Berangoko auzipetuen sumarioan zenbait militantziaren aurkako jazarpena antzeman daitekeela salatu dute

  • Azaroaren 17an eta 18an deklaratu behar izan dute 15 pertsonak, Iban Aginaga euskal preso ohiaren ongietorrian parte hartzeagatik terrorismoa goratzea leporatuta. Larunbatean agerraldia egin dute Berangoko frontoian, auzipetutakoei babesa helarazteko eta gertakizunen inguruko irakurketa politikoa plazaratzeko. Sumarioan militantzia eta antolakunde politiko bat baino gehiagoren aurkako jazarpena antzeman daitekeela adierazi dute, eta herritarrei dei egin diete eskubide politikoen defentsa egitera.


2022ko azaroaren 21an - 10:41
Azken eguneraketa: 12:44

Larunbatean, hilak 19, dozenaka pertsonak prentsaurrekoa egin dute Berangoko frontoian, Iban Aginaga euskal preso ohiaren ongietorriagatik auzipetutakoei babesa adierazteko eta horien askatasuna eskatzeko. Izan ere, Kandaru Kultur Elkarteko hiru kidek abuztuaren 22an deklaratu ondotik, azaroaren 17an eta 18an beste hamabost auzipetuek deklaratu behar izan dute Espainiako Auzitegi Nazionalean. Aginagaren ongietorrian parte hartzeagatik terrorismoa goratzea leporatzen diete. Auzipetuek ukatu egin dituzte akusazioak, adieraziz ekitaldia "pribatua" izan zela.

Martxoaren 13an egin zioten ongietorria kasik 20 urte preso eman dituen Aginaga berangarrari, eta ekitaldiaren harira salaketa jarri zuten Vox alderdiak, Dignidad y Justicia elkarteak eta Villacisneros fundazioak. Ondorioz, ikerketa zabaldu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta horrek ekarri ditu berekin 18 auzipetuak. Bestalde, Berangoko Udalak ere zigortu egin ditu ongietorriaren antolatzaileak, frontoiko paretetan pankartak jartzeagatik eta frontoiaren “erabilera desegokiagatik”; udal instalazioak erabiltzeko hiru hilabeteko bina debeku eta 500 euroko bina isun jarri dizkie.

Askatasun politikoen defentsa

Ongietorria egiteko aukeratutako toki berbera aukeratu dute larunbateko prentsaurrekoa egiteko. Bertan, auzipetuei babesa helarazi eta aske utz ditzaten eskatzeaz harago, gertakizunen gaineko irakurketa egin dute. Adierazi dute Aginagaren ongietorria errepresioa gauzatzeko Espainiako Estatuaren "aitzakia" bat besterik ez dela, eta sumarioa zenbait norbanakoren aurkako eraso judiziala izatetik harago doala. Beren arabera "Ertzaintzaren, Espainiako Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren txostenetan militantzia eta antolakunde politiko ezberdinen jazarpena antzematen da". Aipatu txostenetan jarraipenak, antolakunde politikoen gaineko kontrola, eta horiek legez kanpo uzteko makro-sumario baten arrastoak antzeman daitezkeela azpimarratu dute.

"Jakina da, bai Espainiak bai Frantziak, Euskal Herriaren azken aztarna iraultzaileak desagerraraztea dutela helburu. Eta horrekin batera, azkenaldian hainbeste entzuten den memoria historikoa ere bai. Horretan datza, hain zuzen ere, kasu honetan militantzia politikoaren aurkako eraso hau". Hori horrela, eta ulerturik eskubide politiko oinarrizkoenak direla jokoan daudenak –biltzeko, antolatzeko, adierazpenerako eta mobilizatzeko eskubideak aipatu dituzte; "hots, militantzia politikoa gauzatzekoak"–, askatasun politikoaren defentsa egiteko beharra azpimarratu dute. Errepresioak helburu indibiduala ordez helburu kolektiboa duela seinalatu, eta hortaz, erantzunak nahitaez kolektiboa izan behar duela defendatu dute. Bide horretan amnistiaren aldeko aldarria egin dute, ulertzen dutelako errepresaliatu ororen askatasun aldarria izateaz gain, borroka legitimatzen duela.

Horiek esanda, errepresaliatuak babesten dituzten norbanako zein eragileei, errepresioaren aurkako mugimenduei eta amnistiaren alde dauden agente politikoei dei egin diete, martxan jartzeko "espainiar eta frantziar estatuen errepresioari aurre egingo dioten lanabesak".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errepresioa
2024-03-15 | Gedar
Larunbatean, "estatuen indarkeria eta errepresioa" salatuko ditu EHKSk Donostian

Egun osoko jardunaldi politikoaren barruan, manifestazio bat egingo du 19:30ean, Gipuzkoa Plazatik abiatuta. "Azken asteotako jazarpen polizialaren eta errepresioaren" kontra mobilizatuko dira.


Sei urteko espetxe zigorra eskatu dute bizkaitar baten aurka, etxegabetze bat gelditzen saiatzeagatik Bartzelonan

Bi lagunen kontrako epaiketa hasi da gaur, otsailaren 29ean, Bartzelonan. Akusatuetako bat Zeberiokoa (Bizkaia) da, eta bestea Esplugueskoa (Bartzelona). 2020an Bartzelonan etxegabetze bat gelditzen saiatzean, Esquadra Mossoak bortizki oldartu ziren han bildutakoen kontra... [+]


Tefia, homosexualak zigortzeko eremua

Fuerteventura (Kanariar Uharteak), 1954ko otsailaren 11. Tefiako Nekazaritza Kolonia abian jarri zuten uharteko aireportu abandonatuan, basamortuaren erdian. Nekazaritza kolonia eufemismoaren atzean, praktikan, kontzentrazio eremua izan zen Tefia, nagusiki LGBTI komunitateko... [+]


Arnaldo Otegi
“Gu atxilotu gintuzten ETA Euskal Herriko ekuazio politikotik ez ateratzeko”

Bateraguneko auziko auzipetuen izenean hitz egin du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak eta poza agertu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak auzia ez errepikatzea erabaki duelako. Estatuko herrien askatasun nahia modu demokratikoan bideratzeko deia egin dio Espainiako... [+]


2023-11-15 | Gedar
790 milioi euroko aurrekontua izango du Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 2024an, aurrekoan baino %5,9 gehiago

 Azken hiru urteetan %13,7 igo da Eusko Jaurlaritzaren segurtasun-aurrekontua. Datorren urterako igoera 44 milioi eurokoa izango da.


Eguneraketa berriak daude