Ekainak bost ditu gaur; udara atarian gaude eta giroak badaki. 15:00ak dira, sorbeltz saldoa aztoratuta dabil, udara beteko zeruan, kirrinka batean, eltxoak ehizatzen. Azpitik Ibaik erreparatu die sorbeltzei, eta tartean dauden enara azpizuriei; gorde ditu basozain arropak, aparkatu du kotxea eta agurtu ditu lankideak: “Astelehenera arte!”. Arrasate (Gipuzkoa) aldera abiatu da, hitzordua baitugu bertan, 15:30ean. Nik ere utzi dut todoterrenoa, itzali ordenagailua, igogailuan behera laneko ardurak alboratzeko ohiko arnasketa erritua egin dut, eta banoa, ostegunez, asteburuari ekitera.
Sartu ditugu gailu guztiak Ibairen furgonetan, eta abiatu gara, txiri-txiri, hartzen paradisurantz. Egun ederrak datoz eta urduri gaude, nabari da, baina laneko intentsitateak buruan ditugu oraindik, guztiz alboratu ezinik. Hitz egin dugu lan kargaz, basoetako arazoez, ereduaren zentzugabetasunaz, bizitzaren garestitzeaz, etxebizitzaren arazoaz… eta balio izan digu, hein batean, barrenak lasaitzeko.
Ibaik Arrasateko makarreoa entzun nahi du, Perlata eta abar, nik J Martina edo Odei Barroso. Azkenerako denetarik entzun dugu, eta kontsentsu zabalena, beti bezala, bertso zaharretan aurkitu dugu. Burgosera (Gaztela eta León, Espainia) orduko kantuan dihardugu, boz goran, “kukuak berriz zugaitzik zugaitz, kuku hemen ta kuku han, kalendariyo gabe badaki, noiz etorri ta noiz juan”. Betiko txapelketari ekin diogu; ea nork orkatz gehiago ikusi bide ertzean. Ordubete beranduago, Ibaik 17 eta nik 11. Betiko emaitza eta betiko zirtoa; astorik ikusten ez dudala eta ordu gehiegi ematen ditudala ordenagailu aurrean. Ibaik, aldiz, funtzionarioa izanik, eguna ematen du txoriei begira, eta nola ez du ba bista ona izango! Lau hitzetik bi adar jotzeko; nabari da hasiak garela dagoeneko asteburuari traza hartzen.
Leon gurutzatu orduko bertsotan ari gara biak, paraje idorrean barrena, dutxak eta kotxeak baizik eskaintzen ez duten babesgune ia unibertsal horretan. Edonola ere, bertsolarien dohainari hartzari bezalaxe begiratzen diogu biok, begirunez baina urrutitik.
“Parque Natural de Babia y Luna” irakurri dut altuan. Beti bezain galduta nago, baina ilusioa egiten dit erdi-ezagun ditudan kartel horiek berriz ere irakurtzeak. Badakit Ibaik leku onetara eramango nauela eta lasai nago, aurrekoetan ere asmatu izan du-eta. Villablino ere pasa dugu, eta Zarréuko portura bidean kotxea alboratu dugu. 20:20ak dira, iluntzen ari du, eta zelai ederrak ditugu inguruan; saiatuko gara basakaturen bat ikusten. Fruta eta urdaiazpiko apur bat jan, inguruko txoko guztiak prismatikoz miatu eta, ezer berezirik ikusi gabe, kotxera berriro.
Paisaia idorrak aspaldi utzi ditugu atzean. Eremu menditsuan barrena goaz; errepide sigi-sagatsuak, zelaiak, meatzeak, basoak, basoak, basoak, harkaiztiak, herrixka txikiak, basoak, errepide sigi-sagatsuak… 22:15ak orduko iritsi gara lotarako lekura, Monasterio de Hermo izeneko herria pasa eta kilometro gutxitara dagoen meategi zahar batera. 22:45ean iritsi dira Isaac, Ander eta Egoitz. Eta hementxe gaude, estaldurarik gabe, janari pila batekin eta bazterrak arakatzeko gogoz, bost friki. Eta bai, monolaborantzaren kontrakoak eta biodibertsitatearen aldekoak izanik ere, paradoxikoki, ahalkegarrizko monogeneroan bildu gara oraingoan ere.
