EAEko hezkuntza aurreproiektutik legera, zer espero dezakegu?

  • Ez dugu bola magikorik, baina hezkuntza akordioa sinatu zuten alderdi politiko guztiekin hitz egin ostean, sumatu dezakegu zein aldaketa –eta zein ez– aurreikusi daitezkeen lege aurreproiektutik behin betiko legera, euskalduntzea, Euskal hezkuntza zerbitzua, segregazioa edota erlijioari lotutako ataletan. Hainbat kontzepturen atzean alderdi batzuek eta besteek ulertzen dutena ere esanguratsua da.


2022ko abenduaren 13an - 06:20

Mobilizazioak eta bi greba egun eragin ditu EAEko Hezkuntza legearen aurreproiektuak. Kurioski, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak idatzitako aurreproiektuaren lehen zirriborroak hezkuntza akordioa du oinarri eta akordioa sinatu zuten alderdi guztiek diote aldaketak behar dituela testu horrek. Azken finean, oraindik bidea geratzen da behin betiko legea onartu arte –ikusi erreportaje honen bukaeran kronologia, urratsez urrats–.

Akordioan parte hartu zuten alderdi gehienen hitzetan, lausoegia da aurreproiektua, edukien hustuketa egon da akordiotik aurreproiektura, eta legeak zehatzago jaso behar ditu akordioan adosturiko puntuak, bereziki Euskal hezkuntza zerbitzuan sartzeko betebeharrak, segregazioari aurre egiteko neurriak, hezkuntza deszentralizatzeko –eta udalei protagonismo gehiago emateko– pausoak eta eskola publikoa erdigunean jartzeko neurriak.

Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen testua malguegia da, lege ireki bat bilatu delako, markoa jartzea, eta gero, teorian behintzat, akordioan adosturikoak dekretu eta ordenamendu bidez garatzea. EAJko Leixuri Arrizabalagaren hitzetan, legeak bizi luzea izan dezan –errazagoa da dekretu eta aginduak aldatzea, legea baino– eta “adibidez akordioa sinatu ez duen alderdiren batek inoiz Hezkuntza saila lortzen badu, legea aldatu ez dezan”. Oso bestela ikusten dute akordioan parte hartu zuten beste kideek (EH Bildu, PSE, IU-Elkarrekin Podemos): “Lege bat ez da dekretu baten zehaztasun mailara iritsiko, baina akordioan adostutako norabidea finkatzeko eta bermatzeko adina zehaztasuna behar du, bestela unean uneko Hezkuntza sailaren gestioaren pean egongo da norabidea. Akordioan definitu ziren gauza nuklear eta tronkalek ongi definituta egon behar dute legean”.

Edukiak eta neurriak ongi definituta ere, kezka agertu dute hezkuntza komunitateko hainbat eragilek (EHIGE guraso elkarteak eta Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak kasu): akordioan adostu diren puntu ugari gaur egun dugun araudiak jasotzen ditu dagoeneko, baina ez dira betetzen. Politikariei galdetu diegu mekanismo betearazleak ere ez al lituzkeen jaso beharko legeak. “Orain ere mekanismoak egon badaude, baina ez dira erabiltzen, adibidez kuoten ordainketekin ikusi dugunez. Kontuak kontu, akordioan adostu ditugu mekanismoak eta bai, legean eta dekretuetan txertatu behar dira, baina gero borondate politikoa beharko da horiek betearazteko –dio Iñigo Martinez Zatonek (IU-Elkarrekin Podemos)–. Hain justu, hori da lege honekiko konfiantza falta pizten diguna, gero eta berri gehiago ezagutzen ari baikara borondate politikorik ez dagoela erakusten digutenak”. Mekanismo zuzentzaileak jasotzearen garrantzia ere azpimarratu digu Ikoitz Arresek (EH Bildu): “Ikastetxeak betebeharrak bete dituela ziurtatzeko kontrol mekanismoa izan daiteke, adibidez, ikuskaritza zerbitzu berezi bat sortzea, baina bestelakoak ere adostu daitezke, auditoria publikoak eta abar”.

Akordioko alderdi gehienen ustez, Jaurlaritzak aurkeztu duen testua malguegia da eta zehaztasuna behar du, bestela unean uneko Hezkuntza sailaren gestioaren pean egongo da norabidea

Euskal hezkuntza zerbitzuak nola eragingo du praktikan?

Legearen muinetako bat eta gatazka iturri nagusietakoa da Euskal hezkuntza zerbitzua delakoa –sare publiko nahiz itunpeko, betebehar batzuei erantzuten dien ikastetxe orok %100eko finantzazio publikoa jasoko du–. Aurreproiektutik legerako jauziari begira, gauza bat ziurra da: betebeharrak gehiago zehaztuko dira testuan, alderdi guztiek eskatzen dutenari erantzunez. Leixuri Arrizabalagak (EAJ) kontatu digunez, “egia da Euskal hezkuntza zerbitzuan egoteko ikastetxeek bermatu behar dituzten betebeharrak ez direla beren-beregi jaso lehenengo zirriborroan eta mesfidantza sortu duela, baina ziur naiz jasoko direla”.

Betebehar horiek zehaztuta ere, sinesten zaila da zerbitzu horren baitan sartzea erabakitzen duen ikastetxeren bat praktikan kanpoan geratuko denik; errealitatea ez al da itunpeko sarea barne hartuko duen aterpea izango dela? “Bai, kostatzen da sinestea baten bat kanpoan geratuko denik, batez ere eskakizunak ikusirik, ez dira betetzeko eskakizun zailak, borondatea jarriz gero posible da”, erantzun digu EAJren ordezkariak. Oso bestela ulertzen du kontzeptua EH Bilduren ordezkariak: “Ongi definitu behar da zerbitzua emateko zein baldintza bete behar diren, eta horretarako diseinatu behar da ikastetxez ikastetxe maila progresiboan zerbitzu horretako partaide izateko plangintza bat, zeren oraintxe bertan, zerbitzuaren parte izateko baldintza guztiak aztertuz gero, ausartuko nintzateke esatera oso-oso ikastetxe gutxik betetzen dituztela %100ean baldintza horiek guztiak. Beraz, modu progresiboan egingo dugu, beharrezko bitartekoak emanez”. PSEren ordezkariarentzat ere, ikastetxe bat zerbitzuaren parte izatea ezin da egintzat eman, lortu beharreko zerbait izan behar luke: “Akordioa adostean, PSEn ez ginen oso gustura kontzeptu honekin, azken muturrean sare publikoa eta itunpekoa parekatzera datorrela ulertzen dugulako, eta bai ikusi dezakegu zerbitzu hau helmuga gisa, betebehar batzuk jarri, bete ditzaten bermatu, eta hala eginez gero azkenerako zerbitzu honen partaide izan; baina ez dugu ikusten abiapuntu gisa, aurreproiektuan badirudielako itunpeko guztiak automatikoki zerbitzuaren parte direla eta interes sozialeko ikastetxeak direla finantzazio publikoa jasotzen duten heinean, interes soziala zer den ere definitu gabe”.

IU-Elkarrekin Podemosen ordezkariak argitu nahi izan digu hezkuntza zerbitzuarekin ez dela formula berririk sortu, LOMLOE Espainiako legeak jasotzen duela eta bertan agertzen dena txertatu baino ez dela egin, eta ez dituela sareak berdintzen: “Dago eskola publikoa, eta daude zerbitzu hau eskaintzen duten ikastetxeak, eskola publikoa ez delako denera iristen. Guretzat bata eta bestea ez dira berdinak eta lehentasuna eskola publikoak izan behar du”. Orduan, galdetu diogu, ez da bi sareen banaketarekin amaitu? “Ez, baina akordioko neurriak martxan jarriz gero, eskola publikoaren perimetroa handitzea, plaza publikoak leku guztietan bermatzea… eskola publikoa pixkanaka indartzen joateko neurriak izango ditugu, eta hori da gure helburua”.

Euskararen murgiltze eredu orokortua ezartzea eta euskara izatea irakas-hizkuntza bakarra eskatu dute eragileek. Ziurrenik ez bata ez bestea ez ditu jasoko legeak

“Guri gustatzen zaigu Euskal hezkuntza zerbitzu publikoaz hitz egitea, publikoa ere gehitzea eta azpimarratzea, zerbitzua publikoa izango delako”, dio EAJren ordezkariak. EH Bildukoarentzat aldiz, “etorkizunean sortuko litzateke zerbitzu publiko hori, gure idurikoz tartean titularitate partekatua izango lukeena (instituzionalizazio juridiko bat tarteko), baina hasierako egoera honetan, non titularitate ezberdineko ikastetxeak dauden eta titularitate horiek bere horretan mantentzen diren, zerbitzuan zeinek parte hartuko duen eta zein baldintza bete behar dituen ongi definitu gabe daudelarik, publiko deitzea arriskutsua iruditzen zaigu. Gauza bat da zerbitzu publikoa ematea, eta horretan ados gaude, baina zerbitzuari izen-abizen horiek jartzea ez da egokiena”.

Ikastetxeen publifikazioan jarri du azpimarra hezkuntzako hainbat eragilek, eta sindikatuek deituriko greben aldarrikapenetan ere, publifikazio prozesu sendoak eskatu dituzte, titulartasun pribatua duten ikastetxeak sare publikoan integratu daitezen. Aurreproiektuan, aukera hau xedapen gehigarri gisa baino ez da ageri, laburrean. Itunpeko ikastetxeek sare publikoan integratzeko atea irekita uzten dela eta ikastetxearen borondatezko erabakia dela adierazi digute akordioaren sinatzaileek. “Aurreproiektuan agertzen den lekuan ondo dagoela uste dugu, lege honen helburua ez baita sistemako ikastetxeak publifikatzea, baina aukera egon badago”, esan digu EAJren ordezkariak.

Zer da eskola publikoa indartzea?

Sare publikoari alderdi guztiek aitortzen diote protagonismoa, baina hori zein neurriren bidez islatuko da legean? Inbertsio eta azpiegitura kontuak legeak jaso behar dituen ala beste mahai eta arauditan garatu behar diren ez dago argi. EAJko Leixuri Arrizabalagak gogoratu du, “eta hau sindikatuek ez dute esaten, pasa den maiatzean oso akordio garrantzitsua adostu zutela Hezkuntza sailarekin: baliabide gehiago, profesional gehiago, jarri dira publikoaren zerbitzura”. EH Bilduko Ikoitz Arreserentzat, “legeak jaso edo ez, argi daukagu azpiegiturei dagokienez desabantailan aurkitzen dela euskal eskola publikoa eta inbertsio eta azpiegitura plan sendoa behar duela”.

IU-Elkarrekin Podemos eta PSEk planifikazioan jarri dute fokua, plaza publikoak bermatu eta hazteko neurrietan. “Akordioan planteatu genuen neurri oso espezifikoa da adibidez plazen eskaintza ez egotea eskaeraren menpe, merkatu logika apurtzea –azaldu du Iñigo Martinez Zatonek–. Legeak bermatu behar du herri guztietan gutxienez eskola publiko bat egotea (uneotan ez dago bermatuta) eta hiriguneetan eskola publikoa izatea hazten ari dena, zeren Bilbon esaterako itunpeko gehiago ditugu jada publikoak baino. Eta hau gakoa da, demografia jaisten ari den honetan: itunpekoetan ratioak jaitsi dira (alegia, ikasle gutxiagorekin gelak zabalik mantentzea ahalbidetuko zaie), herri berean egon daitezkeen bitartean ikastetxe publikoak plazak bete gabe dituztela. Ez du zentzurik itunpekoei ratioak publikoari baino gehiago jaisteak”. “Ezin da gertatu jaiotze tasaren beherakadak ekar dezakeen ikastetxe batzuen bideragarritasun-eza (itxiera) ikastetxe publikoen bizkar egitea”, gehitu du Alfredo Retortillok.

Aurreproiektua irakurrita, ikastetxe bat izan daiteke laikoa eta kristaua aldi berean

Murgiltze eredu orokortua bai ala ez?

Bai hezkuntzaren bai euskalgintzaren bueltako eragileen eskaera da: egungo A, B eta D ereduen aldean, euskararen murgiltze eredu orokortua ezartzea ikastetxe guztietan, eta euskara izatea irakas-hizkuntza bakarra. Bada, batzuekin eta besteekin hitz eginda, esan dezakegu ziurrenik ez bata ez bestea ez dituela jasoko legeak.

