ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 15a

Bilboko goi-bilera ekonomikoaren kontrako mobilizazioen gida

  • Martxoaren 3an, Foro Global España 2014 gailurrean elkartuko dira munduko enpresa eta finantza erakunde nagusien ordezkariak. “Troikari eta bere lagunei” ongi etorria egiteko mobilizazio ugari antolatu dituzte eragile sozialek.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza
2014ko otsailaren 26a
FMIren aurkako afixa.

Guggenheim museoan egingo den bilkuran izango dira, besteak beste, Nazioarteko Moneta Funtseko zuzendari Christine Lagarde, ELGA garapen antolakundeko buru Angel Gurría, Europako Batzordeko hainbat kide –agian Durao Barroso bera ere–, Eurotaldeko eta Europako Inbertsio Bankuko presidenteak, Espainiako Gobernuko presidente Mariano Rajoy, Iñigo Urkullu lehendakaria eta BBVA, Telefónica, Inditex, Iberdrola, Siemens eta beste hainbat multinazionalen exekutiboak.

ICEXek eta Esportatzaile eta Inbertitzaile Espainiarren Klubak sustatu dute foroa, De la estabilidad al crecimiento (Egonkortasunetik hazkundera) lelopean, eta aztertu nahi dute ekonomiaren nazioartekotzeak hazkunderako ematen dituen aukerak. PPren muturreko ideologia neoliberalaren bultzatzaile eta azken erreforma ekonomikoen egileak, Espainiako Ekonomia ministro Luis de Guindosek, munduko baldintza lehiakorretara “egokitu” beharra azpimarratu du, Bilboko zitaren karietara.

Sindikatuen, langabetuen asanbladen eta eskubide sozialen aldeko kolektiboen kritika jaso du foroak eta bertan parte hartuko dutenen politika ekonomikoak; jendarteak jasaten duen prekarietate, pobrezia eta langabeziaren errudun jo dituzte. Bilboko Elizbarrutiak ere oharra kaleratu du, parte hartzaileei eskatuz “krisiaren biktimei” entzuteko.

Hauek dira egunotan egingo diren mobilizazio eta ekitaldietako batzuk:

   - 10:00etan Zutabeak aterako dira Jesusen Bihotzetik eta Arriagatik Guggenheimera.

   - 9:30etan Ezkerraldetik, Zorrotzako parketik, beste martxa bat irtengo da, eskualdeko langabetuen asanbladak deituta.

   - 16:30etan hitzaldiak izango dira EHUko Paraninfoan.

   - 19:0etan Manifestazioa Euskadi Plazatik abiatuta (Iberdrola Dorrearen ondoan).

Mobilizazioen antolatzaileek #troikagohome etiketa proposatu dute sare sozialetan zabalpena egiteko. ARGIAk zuzenean jarraituko ditu eguneko ekitaldiak.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


2014ko Bilboko goi-bilera ekonomikoa kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude