ARGIA.eus

2020ko irailaren 21a

Betoz haize eta ideia berriak

  • ARGIAko zuzendari izendatu nindutenean, 2002ko urruti hartan, batek baino gehiagok luzatu zidan ea zorionak edo doluminak eman behar zizkidan. Egia esan, beldurtua nintzen, orduan zuzendariordea izanagatik ere, zuzendari kargua batetik bestera erori zitzaidalako gainera. Baina kemenez eta konbentzimenduz heldu behar zitzaion ardura berriari, eta nik “zorionak, jakina” erantzuten nion txantxa-ziztada hari. Nire beldurretakoa zen ea 1919an sortutako proiektu hura ni zuzendari nintzela agortuko ote zen. A ze zama!

Xabier Letona Biteri @xletona
2013ko ekainaren 19a

Eta hamabi urte urte ondoren, pozik utziko diot Argiako zuzendari izateari. Zama bat gainetik kenduta eta beste batzuk bizkarreratzeko prest. Dozena bat urte aski eta sobera dira halako postu batean egoteko, haize berriak ezinbestekoak dira, bereziki goi-mailako arduretan. Betoz indar eta ideia berriak, denei egingo digute on.

Nire lasaitasunerako, gainera, gure aldizkariak hemen jarraitzen du, euskal komunikazio esparruan erreferentzia argia izanez, bai paperean eta baita Interneten ere. Eta estu, aldi berean. Talde eta proiektu gisa 2002an baino sendoago bagaude ere, krisiak gure ohiko estutasunera itzularazi gaitu, oparotasunaren izpiek hainbat urtetan gu ere zertxobait ukitu ondoren.

1997an ekin genion Interneten Argian. 2002-2003an ez genion ikusten konponbiderik euskarri berriak gure kutxan sortutako diru zuloari eta geure buruari zorrotz galdetu behar izan genion: “Irudikatzen dugu gure komunikazio proiektua Internet gabe?”. Eta erantzuna ezetz izan zen, argia gainera. Orduan, aurrera egin behar, ez zegoen beste aukerarik.

Hamarkada bat geroago, oraindik argitu barik dago Internetek ekarri duen negozio aldaketarena, baina orduan baino askoz argiago ikusten da komunikazioaren puntan egon nahi duenak, hor ere egon behar duela. Kazetariarentzat, gainera, aukerak biderkatzen dira. Paperezko prentsaren heriotza iragartzen den sasoian, hala izan ez dadin gogotik lan egingo dugu. Paperean ere, kalitatezko informazio landuari eusten dionak iraungo du, eta egunerokotasunetik urruntzen den neurrian aukera gehiago izango bide du gainera. Egunerokotasuna, gero eta gehiago, Interneten dago. Gure astekaria ongi posizionatua dago, informazioaren eguneroko zurrunbilotik at, irakurleari informazio landua eta konprometitua eskainiz, honek ere beste patxada batez irentsi dezan. Argia.com dugu egunerokorako tresna, eta hor bai, urtetik urtera erronka sendoagoak hartu ditugu eta hartuko ditugu aurrerantzean ere.

Kazetari lanetan jarraituko dut etxe honetan, eta izango dut lanik: Internetek, teknologia berriek eta sare sozialek kazetaria egokitzera behartzen baitute gaur egun, eta egiten ez duena estu ibiliko da. Hori bai, ez gaitzala tresna eta teknologiaren olatuak besterik gabe harrapa, haren azpian, beti bezala, edukia baita egiazki garrantzitsuena. Irakurlea, ikus-entzulea, eduki onari lotzen zaio. Eta non da hori? Iturrietan, formazioan, liburuetan,  sarean, kalean... denean apur bat. Eta batez ere, kazetariaren independentzian. Ados, gaitza da –mitoa diote batzuek–, baina bilatu behar da. Ni behintzat saiatu naiz, bai zuzendari gisa eta baita kazetari gisa ere. Hala jarraituko dut, besteak beste orri honetan, zuzendari berriak kontrakorik adierazten ez didan bitartean behinik-behin.

Zeren eta, irailetik aurrera, orain erredaktore buru ari den Estitxu Eizagirre izango da Argiako zuzendari berria. Zorterik handiena opa diot zeregin horretan eta argi izan dezala lan talde osoaren laguntza izango duela.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Euskarazko hedabideak kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude