“Bidegabekaria hutsa da Xeyko langileoi egin digutena”

  • Xey enpresako 170 langileetako bi dira Diego Bracamonte eta Mikel Etxabe. Itxiera nola bizi duten kontatu digute, ostiralean (uztailak 21) Zumaian egingo den manifestazioan parte hartzera deitu dute.

Diego Bracamonte eta Mikel Etxabe, Xeyko atarian. Argazkia: Gorka Zabaleta
Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko uztailaren 21ean - 09:18
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Enpresako ate guztiak itxita dauden arren, langileak oraindik ere lantokiaren atarian biltzen dira. Autoen sarrera oztopatu dute barrikada batekin, eta zaintza lanak egiteko txandak antolatu dituzte, “lantokia hustu ez dezaten”. “Badakigu hor barruan dauden baliozko makina eta lehengaietatik guk ez dugula ezer aterako”, aitortu du Diego Bracamontek; “hau saltzen den egunean diru guztia banketxeentzat izango den arren, lantokia egunen batean irekiko den esperantza ez dugu galdu nahi; baina hori baino gehiago, elkarrekin jarraitzeko modu bat da”.

Xeyko langile beteranoetakoa da Bracamonte. 1985ean sartu zen enpresan, eta gaur arte. 59 urte dauzka, eta garbi du etorkizuna: “Hemen bukatu da nire lan bizitza. Amorrua ematen dit horrela amaitu behar izateak, baina niretzat bukatu da; min handiagoa ematen dit, ordea, enpresako gazteengatik. Haiei ibilbide profesional osoa ukatu diete, berez etorkizuna zeukan enpresa izan arren”.

Gazte horietako bat da Mikel Etxabe. Lanbide heziketa amaitu eta lanean hasi zen, 17 urte zituela, Zumaiako aroztegi batean. “Orduan izan nuen lehen harremana Xeyrekin eta enpresan lanean hasteko aukera izan nuen”. Baina lehen aldi hura bukatu zen eta bederatzi urte egin zituen Azpeitian lanean, iaz berriro Xeytik deitu zioten arte. “Lan asko zegoela eta ea lanera joango nintzen proposatu zidaten. Nik ordurako entzuna nuen arazoak zeudela ordainketekin, baina Xeyko arduradunek esan zidaten lasai egoteko, kreditua lortu zutela eta lana bazegoela. Eta halaxe hasi nintzen berriro”. Eta lana egon, ba omen zegoen. “Hasi eta berehala ordu estrak sartzen hasi ginen, egunean bi ordu eta erdi”. Otsailean kontratu mugagabea egin zioten, baina martxoan hasi ziren kontuak aldrebesten. Eta orain kalean ikusten du bere burua. “Langileon egoera oso larria da, hori esan beharra dago. Aurrekoan bat baino gehiago negarrez ikusi genuen. Pentsa, askori 11 paga zor dizkiete. Gazte asko gaude etxea ordaintzen ari garenak, seme-alabak dauzkagu, hilero gastu finko handiak, errukirik gabe iristen direnak... Honi aurre egitea ez da batera erraza”, dio Etxabek; “langileak hondoratuta gaude”, aitortu du Bracamontek, korapiloa eztarrian. “Bidegabekeria hutsa da langileoi egin digutena”.

“Engainatu egin gaituzte”

Xeyko zuzendaritzak enpresa ixtea erabaki du, 30 milioiko zorrari aurre egiteko gaitasunik ez daukala arrazoituta. Une honetan, itxiera txostena noiz argitaratu zain daude langileak. Uztailaren 28rako egon ote daitekeen esan diete, baina luzatu egingo dela uste dute; ez dira fio. “Engainatu egin gaituzte, behin eta berriro; hau guztia ondo landutako estrategia bat izan da, eta helburua garbi zuten, enpresa hustu eta ixtea”, dio Bracamontek, minduta. Eta jarraitu du: “2009tik 2012ra, krisiaren erdian, enpresako lau milioi euro banatu zituzten jabeen artean; hurrengo urtean, 2013an, Susperregik hartu zuen gidaritza eta zuzendaritza talde berria ekarri zuen, Juan Fano buru. Eta orduan eskatu ziguten langileoi esfortzu bat egiteko, laguntzeko soldata estrekin, enpresak likidezia arazoak zituela. Langileok laguntzea erabaki genuen”.

