UEMAk Telegram bidez banatzen duen “Euskararen Hemeroteka” kanalean honoko titularrak irakurri ditut bata bestearen atzetik: “Gipuzkoak euskararen aldeko bide-urratzaile izateko ardura hartu du”, eta jarraian “Udaltzainen hizkuntza eskakizunen aurkako oldarraldia Donostian, Astigarragan eta Usurbilen”.
Bistan da jendarte desberdina dagoela bataren eta bestearen atzean. Etsaigoa: alde, batzuk, kontra, besteak. Bi indar kontrajarri.
Zein indar?
Batetik, zapaltzailearena: gure lurretara etorri eta militarki boterea kendu zigutenak. Beren kultura inposatzen ari zaizkigunak, inposatutako beren legea lagun. Indarraren arrazoia daukate. Indarkeria darabilte.
Bestetik, zapalduona. Aldarrika penetan ari garenona. Gure kulturaren arabera bizitzen segi nahi dugunona. Arrazoiaren indarra daukagu.
Gorroto dut Israel, zapaltzaile den heinean. Miresmena diet palestinarrei, beren kuraiari, kemenari, adoreari. Zein da David, eta zein da Goliath?
Gure arbasoek ere erakutsi dituzte adorea, kemena eta kuraia, behin eta berriro: Orreagan, Gasteizen, Noainen, Amaiurren, Foruen defentsan, altxamentu faxistan, frankismoan...
Egun baina, beldur naiz etsairik ikusteko ere gai ez ote garen.
Gorroto al ditugu Espainia eta Frantzia, gure bi Goliathak? Ez dakit maitatzea askotxo esatea den, baina gustoko ditugu beren ligak, literatur eta zinema sariak, kirol selekzioak, telebista programak, irratsaioak, hizkuntzak, ezkerreko politiko eta alderdiak…
David izaten ez gaude ez, palestinarren mailan. Haiek garbi daukate etsaia zein den. Garbi daukate injustiziaren aurrean nola biziraun, belaunaldi berriak sortuz eta honokoa transmitituz: beren historia, beren kontakizuna.
Lekutan gaude!
Iñaki Idigoras Igartua
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.