ARGIA.eus

2020ko uztailaren 02a

Birziklapenaren aldeko apustua egin eta erraustegia gelditzea eskatu dute milaka lagunek Donostian

  • Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak antolatutako manifestazioak Donostiako kaleak zeharkatu zituen larunbat arratsaldean. Babes zabala izan zuen eta, besteak beste, irakasleen eta sendagileen oharpenak entzun ziren ekitaldi amaieran. Gipuzkoako Foru Aldundiari eta batez ere buru den Markel Olanori mezu bat igorri nahi izan zieten Bulebardean bildutakoek: indarrak birziklapenean jartzea, eta ez hondakinak zuzenean erretzea.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U
2018ko otsailaren 26a
Bi mila lagunetik gora bildu ziren manifestazioan. Irudiak: Noaua Elkartea

Hamasei urte igaro dira diputazioak erraustegiaren proiektua iragarri zuenetik antolatzaileek azaldu dutenez. Orduan, Gipuzkoako birziklatze tasa %20koa zen eta hainbat herritan hasiak ziren jada gaikako bilketa egiten. Zabor nahasi gutxiago pilatzea posible dela frogatzeaz gain, birziklatze tasa %80koa izatea aukera sendoa dela nabarmendu dute antolatzaileek. Hori bai, borondatea eta bitartekoak jartzea ezinbestekoak dira helburua lortzeko.

Birziklapen tasa txikiak dituzten herriei eta hiriei aitzakiak amaitzen ari zaizkiela esan dute ekitaldi amaieran irakurritako mezuan: “Donostian, esterako, herritar bakoitzak batez beste 288 kilo igortzen ditu urtero zabortegira; hondakinak gaika biltzen dituzten eskualdeetan, aldiz, %77 eta %88 artekoa da birziklatze tasa”. Arrasaten funtzionatzen duen sistema bada, Eibar bezalako herri handi batean ere “berdin berdin”  eraginkorra izan daitekeela diote. “Jar ditzala indarrak emaitza horiek lortzen, eta ez alferrikako azpiegitura kutsakor eta garestia eraikitzen. Lehenbizi, lortu %80 [birziklatzea], eta gero ikusiko dugu zer egin geratzen denarekin, baina ez alderantziz”.

Lasarte-Oriako Garaikoetxea-Landaberri ikastolako bi irakaslek  euren egoera azaldu zuten eta hezkuntza zentrotik 500 metrotara erraustegi bat izateak izan ditzakeen ondorioak nabarmendu zituzten: “Nitrogeno oxidoak, karbono monoxidoak, metanoa, dioxinak… arnastuko ditugu. Gainera, goi tentsioko lineak eraikiko dira gure ikastetxetik hurbil. Eremu kutsatu batean dagoen ikastetxe bat onartu behar al dugu?”.

Mediku talde batek ere hartu zuen hitza eta irakaslek esandako lerro beretik jardun zuten erraustegiaren inguruko kalteez: “Malformazioak, erditze goiztiarrak, abortuak, gaixotasun kardiobaskularrak, arnasbideetakoak eta hainbat minbizia izateko arriskua areagotu egiten da erraustegi bat alboan bada”.

Erabakigarritzat jotzen dute albiste baten berri ere gogorarazi zuten. Europako Parlamentuak urtarrilaren 17an, erraustegiak diruz laguntzeari uztea erabaki zuen, “erraustegien finantzaketa iturri nagusia kolpatuz”. 

Ainhoa Intxaurrandietari eta Iñaki Errazkini babesa

Manifestaziora gerturatutakoek babes zabala adierazi diete 2013ko azaroan erraustegia geratzeagatik epaituko dituzten garai hartako Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari Ainhoa Intxaurrandietari eta Foru Aldundiko diputatu Iñaki Errazkini. “Iñaki eta Ainhoa, zuekin gaude!” oihuak entzun ziren Bulevardeko kioskoan eta gogorarazi zuten apirilean egingo den epaiketa erabat “lotsagarria” dela. “Epaitzekotan epai ditzatela ustelak, lapurtzen dutenak eta gure erraustegian izugarrizko dirua xahutuko dutenak”, esan zuten antolatzaileek.

ETBk erraustegiaz eztabaidatu dezan

Erraustegiari buruzko eztabaida kaletik telebistara eraman nahi du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. Horretarako sinadura bilketa abiarazi dute eta dagoeneko, 6.100 atxikimendu bildu dituzte. Ipar Haizea plataformak jarri du martxan egitasmoa eta change.org webgunean eskaria sinatu baino ez da egin behar helburua lor dadin. Antolatzaileek sinatzeko deia zabaldu zuten, ETB guztiona baita eta eztabaida plaza bezala herritarrok eskuragarri izan behar dugula nabarmendu zuten.  

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Errausketarik ez

Errausketarik ez kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude