Eskola “publikoa, euskalduna eta propioa” aldarrikatu du hezkuntzako grebak

  • EAEko Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren kontra eta “publikoa, euskalduna eta propioa” izango den eskola eredua helburu, irakaskuntza publikoa grebara dago deituta asteazken honetan. Bigarren greba egun hau langileen artean %60ko jarraipena izaten ari dela adierazi dute sindikatuek. Eusko Jaurlaritzaren arabera, irakasleen % 38,9k egin du bat grebarekin.

Gasteizko manifestazioa asteazken goizean (argazkia: STEILAS)

2022ko abenduaren 14an - 12:06
Azken eguneraketa: 2022-12-15 09:00:51

EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko 30.000 langile baino gehiago daude grebara deituta: irakasleak, Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile eta kudeaketako langileak, eskoletako heziketa bereziko hezitzaileak eta hezkuntza saileko sukaldari eta garbitzaileak.

Gasteizko goizeko manifestazioan milaka lagun gerturatu direla diote LAB, STEILAS eta ELA sindikatu deitzaileek. Arratsaldeko 18:00etan ere mobilizazioak izango dira, Bilbo, Donostia eta Gasteizen.

Azaroaren 30ean egin zuten lehen greba eguna, eta haren ildo berean, “Hezkuntza Lege aurreproiektu honi ez” esan dute ozenki. “Hezkuntza Legean eta hezkuntza sistemaren aldaketetan eragin nahi dugula eta balizko hezkuntza legerik izango bada langileokin eraikitakoa izango dela” adierazi dute sindikatuek, Eusko Legebiltzarraren aurrean.

“Publikoa, euskalduna eta propioa izango den hezkuntza sistema bat helburu izanik, mobilizatzen jarraituko dugu, hezkuntza sistemak beharrezko dituen aldaketak bultzatzeko. Egungo sistema betikotzeko lege, dekretu edo aginduak ez ditugu behar, eredu duala gainditze bidean jarri behar da, eta langileon lan baldintzak eta lanpostuak aintzat hartu", gehitu dute.

Aldarrikapenak

Hamar aldarrikapenetan laburtu dituzte eskaerak sindikatuek: publikoa ardatz izatea; segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatzea; publifikazio-marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea; hezkuntza lege propioa izatea; inbertsio eta baliabide nahikoa izatea; euskara erdigunean jartzea; betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak finkatzea; hezkuntza sistema osatzen duten langile guztien enplegua eta lan baldintza egokiak bermatzea; merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egotea; eta hezkuntza lege parte-hartzailea izatea.

Aurreproiektutik legera, zer espero dezakegu?

Hain justu, aste honetan heldu diogu gaiari ARGIA astekarian, eta lege aurreproiektutik azken bertsiora egon daitezkeen aldaketen nondik norakoak eta gakoak laburbildu ditugu, honako erreportajean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAEko Hezkuntza Legea
Eraikuntza nazionala

Hezkuntza Lege berria, adostasunetik jaio behar zena, haserrean eta desakordioan onartu da. Publiko-pribatu auziak eta hizkuntza ereduek eragin dute akordio falta. Pena handia.

Horretan Espainiako ereduari jarraitzen diogu, EAEn ez garelako gai oinarri amankomun batzuk jarri... [+]


EHEko kideak legebiltzarreko atarira kateatzen saiatu dira, Hezkuntza Legea salatzeko

Gasteizko Legebiltzarraren aurrean egin dute protesta Euskal Herrian Euskarazeko kideek, “iraungita” dagoen Hezkuntza Legearen onarpena salatzeko. Goizeko 9:00etan elkarretaratzea burutu dute eta bi kide Legebiltzarreko atera kateatzen saiatu dira.


Oposizio guztia aurka duen Hezkuntza Legea onartu dute EAJ-PSEk

Iritsi da eguna: Eusko Legebiltzarrean ostegun goiz honetan onartu da soilik EAJ eta PSEk babesten duten Hezkuntza Legea. Legebiltzar atarian, Euskal Eskola Publikoaz Harrok eta Euskal Herrian Euskarazek protestak egin dituzte. Duela hogeita hamar urte onartu zen azken hezkuntza... [+]


Eguneraketa berriak daude