AEBetako musika betirako eraldatu zuen Bob Dylanek 1960ko hamarkadan eta geroztik bere leienda hazi besterik ez da egin. Iruñean jo zuen joan den ostegunean eta Barakaldon berriz ostiralean. Bigarren kontzertu horren kronika da hau, iraganean iltzatuta geratu ez den artista baten erretratua.
Bob Dylanentzat, nostalgia heriotza da, garrantzitsuagoa da zuzenekoa diskoa baino. Lau mila bat kontzertu eman ditu honezkero. Miresgarri zaion hainbat abeslarik egundo ez du diskorik grabatu. Eskarmentu handikoa dirudi agertokian, hamaika gudutan gogortua, oinarrizko arintasun bati eusten dion arren. Ematen du milaka behiren esnea zurrupatu eta zu oraindik ezagutzera heldu ez zaren sekretu baten jabe dela. Deabrua bezain misteriotsua da.
Joan den ostiral iluntzean Barakaldon izan genuen. Jende-samalda nabar bat ageri zen BEC inguruan, zahar, gazte, beltz, hippy, funtzionario eta abar. Mairurik ez, txinatarrik ere ez. Langile apalak bai, Tom Waitsen Kursaalekoaren erdia balio zuen sarrerak. Aretora sartzera gindoazela, pizten hasiak ziren farolak, berotzen airea, zarata bat entzun zen ortzian. Aspaldion ohi bezala, ordu eta hiru laurdeneko emanaldia eskaini zigun, 20 abesti, zortzi bakarrik 1997 baino lehenagokoak.
Segurtasunekoek zale baketsuon eskuak zorrozki zaintzen zituzten, debekaturik baita edonolako grabazio. Aste bat lehenago Dylanek bigarren bisa eten zuen grabatzen ari zitzaion mugikor baten flashak poxelu egiten ziolako. Publikoari errieta egin ostean, estropezu egin eta Elvisekin eta Laboarekin bildu zen ia.
Lau urte zituela abestu zuen lehenbizikoz jendaurrean, senideentzat, amonaren urtebetetzean, eta lurrean ostikoa jorik arreta erakarri eta halaxe gaztigatu zien: “Hasiko naiz soilik behin denak lasaitu eta isildutakoan”. Begirune hura exijitzen jarraitzen du 73 urte geroago ere. Dena den, berehala ahaztu genuen seguraten azterketa, segituan ohitu garen legez Interneteko eta edonongo kontrolera.
Things Have Changed-ek abiarazi zuen emanaldia. Dylanek garbi utzi zigun nola ikusten duen bere burua munduan kokatua: “Jendea txoroa da eta garaia estrainioa; harrapatua eta entzerratua nago, urrutiegi; lehen ardura zitzaidan, baina gauzak aldatu dira".
Ezohikoak dira Dylanen ahotsa zein kantaera. Hori dela-eta ere, egurra ematen diote. Kexatu egin da: "Zergatik idazten dute apoak bezala abesten dudala? Tom Waitsi sekula ez diote gisakorik leporatu!". Ez zaitez kezkatu, Bob, apoa baita, Koldo Izagirrek dioenez, basatzetako urretxindorra. Gainera, sinesgarriagoak egiten dira apoaren kantaeran Tryin’ To Get To Heaven-en bota zizkigunaren tankerakoak, alegia, "uste duzunean guztia galdu duzula, ohartzen zara oraindik pixka bat gehiago gal dezakezula".
Nondik nora erakartzen du hainbeste iseka eta erantzuki, batez ere ortodoxia progrearen aldetik? Plagiatzaile, gezurti, lapur, juduegi, kristauegi, apoegi, zaharra eta txotxintzen hasia, zekena, kapitalista, larregi erretzen du, larregi edaten... Egia da orain bere whisky propioa ekoizten duela, Heaven’s Door, eta batere txarrak izan ez diren kontzertuetan nabarmen edanda ikusi dugula Euskal Herrian bertan; hori 90eko hamarraldiaren erdialdea baino lehen gertatu zen ordea, seme-alabek zurruta baztertzeko eskatu eta Dylanek amore eman aurretik. Tabakoa uzteko eskatu zioten orobat, baina ez da hain erraza.
