Bere garaian sutan erretako Edna O’Brien-en nobela, orain euskaraz irakurgai

  • Maryse Condé, Kate Chopin eta Edna O’Brien. Izen horiek batu zaizkio euskaraz irakur daitezkeen mundu osoko literatura lan esanguratsuen zerrendari. Erein eta Igela argitaletxeek asteazkenean aurkeztu zituzten Literatura Unibertsala bilduma osatzera datozen hiru autoreen lan euskaratu berriak: Bihotza negar eta irri, Ekaitza eta beste 34 ipuin eta Landa aldeko neskak, hurrenez hurren. Azkena, O’Brien-ena, hartu dugu esku artean, eleberrian eta autorearen biografian murgildu asmoz.


2022ko otsailaren 04an - 12:24
Azken eguneraketa: 13:28

1930ean Irlanda mendebaldeko Tuamgraney herrixkan sortua, garaiko katolizismo politikoak markatu zuen Edna O’Brienen gaztaroa. Mojatan egin zituen ikasketak, eta ikastetxea zein kalea bezalaxe, idazlearen etxeko giroa ere dotrina katolikoak zeharkatzen zuen. “Salmoak beste irakurgairik ez zegoen etxe batean hezi zen, aita alkoholiko eta jokozale batekin eta literaturari galbide irizten zion ama kontrolatzaile eta integrista katolikoarekin, ametsik eta pozik gabeko bizimodu batera kondenaturik”, diosku Landa aldeko neskak euskarara itzultzeaz arduratu den Gema Lopez Las Herasek hitzaurrean. Giro hari itogarri iritzirik, sorterritik ospa egiteko nahia ernatu zitzaion idazleari bere baitan, eta ikasketak baliatu zituen hirira lekualdatzeko aitzakia gisa. Farmazia ikastera alde egin zuen Dublinera, eta botikari jardun zuen denbora batez, harik eta senargai izango zuen Ernest Gébler ezagutu zuen arte, idazlea hura ere.

50eko hamarkadaren azkenetan, bikotea Londresera joan zen bizitzera, eta hantxe abiatu zuen O’Brienek bere idazle ibilbidea. Editorial batean hartu zuten lanerako, eta lantzen zituen txostenek lankideen arreta deitu zuten; “kualitate literarioa” antzeman zuten lerro artean, Lopezek azaltzen duenez. Hala, lankideek bultzatuta, eleberri bat idazteari ekin zion. Hiru astean amaitua zuen bere lehen nobela, berriki euskaratutako Landa aldeko neskak (The Country Girls), hain zuzen ere. 1960a zen. Aurrerantzean, ez zion utziko luma astintzeari, eta egun ere jarraitzen du idazketari loturik. 2019koa du azken eleberria –Girl–, hogeita hamar lanetik gorako obrako azken argitalpena; tituluen artean, eleberriez gain aurkitu daitezke poesia bildumak, biografiak, kontakizun bildumak eta antzerki obrak.

Kutsu biografikoa duen fikzioa

Idazlearen lanari begiratuz gero, Irlanda da hainbat istorioren agertoki. Eta idazkietan, hazten ikusi zuen inguruarekiko estimuarekin batera nahasten da bere garaiko Irlandako arauekiko kontrakotasuna. Izan ere, ondorioztatu daiteke sorterriko giro itogarria idazketarako erregai gisa baliatu izan duela O’Brienek. Lopezi irakur diezaiokegunez: “Hain zuzen ere, haurtzaro zorigaiztokoa izan zuelako bilakatu zen idazle: zorion baino nahigabe gehiago eman zion Irlanda hura erretratatzeko, bere sorleku maitatuan sufritutako penak eta desditxak kontatzeko”.

Hori argi antzematen da Landa aldeko neskak eleberrian; hainbeste, kutsu biografikoa ere aurkitu dakiokela. XX. mende erdialdean eta Irlandako landa-eremuan dago kokatuta nobela, eta bi neskato ditu protagonista: Caithleen eta Baba. Ezaugarri aski ezberdinak dituzten etxeetatik datozen bi lagun horien joan-etorriak kontatzen zaizkio irakurleari, beraietako baten aho eta begietatik, eta funtsean garaiko Irlandako bi neska gazteren haurtzarotik heldutasunerako trantsizioa jasotzen du, orduko Irlandaren deskribapena eginez bidean. Lehen begi kolpean erraz antzeman daitezke antzekotasunak idazlearen biziaren eta nobelaren argumentuaren artean. Alabaina, bataren eta bestearen arteko loturak sakonagoak direla seinalatzera dator Lopez: “O’Brienen hezurmamitzen da Caithleen, neskatxa esaneko, zintzo eta lañoa, eta O’Brienen alter egoa, bestalde, Baba, moldeak apurtzeko irrikaz dagoen neska errebelde eta pikaroagoa”. Biak ala biek, autoreak bezalaxe, gauza bera dute amets: “sorterritik hanka egitea, gizarteak ezarri dien patuari uko egin eta beraiek erabakitako moduan bizitzeko”.