2011n eta 2012an oso lan gutxi zegoela onartzen dute bi langileek, baina azken urteotan egoera erabat irauli omen da: “Lan asko ari ginen egiten, bezeroen zerrenda hazi egin zen, eta fakturazioak gora egin du urtetik urtera. Iaz 24,5 milioi fakturatu ziren, eta aurten, martxoan, 9 milioi euro zeuden fakturatuta. Fanok berak orduan aitortuta, urte 30 milioitik gora amaitzeko bidean ginen”.

Lana lepo, baina martxoan hasi ziren soldaten ordainketak atzeratzen. “Beti gezurretan ibili zaizkigu. Kapitala handitzeko bidean zeudela, likidezia arazoak konpontzeko moduan zeudela... Konturatzerako enpresa itxi egin dute”. Langileen susmoa da enpresako zuzendaritzak iruzur egin diela. “Epaileak izendatutako administraria iritsi zenean harri eta zur gelditu zen enpresako kontu guztiak zeron aurkitu zituenean. Enpresa hustu egin dute, dirua eraman egin dute”. Victoriano Susperregi akziodun nagusia ikusten dute honen guztiaren arduradun nagusi. “Dagoeneko 74 urte dauzka eta pentsatuko zuen bazela poltsikoak bete eta alde egiteko garaia”, salatu dute Bracamontek eta Etxabek.

Zorrak inguruko enpresatan

Enpresako 170 langileak eta haien familiak dira lehen kaltetuak, baina Xeyren itxiera kolpe gogorra izango da hornitzaile izan diren inguruko enpresa txiki askorentzat. Hala nabarmendu du Etxabek: “Guk ikusi ditugu 200.000 euroko, 100.000 euroko zorrak, Zumaiako, Zarauzko edo Azpeitiko enpresekin; horientzat sekulako kolpea da. Badakigu baten batek etxebizitza hipotekatu behar izan duela aurrera egiteko”.

Haserre daude, baita ere, Eusko Jaurlaritzaren “utzikeriarekin”. Enpresaren akzioen %30aren jabe da Jaurlaritza, “baina ez enpresaren inolako jarraipenik egin. Eta hori oso larria da”, dio Bracamontek, “hemen diru publikoarekin, guztion diruarekin, egon direlako batzuk jolasten”. Jaurlaritzarekin egin berri duten bileran garbi adierazi omen ziete enpresa likidaziora doala. “Jaurlaritzak agertu du jarraitzeko borondatea, baina bakarrik ezin du”, osatu du.

Gaur egun bizi duten egoera lehenbailehen amaitzea nahi dute, Fogasatik diru sarreraren bat jasotzeko. Baina bitartean ez dute etsiko. Bihar Zumaian deitu duten manifestazioan parte hartzeko deia egin dute, “hau berriro gerta ez dadin. Enpresa hau aurrera zihoan eta nahita itxi dute. Horrelakorik gertatzen den azken aldia izan dadin, manifestazioan gurekin bat egiteko eskatzen dizuegu”.

Elkarrizketa hau Zumaiako Baleikek argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langile borroka
Greba mugagabea abiatuko dute Maderas de Llodioko langileek astelehenetik aurrera

Hala iragarri dute langileek ostegun arratsaldean Laudion eginiko mobilizazioaren amaieran.


Sindikalgintza hezkuntza publikoan: borrokatzen jarraitzeko beharra

Euskal Eskola Publikoaren alde borrokatzea STEILASen ikurra da. Ikasturte hasierarekin batera, gogoratu behar da aurreko ikasturtean hainbat kolektibotan akordio garrantzitsuak sinatzea lortu genuela, hezkuntza publikoan grebak eta mobilizazioak egin eta gero. Lan-akordio horiek... [+]


5.000 lagun batu dira Baionan, Macronen austeritate politikak salatzeko

Greba eguna da gaurkoa Ipar Euskal Herrian zein Frantziako Estatuan. "Dena blokeatzeko" mobilizazioaren kari, 50 bat lagunek ekintza bideratu dute Miarritzen, Hotel du Palais luxuzko hotelaren atarian. Bi lagun atxilotu ditu Poliziak.