Bestalde, apoarenaz gain, badu Dylanen kantaerak leize eta ezkilaren kutsua ere, metraila herdoilduarena; ñabardura leun eta delikatuak halaber. Batzuetan kanta berean biltzen du hori dena, hala nola gure kontzertuko Early Roman Kings-en: “Bihar ostirala; ea zer dakarren; jende guztia ari da hizketan hasierako erromatar erregeez”.
Hirugarren abestia Highway 61 Revisited izan zen. 1905ean Errusiako Tsarrak juduen aurkako jazarpena lagundu zuen, milaka judu hil eta torturatu zituzten, eta Dylanen aiton-amonek Odesatik AEBetara ihes egin behar izan zuten. Bob Dylanen bataio-izena Shabtai Zissel ben Avraham da, Abraham izena baitzuen Dylanek aitak, nahiz eta txikigarriaz deitzen zioten, Abe. Dylan nerabeari errabino bat ekartzen zioten New Yorketik, Biblia arretaz irakurri eta interpretatzen laguntzeko. Munta berezia du Apokalipsiak haren iruditerian. Aldiz, “61 Autopista Birbisitatua”-k Genesia du oinarri. Halaxe kantatu zigun Aberen semeak: "Oi, Jainkoak Abrahami esan zion ‘hil zure seme bat niretzako’; Abek erantzun ‘txo, adarra jotzen ala?’; Jainkoak ezetz; Abek ‘zer?’; Jainkoak ‘egin nahi duzuna, Abe, baina hurrengo aldiz ni ikustean hobe duzu lasterka ateratzea’; Abek ‘non nahi duzu krimen hori egitea?’; Jainkoak ‘kanpoan, 61 autopistan’”.
Bosgarren abestia ez zen Cry A While izan, azken hilabeteetan bezala, baizik eta Dignity, ez zuena 2012az geroztik abesten. Jarraitzaileak txundituta: “Gizon mehea bere azken otorduari begira, duintasunagatik; edonora noala ere, poliziari galdetzen diot ea duintasuna ikusi duen.”
Like A Rolling Stone biziberrituak igo zuen publikoaren entusiasmoa gailurrera. Don’t Think Twice, It’s All Right anbiguoak hunkitu zizkion sakonkien barne-muinak. Honest With Me zakarrak, emanaldiko kanturik ezezagunenak, ausardia ekarri zuen: “Ez naiz damu egin dudan ezertaz. Pozik nago borrokatu nintzelako. Hori bai, nahiago irabazi bagenu”. Soon After Midnight izan zen kontzertuaren bihotza eta talismana. Bat nator putetxeko bezero argala hiltzen dutela dioen irakurketarekin.
Minnesotakoak ez du bere burua kantaren gainetik nabarmentzen; beti jartzen du apalki bere kemena eta arnasa kantuaren zerbitzura. Abesti horiek ez dira denbora-pasa hutsa, baizik errepublika aske ikusgaitz batean bizitzeko bidelagunak. Jende askoren bizimodua gobernatzen dute. Dylani gertatzen zaizkion edo ikusten dituen gauza arraroez mintzo dira. Kantara ekarri baino lehen, hausnartu eta bere modura ulertu egin du gertaera edo ikuskizun hori, eta urrutiratu egin da horrenbestez iritzi nagusi eta toki komunetik.
Inork ez zuen dantza egin, nahiz eta Highway 61 Revisited, Dignity, Honest With Me edo Thunder On The Mountain jo zituenean zale batzuk zutitu eta mugimendu eta garrasi idolatrikoak zuzendu zizkioten. Artritisak jota ditu hatzak; ezin gitarra jo, bai haatik pianoa. Behin bakarrik aldendu zen pianotik, emanaldiaren erdialdera, Scarlet Town abesteko. Dylan gizon exotikoa da eta txit ezaguna haren irudia. Hala ere, 2009an atxilotu zuten. Agente gazteak susmoa hartu zion, agure hura, euripean bakarrik txango, ez ote zen ospitale batetik ihes egina. Geldiarazi beharrekoa iruditu zitzaion haren ibilera erraria, Scarlet Town entzuteaz batera kontenplatu ahal izan genuen ibilera musikala: “Jaio nintzen hiri eskarlatan gurasoen mamuen aurka borrokatzen gara; osaba Tomek osaba Billentzako lan egiten du oraindik; laguntza iristen da, baina beranduegi; maitasuna bekatua bada, orduan edertasuna krimena da…”.
