“Borobila eta eraginkorra” izan da Durangoko Azokaren 50. edizioa

  • 120.000 pertsona batu ditu aurten Euskal Liburu eta Diskoen Azokak, azkeneko eguneko datuak oraindik kontatzeke daudela. Antolatzaileek balorazio positiboa egin dute, esanez azokaren 50. edizioa  “borobila” eta “benetan eraginkorra” izan dela.


2015eko abenduaren 9an - 09:23
250 ekitaldi eta 350 nobedade izan dira Durangoko Azokan (Arg: Dani Blanco)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

“Sortzaileen eskaintza aldetik ugaria, ekoizpenean aberatsa, orekatua jendearen ibiliari dagokionez, ondo antolatua, emozioz betea, gogoeta arloan mamitsua eta etorkizunari begira jarria”, azpimarratu dute.

250 ekitaldi eta 350 nobedade izan dira azokak iraun duen bost egunetan. Horretaz landa, antolatzaileek boluntarioen lana nabarmendu dute. Guztira 72 lagun aritu dira boluntariotza-programan parte hartzen. “Erantzun bikaina izan da. Eta ezin ditugu ahaztu, noski, bestelako lanetan aritu diren militanteak. Denon artean borobildu dugu 50. urteurrena”.

Sortzaileak, salmentekin pozik 

Olatz Allika MIE Musika Industriaren Elkarteko kideak adierazi du azken urteetan baino salmenta gehiago izan direla. Horretan Ahotseneak izan duen eragina azpimarratu du: "Jendeak taldeak zuzenean ikusita errazagoa da diskoak saltzea". 

Euskal Editoreen Elkarteko kide den Xabier Olarra ere pozik agertu da, "urteroko harrera ona" izan baitute. "Lehen bi egunak eskasak izan arren, igandean eta astelehenean salmentak konpentsatu dira". 

Hala ere, zer aldatu badagoela adierazi du Olarrak. Haren iritziz azoka "errutina moduko batean" sartu da, eta horrek beharrezko egiten du "aldiro zerbait gehiago egitea". "Irabazi handiak dituzten hemengo enpresa pribatuek Durangoko Azoka babestu eta bultzatuko balute, lortuko genuke Durango eta Gerediaga txiki gelditzea eta azoka Bilbora eraman behar izatea".

Etorkizunerako erronka: euskal kultura geroratzea

Datozen edizioei begira, zaletasunaren, eragiletzaren eta sorkuntzaren ardatzean gazteak jarriko dituen estrategia aldarrikatu dute antolatzaileek. "Belaunaldi berrietako euskaldunek parte hartu eta parte eman dezaten nahi dugu. Izan ere, zale berriak, sortzaile berriak eta eragile berriak nahi ditugu". 

Euren aburuz, Durangoko Azokak euskal kulturaren ikusgarritasunean zeresana duen bezala, beronen gaztetzean ere faktore garrantzitsua izan daiteke. Horretarako beharrezkotzat jo dute estrategia "ausart eta adostua" abian jartzea. 

"Euskal kulturak oro har, eta Durangoko Azokak zehazki, garaian garaiko izaten jakin du, eta jakin beharko du. Urteak bete ahala berritu. Zahartu ahala gaztetu. Horixe da gure asmoa: 51. Durangoko Azokak jauzi bat izan behar du transmisioan. Azken batean, helburua betikoa da: euskal kultura geroratzea".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Durangoko Azoka
2025eko abenduaren 10
Barra warroak
Dena ez da hain guaia

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!