Ander eta Egoitz adituak dira herpetologian, izugarri asko dakite narrastien eta urlehortarren inguruan; hau irakurtzean buruarekin ezezka ariko badira ere. Isaac naturazale berritzaile bat da; aldiro abentura berezi batekin datorrena. Oraingoan, Salamancara (Gaztela eta León, Espainia) joan dela bizitzera eta pistatxoak ekoizten hasi dela. Egoitz eta Ibairen bideari helduz, basozain izan nahi du berak ere. Ibai animaliazale amorratua da, hegazti-zalea bereziki. Txori izen bat gaizki edo gaztelaniaz esan orduko, gainean izango duzu, zuzentzen eta, nola ez, adarra jotzen. Azkenik, ni basogintza munduan sartuta nago, buru-belarri, eta animaliazalea ere banaiz, honezkero herdoilak hartuta banago ere.
Gauaren ilunak hartu gaitu, giro ederrean; hodeien arteko ostarteetan izar uxoak ageri dira, 8ºC inguru egingo ditu eta haize fina dabil. Hitz egin dugu pixka batean eta bagoaz, bostok, paseo bat ematera. Txantxikuak aditzen dira “pii, pii, pii” sonar zorrotz baten soinua bailiran, zata ere kantuan ari da “trrrrrrr”, eta, basoan, hiru urubi. Bat batean Egoitz korrika hasi da, “etorri etorri!” dio, oihu bat xuxurlatu daitekeen eran. Kristoren apoa aurkitu du. Ezta animalia berezi bat, inondik inora, baina urduri gaude, emozionaturik, eta dena zaigu kitzikagarri.
Bazterrak nahasten pasako genuke gaua, baina egun luzeak ditugu aurretik eta berandu da dagoeneko. Aparkalekura bueltatu gara. Isaacek, Egoitzek eta Anderrek furgoneta batean egin dute lo, Ibaik eta biok bestean.
Iratzargailua jarri dugu, goizeko 6:00etan. Mugikorrak abisua: “Alarmak 6:30 barru joko du”. Ohe txikian etzanda biharko egunaz hitz egin dugu; hartzak non egongo diren, nondik ikusi ahal izango ditugun… Ibairi esan diot irakurri egin nahi dudala, kopetako argia jarrita. Ibaik hasperen. Ahoko aparatua jarri du. Zizapozua da orain. Eta horrek esan nahi du “Listo, lo egin nahi dut. Tontakeria gehiago ez gaurkoz”. Ordu-erdi beranduago zurrungaka omen nabil. Buelta erdia eman du Ibaik eta, berriz ere, hasperen. Halako batean isildu omen naiz, eta eguneroko inertziei erantzunez, oharkabean, besarkatu egin dut Ibai, kutxarita eginez. Berehala konturatu naiz ez dela egunero besarkatzen dudan pertsona, eta barrez hasi naiz. Ibaik hasperen.
Alarmak jo du, eta matxakea hasi da, broma tonuan; mugimenduak, zurrungak… ez omen du Ibaik ondo deskantsatu. Kutxarita egin dit.
Jantzi gara, jan dugu pixka bat eta 6:20ak orduko martxan gaude, autoz, lehenengo geldialdira bidean.
“Gorantz goaz, pausu arinez. Badakigu hartza ikusi ez arren, mereziko duela”
Aparkatu ditugu furgonetak, hartu dugu motxila bana, janariz eta behaketarako materialez ondo hornitua, eta abiatu gara mendian gora. Behe-laino artean goaz. Baldintzak ez dira onak, are gehiago behaketa egingo dugun lekutik hartzak egon daitezkeen eremuaren arteko distantzia 800 eta 1.400 metro bitartekoa dela kontuan izanik. Lainoa badago, ahula izan arren, jai dugu. Hala ere, gorantz goaz, pausu arinez. Badakigu hartza ikusi ez arren, mereziko duela.
Gora orduko, 55 minutu pasa dira. Lurra bustita, landaredia blai, argitzen ari du eta aurrean dugun harana guztiz lainotuta dago. Hala ere, atera ditugu motxilatik teleskopioak eta prismatikoak eta lekua hartu dugu. Malda handi baten erdian gaude, baso arteko soilgune txiki baten, kanporantz egiten duen harkaitz baten puntan. Aurreko magala urruti dago; geldirik bagaude bertako animaliek ez gaituzte ikusiko.
Orduak aurrera doaz eta lainoak ez digu atseden handirik ematen, tarteka garbi-une txikiak ageri dira, eta itsuan biratzen ditugu orduan bostok bertara prismatiko zein teleskopioak.
Oraingo honetan sarrioak baizik ez ditugu ikusi; dozenaka. Aurreko magala gurea baino harritsuagoa da; basoek azalera txikiagoa hartzen dute, eta harkaizti eta labarrak malkartsuagoak dira. Distantzia honetara begi-bistaz ikusi daiteke hartza, oso bista ona izanez gero, baina bestelako gailuak behar dira ganoraz ikusteko. Hurrean, okil beltza dugu bueltaka, birigarroa, garrapoa, txinbo kaskabeltza eta txonta kantuan, eta gainean arrano sugezale bat eta bi zapelatz, batera eta bestera hegan.
11:30ak dira, lainoa ia guztiz joan da, baina berandu da dagoeneko, eta gaurkoz agur esango diogu begiratoki honi. Beheranzko bidea hartu dugu. Bihar egingo dugu beste saiakera bat, esan digute-eta pareko magalean eme bat dabilela, pasa den urteko umearekin. Hartzen araldi garai betean gaude, animalia hau begiztatzeko garai aproposenetako batean. Izan ere, hartzak aztoratu egiten dira, arreta gutxiago eskaintzen diote inguruari, eta errazagoa izaten da hauek ikustea.
Behera iristean, ibilgailuak hartu eta lo egin dugun lekura bueltatu gara. Bazkalorduan, atsedenerako tarte goxoa hartu dugu; elkarri kontuak kontatuz, animaliez, landareez, naturaz eta bizitzaz hitz egin dugu. Arratsalderako badugu plana. Egoitzek eta Anderrek diote eguraldia paregabea dela sugeak ikusteko; 18-20ºC arteko tenperatura eta zeruan laino arin bat.
Abiatu gara mendian gora, abeltzainen borda batzuetara iritsi garen arte. Bertan paradisua: erreka bat, larreak, otadiak, baso irekiak… bi hitzetan: suge lekua. Tartean artzain bat, zer suma; 60 urte inguruko andrea bi txakurrekin; artzain txakur bat eta kaleko etxeetan soilik bizi direla uste genuen txakur txiki, iletsu eta trakets horietako bat. Xola eta basurdeak irakurri duenarentzat, Xola. Solastu gara otsoaren eta hartzaren gaiaz, abeltzaintzan sortzen dituen gorabeherez, eta natura zein lehen sektorea bizi eta gorpuzteko moduez. Halako batean aipatu diogu suge bila genbiltzala, eta begiratu gaitu martetarrei bezala, harridura disimulatu ezinik. “Gorroto ditut” esan digu, “zorionez, inguru hauetan ez ditut ia inoiz ikusi”, eta barrez aritu gara guztiok.
Artzaina agurtu orduko errekara gerturatu gara, eta segituan hasi da festa. Ehun metroan bost suge! Lau gorbatadun, horietatik bi melanikoak, eta biperakar bat. Melaniko deritze, ezohiko melanina ekoizpena medio, azal kolore beltza garatzen duten banakoei. Ohikoagoak omen dira leku hotzetan; epeltasunik ez den hilabeteetan eguzki izpiak probesteko abantaila izaten baita. Arraroagoak izanik, ilusio handia egin digu horiek ikusteak.
Aurrera jarraitu dugu eta ez dira bi minutu pasa Ander berriz ere aztoratu den arte: “Etorri!”. Minutu bat beranduago han gaude bost lagun, prismatikoekin begira, emozionatuta, suge gorbatadun handi batek apo bat nola irensten duen 7 metroko distantziatik ikusten. A ze panorama! Artzainak hitz egingo balu!
Gehiago nahi dugu, Ibaik eta biok bereziki; zukutu egin nahi dugu Ander eta Egoitzen trebetasuna. “Sugegorriak ikusi nahi ditugu!” esan diegu. Otadi batera joan gara orduan. Egoitz eta Anderrek ehiza txakurrak dirudite, arrastoari jarraika. Bitartean gu, baso-igel gorriei begira, eta hamar minutu pasa aurretik Isaacek abisua: “Sugegorri beltza!”. Akabo, zoramena; ahapeka oihukatuz eta kamera geldoan ariko bagina lez ospatu dugu. Argazki ederrak atera dizkiote Egoitz eta Anderrek sugegorri kantauriar melanikoari.
Sugea agurtuta, soilgune harritsuetan barna mendian gora abiatzeko asmotan gaudela, abisua eman diet: sukarra nabari dudala eta beherantz egingo dudala; ondoezik nagoela. Bostok egin dugu beherantz, eta ezusteko erronka berria dugu orain: botikak lortzea.
Erritmoa jaitsi dugu, herri txiki bateko ostatuan lortu dugu parazetamola, eta goiz afaldu dugu. Ez pentsa, ordea, animaliarik ikusten gelditu ez garenik: sugandilak, muskerrak, sugeak, hegaztiak, lepahori bat… oraingoan ere denetik ikusi dugu.
Ohiko aparkalekuan afaldu dugu. Auskalo nongo itsaski kontserbak, berehalakoan kozinatzen diren glutamato zopak, txerriki merkea… Beste behin ere koherentziei jai emanez, elikadura burujabetzaren eta agroekologikoaren aldeko bost lagun, fast-food formatuan erabat murgilduta. Eta gozatu dugu; testuinguruak piper beltzak bezainbat goxatzen baitu zaporea.
Afalostean, nola ez, bueltatxoa eman dugu. Tartean meatze zahar batean ere sartu gara, urlehortar bila, baina beldurrak atera arazi egin gaitu, pelikula ilun bateko eszena dirudi-eta.
Larunbat goizez abiatu dugu hartza ikusteko bigarren saiakera. Goraino igo ordez, beherago egin dugu itxaronaldi txiki bat lehenik, behe-lainoa guztiz desagertu bitartean gertuago dagoen magal bat behatzeko. Ezer berezirik ikusi ez dugunez, ordubete geroago gorantz abiatu gara.
Goranzkoan, hara non, hartz oinatza! Atzeko ezker-hanka baten lorratza hain zuzen; ar batena seguruenik. Nonbait ez dugu urruti, azken orduetan pasa baita. Ileak zorrotz ditugu.
Iritsi gara gora, eta oraingoan bai, baldintza onak ditugu. Aurreko magalera begira gaude, eremu berberak behin eta berriro errepasatzen. Hartzik ez da ageri baina, atzo bezala, estimulurik ez da falta: hegaztiak, sarrioak, basurde bat. A ze sustoa basurdea ikustean! Ikusi nahiak ikustera garamatza maiz, eta basurdea berehala bilakatu daiteke hartz.
9:45 inguruan Ibaik hartza ikusi du. Hau zortea eta poza! Ibaien argibideak jasota bistaratu dugu besteok ere, hartz eme eder bat, ilaje argikoa. Ordu laurden inguruz behatu dugu, oinez lasai doala, tarteka landarediari mokadutxoak emanez. Hau baina ez da aipatu ziguten hartz hura, deskribapenak ez baitu bat egiten. Geroxeago esan digu bazter horiek ondo ezagutzen dituen batek aurreko astean alde egin zutela hartz emeak eta haren kumeak, leku seguruagoren batera. Zoriontsu gaude, ondotxo baitakigu aukera handiak zeudela bidaia osoan hartzik ez ikusteko.
“Oro har, ez da komeni hartzengana gehiegi gerturatzea, haiek aztoratzea ekiditeko”
Jaitsi gara behera, bazkaldu dugu eta kotxea hartuta, lekuz mugitu gara, iluntzerako beste begiraleku batean egoteko, Posada de Rengos inguruko arroila batean. Oraingoan zailagoa izango da, ikusmen eremua askoz txikiagoa baita. Hartza ikusiz gero, aldiz, nabarmen gertuago behatuko dugu, 300 bat metrora. Oro har, ez da komeni hartzengana gehiegi gerturatzea, haiek aztoratzea ekiditeko. Kasu honetan aldiz, eremu antropizatuan gaude, herrigunetik oso hurbil, eta hartzek barneratuta dituzte gizakion joan-etorriak. Kokaleku egokian gaude, beraz.
Eseri gara lurrean, lasai, eta konturatu orduko kapar edo akainaz beteta ditugu arropak. Hau ere badugu! Dozenaka kendu ditugu. Denbora aurrera doa, eta ez da ezer ageri. Kasu honetan ez sarriorik, ez basurderik, ezta hegazti berezirik ere. Akainak besterik ez. Hiru ordu pasa dira eta esperantza galtzen hasiak gara; xuxurlan gabiltza arratsalderako planak egiten. Hala ere, Isaacek prest du mugikorra oraindik, teleskopiora batuta, hartza agertu orduko bideo ederren bat grabatzeko.