“Caithleen eta Babaren bidez, O’Brienek bozgorailua jartzen die urteetan isilaraziak izan diren irlandar emakumeei, eta haien bitartez esperimenta dezakegu sasoi hartako bizilege klaustrofobikoa. Badirudi protagonistak jakitun direla gizarteak inposatu dizkien rolak ez direla eraikuntza bat besterik, eraikuntza bat estatuarena, non Elizaren eta patriarkatuaren arau zurrunek tankeratzen, mugatzen eta erreprimitzen baitute emakumezkoen identitatea. O’Brienek, bere lehen nobela honekin, feminitatearen kontzeptua, amodio erromantikoaren mitoa eta gizarteak ezarritako rolak deseraikitzen ditu”, Lopezen azalpenen arabera.

Landa aldeko neskak euskaraz irakur daitekeen autorearen lan bakarra den arren, nobela trilogia baten parte da. Girl with green eyes (1962) eta Girls in their married bliss (1964) lanen bidez, idazleak Caithleen eta Babaren istorioa garatzen jarraitu zuen, nahiz eta nobela bakoitza bere aldetik, soltean, irakur daitekeen.

Sutan erretako liburua

Egun inor gutxi eskandalizatuko luke hizpide dugun eleberriak. Alabaina, argitaratua izan zen garaian hautsak harrotu zituen, eta hitzaurrean azaltzen denez garesti ordaindu arazi zioten “neskatila irlandarren opresio katoliko eta familiarra azaleratzea”. Irlanda osoan debekatu egin zuten eleberria, Irlandaren etsai gisa seinalatua izan zen, emakumeak bide okerretik eraman nahi izatea leporatu zioten… Bere liburua sutan erre zuenik ere egon zen: herriko parrokoak liburuaren zenbait ale hartu eta errauts bihurtu zituen plazan. “Katolizismoak hartzen baitzuen dena, eta zentsuratzen: oro zen bekatu, andreen ahalduntzearen kontra zegoen estatu-makineria hartan. Horregatik, etxeko lanei, morrontza sexualari eta zuhurtasun inposatuari uko egin eta nahieran bizi beste desiorik ez zuten neskei buruz idaztea iraultza baten parekoa izan zen Irlanda atzerakoi, ultrakatoliko eta hertsian”, egiten du irakurketa Lopezen.

Iritzi publikoan eragindako errefusa etxe barruraino sartu zitzaion O’Brieni. Emaztearen literatura libertinoegia irizten zitzaion Géblerri; hori adierazi zuen banandutakoan semeen zaintza kendu nahi izan zionean. O’Brienen lehen lan literarioak izandako oihartzuna ez zuen jakin kudeatzen gizonak, eta arrazoia bere karrera eklipsatu izana izan zitekeen, hitzaurrean iradokitzen denez. Horrela bada, Landa aldeko neskak argitaratzeak elkarrekin partekatzen zuten bizitzaren akabera ekarri zuen.

Bere lehen eleberriak eragindako lurrikarak ez zuen O’Brien isilaraztea lortu ordea. Kontrara, hainbeste zeresan eman zuten bi pertsonaia haietan sakondu zuen, Caithleen eta Babaren istorioekin trilogia osatuz. Hiruak izan ziren debekatuak.

Debekuen debeku, O’Brienek inoiz ez zuen gorde idazluma. Eta denborak berari eman dio arrazoia, gainera. Bere garaian literatur kritikarien mespretxua eragiten zuen lanak literatura unibertsalean egin du merezi duen tokia. Tamainako ausardia erakusteagatik sarri ordainarazten den peajea ordainduta, baina lortu du merezitako tokira heltzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Literatura
2024-04-24 | Estitxu Eizagirre
'Zenbat lo' liburua aurkeztu dute Asteasun
Kartzelako hormak zeharkatzen dituen ama-alaben arteko harremana hitz eta iruditara eramana

Nekane Txapartegi Suitzako kartzela barrutik eta alaba kanpotik, elkarri hamaika modutara maitasun mezuak helarazten. Horra Txalaparta argitaletxeko Zenbat lo liburuak jaso duen historia, Iraitz Lizarragaren hitzetan eta Izaro Lizarragaren ilustrazioetan. Iragan hurbileko... [+]


Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


Mamu bat gure artean da

Eguzkiarekiko gertutasunak moldatu egin ei du Lurrak duen abiadura, eguzkia inguratzeko mugimenduan. Beste abiadura batzuk ere badira, ordea, eta balirudike lurraren abiada gero eta azkarragoa dela edo, bederen, aldaketak etengabean ditugula orpoz orpo jarraika. Egoera honetan,... [+]


2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


Eguneraketa berriak daude