“Euskara ardatz duen sistema eleaniztuna” da akordioak eta legeak jasotzen duten eredua, ez murgiltze eredu edo D eredu orokortua. “Guretzat garrantzitsua da daukaguna mantentzea, beherago ez joatea, eta hortik gora joaten saiatzea”, dio Leixuri Arrizabalagak. Ikoitz Arreseren esanetan, “ikasleei derrigorrezko hezkuntza bukatzean B2 irteera-profila eskatzea praktikan da irakas-eredu orokortu batera salto egitea”. Baina B2 horretara iristeko hizkuntza proiektua ikastetxe bakoitzaren esku uztea –eskolaren testuinguru soziolinguistikoa kontuan hartuz– ez al da eredu malguegia? “Guk ez dugu malgu bezala interpretatzen, ikastetxe guztiek B2 bermatu behar baitute, eta hori ebaluazio jakin baten bidez justifikatu beharko dute”, erantzun digu Arresek. Ikastetxeak benetan B2 helburu horretara iristeko bidea egiten ari direla bermatzeko –eta zailtasunak dituen eskolara baliabide gehiago bideratzeko–, ebaluazio jarraitua denek ikusten dute funtsezko, baina aurreproiektuan ez dago halakorik jasota eta iritzi ezberdinak dituzte politikariek, legean jaso ala gero arauditan zehaztu; hurrengo hilabeteetako eztabaidan puntuetako bat izango da, seguruena.

Hizkuntza proiektuen malgutasunaz ari garela, akordioaren arabera irakas-hizkuntza euskara izango da lehentasunez, baina ez irakas-hizkuntza bakarra. Hala, nahiz eta orain arteko inongo dokumentutan ez den ageri –batzuek kontrakoa zabaldu duten arren– ikasgai arruntetan euskara ez beste hizkuntzaren bat erabiliko dela (Gizartea edo Historia ingelesez ematea, adibidez, gaur egun hainbat ikastetxetan jada egin ohi duten moduan), legeak atea zabalik utziko du hala erabakitzen duen ikastetxeak egin dezan.

Segregazioa eta gurasoen askatasuna

Eskolatze orekatu baten aldeko neurri eta irizpideak aurreproiektuan baino gehiago eta zehatzago agertuko dira legean, hori ere aurreikusi dezakegu, alderdi politikoekin hitz eginda. Ez alferrik, azken urteetako eta baita prozesu honetako protagonista handietakoa izan da segregazioa, hezkuntzaz ari garelarik, baina aurreproiektuan ez da akordioan adina sakontzen, berriro ere argudio erabilita legean ez baizik dekretu, araudi eta abarretan garatuko dela gaia. Lege batean zenbateraino konkretatu daitezkeen halako neurriak? Kataluniako Legeak pista inportantea ematen duela azaldu digu Ikoitz Arresek: “EAEko legeak jaso behar ditu segregazioari aurre egiteko neurriak gutxienez Kataluniako Legeak jasotzen dituenak beste”.

Segregazioari aurre egiteko irtenbideak askotan errepikatu dira, baina legearen arabera “gurasoei dagokie ikastetxea askatasunez aukeratzeko eskubidea baliatzea”, eta eskolatze orekatu baterako planifikazioa printzipio horrekin ongi uztartzen ote den galdetu diegu politikariei. “Gurasoek aukeratzeko eskubidea beti egon da eta egoten jarraituko du, guk gainera beti defendatu dugu eta euskal gizarteak hala onartzen du –aldarrikatu du Leixuri Arrizabalagak–, baina beste faktore bat sartzen da jokoan, segregazioa, eta faktore hori medio, gerta daiteke seme-alaba matrikulatzeko gurasoek egindako lehenengo aukeraren portzentajea jaistea, eta seme-alaba bigarren aukera gisa zuten horretara bideratzea. Gaur egun ere gertatzen da”. Gurasoen askatasuna eta eskolatze orekatua hizpide, tokiko eskolatze bulegoen garrantzia nabarmendu digu Iñigo Martinez Zatonek: “Hor matrikulatu behar lirateke seme-alabak, ez zuzenean eskoletan, eta bulego horietatik banatuko lituzkete ikasleak. Akordioak jasotzen ditu bulego hauek, baina gakoa izango da nola gauzatzen den, bakarrik informazio eta aholku bulego izango diren, ala eskumen handiagoak izango dituzten”. Alfredo Retortilloren ustez, ez da beti ongi ulertzen ikastetxea aukeratzeko gurasoen eskubidea: “Edonola, eskubide horrek ezin du administrazioaren planifikazioa baldintzatu, adibidez plaza publikoak gordeko direla erabakitzea”.