Halako batean, Egoitzek mugimendu bat ikusi du zuhaixken atzean. Adarra jo diogu, orkatzen bat izango delakoan. Bost minutu beranduago, aldiz, hartza! Eta minutu bat beranduago, beste bat! Bi hartz gazte dira, ama berekoak, adinagatik araldiari jaramonik egiten ez diotenak. Ia 25 minutuz izan ditugu parean; hau poza! Bideo politak grabatu ditu Isaacek. Jan eta jan aritu dira. Fruituzale amorratuak dira hartzak; izugarri maite dituzte ahabiak, sagarrak, gereziak, ezkurrak, gaztainak eta otsapagoen fruituak. Garai honetan, aldiz, fruitu gutxi dago, eta bestelako elikagaiak ahoratzen dituzte; belarkarak eta zuhaitz edo zuhaixken kimu gazteak bereziki. Tarteka, perretxikoak, intsektuak, arrautzak eta hildako animaliak ere jaten dituzte eta, noizean behin, oso noizean behin, ugaztunak ehizatzen dituzte.
Animalia ederra da, ikusgarria, misteriotsua, indartsua, polita… Haatik, krudela ere bada haren bizimodua. Urte sasoi honetan, hartz arrak eme bila aritzen dira, estalketa helburu. Emeak, baina, bi urtean behin izaten du araldia. Aurten araldia duen emeak, adibidez, urtebeteko kume bat edo bi izango ditu datorren udaberrian, eta haiek babestea beste betekizunik ez du izango buruan. Urtebete beranduago, kumeak burujabetu direnean, araldian sartuko da berriz ere.
Naturak tarteka berea duen krudelkeriaz, hartz arrak urtebeteko kumeak dituzten hartz emeak ikusten baditu, eta bere oinordekoak ez badira, kumeak hiltzen saiatuko da. Hartz amak eginahalak egiten ditu kumeak babesteko: harkaitzetan gora igotzen dira, zuloetan ezkutatu, gupida gabe borrokatu... Argiak dira, baita indartsuak ere, eta ongi babesten dituzte kumeak. Hala ere, tarteka lortzen du hartz arren batek kumeak hiltzea. Orduan, emea araldian sartzen da, eta arrak estali egiten du. Guk ez dugu oraino horrelakorik begi-bistaz ikusi, eta eskerrak, edonor goibeltzeko moduko ikuskizuna baita.
12:00ak aldera bueltarako bidea hartu dugu. Bazkaldu eta, nola ez, mendira abiatu gara; Xedré inguruan dagoen goi-laku batera. Oraingo honetan urlehortar bila. Bi orduko ibilbidean hartz gorotzak, oinatzak, zuhaitz eta baso ikaragarri politak, eta beste hainbat gauza eder ikusi ditugu. Hartz kakak ere aztertu ditugu, nola ez, zer jaten ari diren ikusteko. Udaran ahabi kolorea izaten dute, eta hazi mordoa. Udaberrian, aldiz, zuntz gehiago.
Gora orduko erabat murgilduta gaude gure munduan, txoko bakoitza miatzen. Lakura iritsiaz bat entzun ditugu zuhaitz-igelak kantuan. Igel berezia da hau; berde kolore bizi-bizia du eta guztietan txikiena da. Segituan ikusi ditugu uhandre palmatuak, eta ondo arakatu ostean uhandre marmolairea eta alpetarra ere aurkitu ditugu. Guztiei atera dizkiegu argazkiak. Halako batean, Egoitz laku bazterrera jausi da, apo bat ikusi eta aztoratu denean. Ondo dagoela ikusi dugunean, barrez lehertu gara.
Nekatuta iritsi gara kotxera, baina gaur ere izan dugu tartea afal ondoren pasiera bat eman eta animaliak ikusteko. Kontu-kontari aritu eta berandu gabe lotaratu gara.
Igande goiza ere baliatu dugu hartzak ikusten saiatzeko. Oraingoan kale. Pozik gaude hala ere: asteburu ederra izan da, bikain pasa dugu, baita asko ikasi ere, eta animalia mordoa ikusi dugu.
Igandearen penaz eta abenturaren nekeaz, etxerako bidea hartu dugu. Ez pentsa baina berehalakoan iritsi garenik; edozein putzu, harkaitz edo zelai izan baita autoa gelditu eta prismatikoak ateratzeko nahikoa arrazoi. Bueltan dira bertsoak eta koplak, oraingoan indar apalagoz, eta nostalgiaz hitz egin dugu jada, pasa diren egunez. 19:30ak inguruan iritsi gara Arrasatera; elkar agurtu, janari soberakinak banatu eta nor bere autoan sartu gara, etxera bidean.
Nork bere ihesa behar du, nork bere terapia; eta gurea hauxe da, bat behintzat bai.