2025-09-11 | Gedar
Kaleratzeen kontra, lanuzteak egingo dituzte Maderas de Llodioko langileek

Laudioko fabrikako jardunaren zati bat tokialdatu nahi du zuzendaritzak, 39 behargin kaleratuz.


Eskola segregazioa gainditzea helburu duen mahaia abiatu du Jaurlaritzak, STEILAS eta ELA gabe

"Erronka izugarria" duen mahaia jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak, 50 bat eragilerekin: eskola segregazioa gainditzeko neurriak adostea. STEILAS eta ELA sindikatuek ez dute parte hartu; Jaurlaritzak oinarri dituen politikek segregazioa betikotzen dutela diote.


2025-09-04 | Joseba Alvarez
Dena blokeatu!

Horixe da datorren irailaren 10ean Frantziako Estatua hankaz gora jarriko duen deialdi herritar berriaren lema. Sarean gaia lantzen ari diren gune asko daude, baina bi interesgarrienak aipatzearren, hor daude, besteak beste, @lessoulevements edota @bloquonstout atariak.

Izan... [+]


Elizondoko Benito Menni egoitzako langileek 60 greba egun bete dituzte

Greban dira Benito Menni egoitzako langileak joan den abuztuaren 25etik, irailaren 8ra bitarte. Hermanas Hospitalarias enpresak agindutako kaleratzeen eta unitate itxieren aitzinean, Nafarroako Gobernuak ez duela arduratsuki jokatzen ari salatu dute.


Udazken beroa Frantzian?

2025ean hazkunde ekonomiko txikia (%0,6) ez da gai izango langabezia-tasak %8ko muga gainditzea saihesteko; Zor Publikoak bi bilioi euro (BPGren %115) gainditzen ditu EK-k ezarritako %60aren oso gainetik, eta Gastu Publikoak estratosferan jarraitzen du.

Horri gehitu behar... [+]


Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.


Aste Nagusia manteroen erreparaziorako eta justiziarako aukera gisa

Polizia jarduera arrazistak dira araua Bilbon. Manteroei salgaiak konfiskatzen dizkiete, dirua eta objektu pertsonalak kentzen dizkiete, tratu txarrak ematen dizkiete eta mespretxatu egiten dituzte, indarkeriazko murrizketekin, identifikazioekin eta atxiloketekin.


Manteroen kanpalekua desegin du Poliziak Bilbon, eta konpartsek eraso arrazisten kontrako protokoloa aktibatu dute

Bilboko Udaltzaingoak kale saltzaileak Bilboko Gas plazatik kanporatu ditu, bertan bizi baitira kale egoeran Aste Nagusian salmentak handitzeko asmoarekin. Bilboko Konpartsek eraso arrazisten kontrako protokoloa aktibatu, eta elkarretaratzea egin dute.


2025-08-19 | Gedar
22 langile kaleratuko ditu Bridgestonek azpikontratatutako Serveok

Plantillak astelehenean ekin dio grebari, kaleratzeei ezetz esateko. Espedientearen kontsulta-aldia abuztuan hasi izana salatu du Hego Uribeko LASek, enpresaren asmoa "langileen mobilizazioa eta erantzuna oztopatzea" izan delakoan.


2025-08-19 | Axier Lopez
Euskotren "animalien tratu txarren" iragarle

LAB sindikatuak Euskotren enpresaren "koherentzia eza eta erantzukizun sozialaren gabezia" salatu ditu, zezenketen publizitatea zabaltzen ari delako bere ibilgailuetan.


Konfrontaziora pasatzeko garaia da

Euskararen normalizazioaren motorrak herri dinamikara bueltatu behar du aurrera egin nahi badugu


Eguneraketa berriak daude