EAJko Arrizabalagaren hitzetan, “eragile bakoitzak bere txokoa defendatzen du eta ezin izango dute norbere txokoarentzako guztia jaso legean”

Erlijio orduek izango al dute mugarik?

Akordioa garbia zen: LOMLOE Espainiako legeak Erlijio ikasgaia eskaintzera behartzen ditu ikastetxeak, eta ikasgai horri jartzen dion gutxieneko ordu kopurua Euskal hezkuntza zerbitzuaren partaide izateko gehienezko Erlijio ordu kopuru gisa finkatu zuten alderdi sinatzaileek. Aurreproiektuan, ordea, ez da halako mugarik ageri, eta laikotasuna zer den hobeto definitzeko ere eskatu du hainbat eragilek, testuan nahiko modu lausoan azaltzen dela iritzirik. Doktrinatzea debekatuta dagoela dio aurreproiektuak, baina testua irakurrita, ikastetxe bat izan daiteke laikoa eta kristaua aldi berean: eskatzen da “laikotasunean oinarritutako hezkuntza-eredua garatzea, itunpeko ikastetxe pribatuen berezko izaera errespetatuz”. Ez dugu ahaztu behar, itunpeko ikastetxe pribatu horien portzentaje handi baten izaera kristaua dela.

Adostutakora bueltatuz, legeak Erlijio ordu kopuruen muga berreskuratzea eskatuko dute IU-Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk, PSErentzat “ez da guri gehien kezkatzen gaituen gaia”, eta EAJren ustez, orain ere legean ez, “ondoren araudi bidez garatu beharreko gaiak lirateke”. Hurrengo hilabeteetan puntu honek eztabaida piztuko duela dirudi, are gehiago aintzat hartuta zeinen irmo agertu den Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, honen inguruan galdetu zaionean: “Hemen ez da inongo aldaketarik egon eta ez da inongo aldaketarik egongo; ikastetxe guztiek izango dute euren nortasuna mantentzeko aukera, ikaslearen nortasuna errespetatuz”.

Beste puntu batzuetan ere badago saltsa eta eztabaida. Kontratu programen bidez garatuko den ikastetxeen autonomiari begira, esaterako, edo hezkuntzaren deszentralizazioari lotuta. Udalei eta udal eskola kontseiluei rol garrantzitsua atxikitzen zitzaien akordioan, hezkuntza tokian tokira gerturatzeko asmoz, baina funtzio eta eskumen horiek asko urardotu dira legearen aurreproiektuan, ikusi beharko da zein forma hartzen duten azkenerako.

Akordioaren lorpenak ere nabarmendu nahi izan dituzte elkarrizketatuek: hala nola Partzuergoko haurreskolen doakotasuna –2023-2024 ikasturtetik aurrera errealitatea izango den aspaldiko eskaera– segregazioa lehen lerrora ekartzea eta eskola publikoa hazteko prozesua eztabaidatzea.

Ba al du legeak zilegitasun sozialik?

Kritikak, mobilizazioak, greba egunak… Bor-bor dago giroa eta legeak hezkuntza komunitatean nahikoa zilegitasun izango al duen galdetu diegu. Legeak gizartearen eta eragileen babesa izatea ezinbesteko jo dute denek, eta horretan urratsak eman behar direla diote, herritarrak pauso bakoitzaren inguruan ongi informatu, eragileei entzun… Martxoan alderdiek lortu zuten akordioa minimoen akordioa izan zela gaineratu du Martinez Zatonek, “ez da guk egingo genukeen hezkuntza proposamena, baina abiapuntu gisa ongi ikusten dugu”. Eta konfiantza eskatu du EAJko Arrizabalagak: “Mesfidantza dago, baita prozesuaren inguruko desinformazioa ere. Akordioarekin hasieran gauza bera pasa zen eta bukaerarako eragile ugari pozik agertu ziren emaitzarekin. Batzuk kontra agertu ziren, baina batzuk beti daude kontra, berdin du zer egiten duzun. Eta orain ere, lehenengo zirriborroa baino ez daukagu, bidea luzea da eta izan konfiantza, izan parte-hartzaileak, denon artean lege proiektua aberasteko eta ahalik eta adostasun maila handienera heltzeko, hori delako helburua. Egia da eragile bakoitzak bere esparrua edo txokoa defendatzen duela eta ezin izango dutela norbere txokoarentzako guztia jaso lege honetan, gauza batzuk atzean utzi beharko dituzte, denon artean akordio batera heltzeko, hori da akordio baten oinarria, eta uste dut horretarako esfortzu bat egin beharko luketela, kontuan hartuz helburua oso ona dela gure gizartearentzat”.

