Caracas, krisirik sakonenean murgilduta dagoen hiria

  • "Azken 200 urteetan izandako erasorik handiena" batzuen arabera, "historiako egoerarik latzena" besteen iritziz. Bizitzak eta agenda politikoak ez dute etenik seigarren egunez ur gabe bizi den hiriburuan.

Oposizioaren burua Juan Guaidóren mitina Caracasen. Argazkia: Ibai Trebiño

2019ko martxoaren 13an - 14:56

Asteazkenean apurka-apurka hornidura bere onera itzultzen hasi bazen ere, gaia denon ahotan dago. Gizalegez eta errespetuz, argi eta ur faltak eztabaida ugari sortzen ditu kalean. Bolivar plaza zentrikoan esaterako, neska gazte batek haserre dio: "Ez dugu urik, ezta argirik ere. Ez dut dirurik eta nire bost seme-alabak gosez hiltzen ari dira". Handik bi metrora dagoen emakume baten erantzuna dator: "Nik senarra galdu nuen eta nire lau seme-alabak bakarrik hezitu behar izan nituen. Lan egiten nuen etxebizitza ordaindu ahal izateko eta hortaz gain seme alabak zaintzen nituen. Egungo gazteak ordea... –arnasa sakon hartu du– zer zorte handia duzuen! Gobernuak etxebizitza oparitzen dizue eta seme-alaba bakoitzeko 18.000 bolivarreko (Venezuelako soldata minimoaren baliokidea) diru-laguntza jasotzen duzue". Segundo bateko isiltasunaren ondoren ura eta argiaren krisia berriz bilakatu da hizketagai eta orduan bai, biek adostasuna lortu dute: "Etena oposizioak eragin duela diote eta ziurrenik egia izango da". 

Handik ez oso urrun, Anaren kioskoarekin egin dugu topo; oposizioaren ildoarekin bat datozen egunkariak baino ez dira salgai bertan eta, venezuelar orok bezala, krisiaren inguruko iritzia ematen du Anak: "Gauzak gaizki daude. Ez dugu urik eta Guaire ibaiko ur zikina edatera behartuta gaude. Sekula ez dugu bizi izan horrelako egoera latzik hemen". Anaren iritziz, krisia gobernuaren errua da eta elektrizitatearen gabeziaren inguruan gobernuak emandako bertsioa "faltsukeria handia" da. Etsipenez, krisi politikoak "irtenbiderik ez duela" aitortu du eta Guaido presidente autoizendatuari "ezer ez erakustea" leporatu dio.

Agenda politikoak etenik ez

Oraingoan oposizioak hartu du bere gain mobilizazioen agenda. Urtarrilaren 23ko estrategiaren porrotaren ondoren, otsailaren 23ko estrategiaren porrota heldu da eta hilabete eta erdiz mobilizatu gabe izan ondoren, estrategia berri bateri ekin diote. Hamaikagarren saiakera. Oposizioak "kaleak hartzeko" beste deialdi bat egin eta du eta hari erantzunez, hainbat mobilizazio egin dute Caracasen, gehienak txikiak, isolatuak eta baketsuak, San Martingo hiribidean burututakoa ezik. Han tentsioa izan zen manifestariek poliziei harriekin eraso egin ondoren.

Hiriaren beste aldean, Caracaseko orohar oposizioaren aldekoa den ekialdean, egin da mobilizaziorik jendentsuena eta azpimagarriena. Han oposizioaren buru Juan Guaidók mitina eskaini du ehunka jarraitzaile eta dozenaka kazetarien aurrean.

"Esku-hartze humanitario bat justifikatzea du helburu erasoak"

Hala edo nola, Chavismotik gertu dagoen hainbat sektorek ere agenda politikoari eutsi diote. Esaterako, gobernuko PSUV alderdiaren gazteek dozenaka pertsona bildu dituen ekimen politikoa egin dute Miraflores jauregi presidentzialaren inguruetan. "AEBetako inperialismoari" egotzi diote herrialdearen egoeraren erantzukizuna.

ARGIAk galdetuta, Basem Tajeldine analista politikoak ere ontzat jo du ofizialismoak emandako bertsioa eta argindarraren etena AEBetako ziber-erasoen ondorioa izan dela uste du: "Nazioarteko hainbat adituk horrela frogatu dute, baita gobernuak ere". "Ez da lehenengo aldia estatubatuarrek horrelako eraso bat egiten dutena eta argi dago Venezuela ez dela salbuespena izango", esan du Tajeldinek.

Analistak azaldu duenez, "erasoak elektrizitate ezak ekarri du eta horren ondorioz uraren krisia etorri da" eta horren helburua "herria desmoralizatzea" litzateke Tajeldinen iritziz, "esku-hartze humanitario bat justifikatzeko". "Halere, ez dute lortu. Erasoari erantzun tinkoa eman dio herriak", adierazi dio ARGIAri.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Venezuela
Miren Egiguren. Ez da kikiltzen
"Agortzen ez den iturburu bat daukat barrenean"

Venezuelatik itzuli zenetik, Tolosako Zuloaga auzoaren behealdeko parkean ematen ditu arratsaldeak Miren Egigurenek, bizpahiru lagunekin. Hantxe aurkitu dugu ekainaren bukaerako egun batean. Elkarrizketa egiteko lagunaren etxera igo garenean, Hugo Chavezen panpinarekin... [+]


2023-05-05 | Gedar
Nortasun zedula eskuratu du Asier Guridi iheslari politikoak

Urte luzez egin du borroka, nortasun juridikoa aitor ziezaiotela exijitzeko. Herrigabe eta heriotza zibil egoeran izan dute hamar urtez Venezuelan.


Angel Prado. Demokrazia komunala
"Ez dugu irla bat izan nahi"

Angel Prado Padua borrokalari venezuelarra Euskal Herriko hainbat tokitan ibili zen hilaren hasieran, El Maizal komuna sozialistaren berri ematen, Demokrazia Komunalaren Aldeko Nazioarteko Sareak gonbidatuta. Hernanin bildu ginen harekin, bere hitzaldiaren bezperan. El Maizalen... [+]


Eguneraketa berriak daude