Alboan egokitu zitzaidan Hernaniko funtzionarioak ziurtatu zidan Dylanek so egin ziola Pay In Blood-en “zatoz hona, zure buru nazkagarria hautsiko dut” abestu bitartean. Bortizki sentitu omen zuen begi-kontaktua. Infinitua da Dylanen pozoi-hornidura, eta jarraitzaile guztiok nahi dugu pixka bat.
Aretotik gaura irtetean epel eta distiratsu zegoen artean atmosfera.
Lohi Ensemble
Non: Montehermoso Kulturunean
Noiz: Irailaren 28an
-------------------------------
Igande arrats goibel eta hotz batez izan nuen, lehen aldiz, Lohi Ensembleren berri. Arabako musika eszena autogestionatuaz hitz egiteko Larraitzek jende jator pila bat... [+]
Rodeo eta Dena
Non: Bilboko Kafe Antzokian
Noiz: irailaren 18an
--------------------------------------------
Bilbo, sargoria, udako azken ostegunez. Bihotz Sakratuaren plaza bete dute Palestinaren aldeko oihuek, enegarrenez. Kilometro pare bat harago, Mariaren... [+]
EMPTY FILES + MOXAL & MIREN NARBAIZA
Non: Bilboko Kafe Antzokian
Noiz: irailaren 12an.
-------------------------------------------------------
Aitortu behar dut nahi baino gutxiagotan joaten naizela Bilbora. Beti sortzen dit horrelako tristura moduko bat, orduko... [+]
'GUREA KULTURA' JAIALDIA
Taldea: Sal del Coche
Non: Zestoan
Noiz: Irailaren 7an
--------------------------------------------------------
Kronika hau egitera Donostiara joan behar nuen, baina sarrerak garestiegiak iruditu zitzaizkidan behinola zezenketak... [+]
Xak eta Ekiza
Non: Ondargain txiringitoan (Deba)
Noiz: abuztuaren 27an.
-------------------------------------------------------
Euri langarraren eta lanbro-lainoen artean pasatu dugu Gipuzkoako muga, kostaldean zehar doan errepidetik itsaso zakarrari beha. Bandera... [+]
Zuzeneko musika gustatuz gero, ziur azken hamarkadan Eider Iturriagak egindako argazkiren bat ikusi duzula. Bere bi grinak uztartu ditu bermeotarrak: musika eta argazkilaritza. Eszenatoki batean hain azkar pasatzen den une hori harrapatzeko abilezia du, ikuslearen begietan... [+]
Zer: Biarritz Piano Festival. Amaierako errezitaldia. Benjamin Grosvenor, pianoa.
Egitaraua: Schumann eta Moussorgskyren lanak
Lekua: Biarritzeko ‘Espace Bellevue’.
Data: abuztuaren 8a.
-------------------------
Biarritz Piano Festival... [+]
Lau egunez Lakuntza milaka lagunez bete du Hatortxu Rockek. Aurtengo edizioak presoen aldeko jaialdiaren bideari amaiera eman dio. Hala ere, abenduak 27rako jaialdi berria iragarri dute: Aske.
Iritsi da uda. Egunak argi, bero eta luze dira orain, eta kostaldea jendez, sonbrilaz, krema usainez eta doi-doi ulertzen ditugun hizkuntzez bete da. Zuzeneko musikan ere gauzak asko aldatzen dira: mailarik gorenean daudenek makrojaialdietako birari ekiten diote, poltsikoak... [+]
26 urtez euskal preso eta iheslariak etxeratzeko aldarria oholtza gainera eraman ondoren, Hatortxu Rock jaialdiak bere azken edizioa egingo du ostegunetik igandera bitartean, Lakuntzan (Nafarroa). Jaialdian bildutako dirua preso sein senideentzat dispertsioak zekarren zama... [+]
Kneecap taldea BBK Liven egoteak eztabaida piztu du makrofestibalek protesta politikoaz egiten duten instrumentalizazioaz eta kultura-eredu nagusiaren kontraesanei buruz.
Bilboko Bilboko Kontseilu Sozialistaren Laneko Autodefentsa Sareak BBK Live jaialdiko lan-baldintza prekarioak argitara atera nahi ditu, baira horien erantzuleak seinalatu. Horretarako, solasaldia antolatu du uztailaren 2an.