 

“Publikoa, euskalduna eta propioa helburu. Hezkuntza lege aurreproiektu honi ez, legea langileokin erabaki” lelopean, greba egunak egin ditu EAEko irakaskuntza publikoak, ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek deituta.

HEZKUNTZA LEGEAREN KRONOLOGIA

Hezkuntza komunitateko eragileen 100 agerraldi edo ponentzia entzun zituen Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordeak, ekarpenak jaso aldera. Ondoren, 2022ko martxo bukaeran hezkuntza akordioa sinatu zuten EAJ, PSE, EH Bildu eta IU-Elkarrekin Podemos alderdiek. 43 neurri adostu zituzten, datozen hamabi urteetan Hezkuntza sailak garatu beharreko hezkuntza politika zedarritu asmoz. Apirilaren 7an egin zuten akordioaren behin betiko bozketa, Eusko Legebiltzarrean.

*

Akordiotik legerako jauzian, Hezkuntza sailak egindako lege aurreproiektuaren zirriborroa izan da lehen urratsa, akordioa oinarri hartuta. Irailaren erdialdean audientzia publikoan jarri zen aurreproiektua, nahi zuen orok ekarpenak egiteko bidea zabalduz: 34 eragileren ekarpenak eta alegazioak jaso dituzte.

*

Abendua bukaerarako gobernu kontseilura heldu nahi du bigarren zirriborroak, baina ziurrenik ez du denborarik emango. Urtarrileko lehen hiru asteak hilabete balioagabeak direnez, badirudi urtarrila bukaera aldera iritsiko dela gobernu kontseilura, lege proiektu moduan, eta segidan Eusko Legebiltzarrera iritsiko litzateke, otsailean.

*

Eusko Legebiltzarrera lege proiektua iritsiko da. Lehenengo fase batean, alderdiek proposatuta lege ponentzian parte hartuko duten hezkuntza eragileek beren ekarpenak egingo dituzte; bigarren fase batean, Legebiltzarreko alderdi bakoitzak bere zuzenketak egingo dizkio lege proposamenari, zuzenketa bakoitza negoziatu eta eztabaidatuko da eta aurrera ateratzen den edo ez bozkatuko da: testuak bere bidea egingo du, behin betiko legera arte. Baliteke 2023ko iraila-abendu artean onartzea legea.

*

Paraleloki, akordioan parte hartu zuten alderdien jarraipen batzordeak biltzen jarraituko du, akordioan adostutakoa betetzen dela ziurtatzea eta adosturiko neurriak nola garatuko diren kontrastatzea helburu duena.

*

Noiz aplikatuko da legea? 2023-2024 ikasturtean aplikatzeko asmoa agertu du Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak. Dena den, martxan jartzen diren arau, dekretu eta abarretan “espiritua aplikatzen ari gara jada”, sailburuaren hitzetan.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAEko Hezkuntza Legea
Eraikuntza nazionala

Hezkuntza Lege berria, adostasunetik jaio behar zena, haserrean eta desakordioan onartu da. Publiko-pribatu auziak eta hizkuntza ereduek eragin dute akordio falta. Pena handia.

Horretan Espainiako ereduari jarraitzen diogu, EAEn ez garelako gai oinarri amankomun batzuk jarri... [+]


EHEko kideak legebiltzarreko atarira kateatzen saiatu dira, Hezkuntza Legea salatzeko

Gasteizko Legebiltzarraren aurrean egin dute protesta Euskal Herrian Euskarazeko kideek, “iraungita” dagoen Hezkuntza Legearen onarpena salatzeko. Goizeko 9:00etan elkarretaratzea burutu dute eta bi kide Legebiltzarreko atera kateatzen saiatu dira.


Oposizio guztia aurka duen Hezkuntza Legea onartu dute EAJ-PSEk

Iritsi da eguna: Eusko Legebiltzarrean ostegun goiz honetan onartu da soilik EAJ eta PSEk babesten duten Hezkuntza Legea. Legebiltzar atarian, Euskal Eskola Publikoaz Harrok eta Euskal Herrian Euskarazek protestak egin dituzte. Duela hogeita hamar urte onartu zen azken hezkuntza... [+]


Eguneraketa berriak daude