hura erreskatatu nahian. Filmak, bistan da, ez du kontatzen nolakoa zen Amerika... [+]
Radical futures diseinu espekulatibora zuzentzen den estudioak aurkezpen interesgarri bat partekatu du: A quick guide to the mythologies driving tech power (gida azkarra teknologien boterean daudenak gidatzen dituzten mitologien inguruan). Bertan diote Silicom Valleyko eliteak... [+]
Thomas Piketty eta Michael J. Sandel egileek berdintasunaren kontzeptua jorratzen duen liburua argitaratu dute aurten: Equality. What it means and why it matters (Berdintasuna. Zer esan nahi du eta zergatik du garrantzia, Polity argitaletxea). Pentsamendu garaikidean ospe handia... [+]
Moderno izateak, hiztegiaren arabera, “gaurkoa, egungoa; garai berekoa” esan nahi du, eta baita ere, “jakintzak edo teknikak berrikitan eginiko aurrerapenez baliatzen dena”. Baina aro modernoa eta modernitatea aro historiko bat ere izan daitezke; hain... [+]
Bai azalak emonbe! Esaten dute Ondarroan, norbait nabarmen gizenduta ikustean. Ezagun bati alderantzizkoa entzun nion azalari buruz: “Azala hain daukat gorputzaren neurri justukoa, ezen norbaiti keinu egiteko begi bat ixten dudanean uzkerrak ihes egiten... [+]
Badirudi larrazkena agorrila erditsutan hasten dela aldaketa klimatikoaren ondorioz. Euri eskasez hostoak firurikan erortzen dira eta Otso Errekako iraztorrak denbora baino lehen gorritzen dabiltza: ikusgarria da! Historiako udarik beroena ukan dugu aurten eta tenperaturek... [+]
Nahiz eta, entzun dudanez, hala deitzen dioten gertuko herri batekoek. Mugako biztanleok izaera jakin bat omen dugu; nabaritzen omen zaigu inguru horretakoak garela, esaterako, irundarroi. Ba omen dugu zera berezi bat. Ez dut gehiegi sinesten kontu horietan, ondoren zera hori ez... [+]
Edozein arlotan, arazo bat suertatzen denean, eta ia inor ados jartzen ez denean, ohiko galdera plazaratzea da onena: Nori egiten dio mesede?
Ez nuke zuen eguna izorratu nahi; ez jende guztia hitz egiten ari denaz hitz egin ere, baina azken asteotan, uda mugitu honen ondoren, sukaldeko leiho ondoko aulkian eseri eta munduari begira jarrita egon naiz. Begiak zabal-zabalik eta isil-isilik begiratu diot munduari bi... [+]
2024ko irailaren 11n, "Lortzear ote gaude?" izeneko artikulua argitaratu ziguten hainbat hedabidetan. Urtebete igaro da eta garbi esan dezakegu: EHUko gobernu aldaketak (Ferreira zen buru, Bengoetxea da orain) ez digu aurrerabiderik ekarri. Orduko zailtasunek zailtasun... [+]
Aurtengo ekainaren 25ean Eutanasiaren legeak laugarren urtemuga bete zuen. Nire iritziz, lege hori hainbat biztanleren lanari esker lortu da, eta, nolabait, pentsa dezakegu merezitako saria izan dela; izan ere, lege hori lortu bitartean pertsona askok erailketa salaketak,... [+]
2023ko uztailean jaso genuen berria antzuolarrok. Irimon bi aerosorgailu erraldoi jartzeko proiektu bat aurrera eramateko eskaera jaso zuela Udalak. Hasieran zalantzak eta galderak: nor zegoen proiektuaren atzean? Zein zen proiektuaren benetako helburua? Zein izango... [+]
Aste honetan, etxeko lanak jarriko dizkizuet. Hori gertatzen zaigu urte luzetan irakaskuntzan aritu garenoi: dena bihurtzen dugu arbel, etxeko lan eta ikas-egoera. Demagun euskal jai bat antolatu behar dugula herrian. Zer egitarau proposatuko dugu? Nola ospatu, dantzatu eta... [+]