Bizkaiak kultura bonu propioa kaleratuko du, Jaurlaritzak ezabatu ostean


2013ko azaroaren 20an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37
EAEko kultura txartelak.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

EAEko Gobernua eta Bizkaiko Aldundia EAJren esku badaude ere, kontrako jarrera hartu du alderdiak lurralde bakoitzean.

Bizkaiko Aldundiak erantzuna eman nahi izan dio Urkulluren Gobernuaren ezabaketari, eta Bizkaian erabilgarriak izango diren kultura bonuak sortu ditu. EAE osoan erabil zitezkeen txartelen funtzio berbera izango dute. Besteak beste, kulturari lotutako produktuak erostea eta arte emanaldiak merkeago edukitzea.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak ez du Bizkaian hartutako erabakiaren inguruko epairik eman, eta auzia alderdiaren gaia ez dela nabarmedu du. “Ez gara alderdi baten erabakiaz ari, instituzio bakoitzak haren eskumenak dauzka”.

Hiru txartel aurkeztu dituzte Bizkaian: A mota –32 euro–, garestiena eta osoena, edozein kultur produktu eskuratzeko; B mota –28 euro– kultur jarduerak ikusteko; eta C mota – 24 euro– euskaraz egiten diren produktu eta ekimenetarako.

Hainbat deskontu eskainiko dituzte: %20koa dendetan, %30ekoa museo eta ikuskizunetan eta %40koa euskarazko produktuetan. 500.000 euro inbertitu dituzte egitasmoak aurrera egiteko – Eusko Jaurlaritzak 600.00 euro bideratzen zituen–.

Hala, 46.875 bonu ipiniko dituzte salgai, bi epetan. Gabonetan, 23.750, eta maiatza aldera beste 23.125 –udaberrian ere kultura produktuen kontsumoa bultzatu asmoz–.

Abenduaren 16tik 31ra erosi ahalko dira, BBK-ko leihatiletan eta kutxazainetan.

Arrakasta izan arren, bertan behera

Ikus-entzunezko produktuak, liburuak eta kultur ikuskizunak ordaintzeko baliabidea zen EAEko txartela. 25 euro balio zuen, eta 40 euroko gastua egin zitekeen programarekin bat egin zuten saltokietan. Lau ediziotan, arrakasta handia izan zuen –Iaz, 24 orduren buruan bukatu ziren plazaratutako 40.000 bonuak–.

Martxoan kendu zuen Jaurlaritzak, eta oraindik ez du azaldu zergatik. Izan ere ez dago murrizketekin lotuta, kultura sailak aurreko urtean baino diru gehiago dauka; 28,2 milioi euro dauzka aurten, eta iaz 28 milioi.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
2025eko azaroaren 19
Lurraldea eta arkitektura
Espazio intimoa

Eguneraketa berriak daude