ARGIA.eus

2020ko ekainaren 05a

Belfasteko erraustegi proiektua bertan behera utzi dute epaileek

  • Ipar Irlandako Apelazio Auzitegiak behin betiko erabakia eman du: legearen kontrakoa da Mallusken eraiki nahi duten erraustegiari emandako baimena. Goi funtzionario batek baimen hori eman izana Ostiral Santuko akordioen kontrakotzat jo dute epaileek eta balio gabe utzi. Beren poza adierazi dute proiektuaren kontra No-Arc21 elkartean borrokatu diren herritarrek.

Zero Zabor @zero_zabor
2018ko uztailaren 09a
Erraustegiaren aurkako ekintzaileak eta beren abokatuak epaitegiaren atarian garaipena ospatzen.

Indaver konpainiak (Becon filialaren bitartez) Belfasten eraiki nahi duen erraustegiari bidea itxi diote epaileek, hura legeztatzeko baimenak era ez legalean eskuratu zituelakoan. Hasieratik polemikoa den Malluskeko erraustegiak 2015ean ezezkoa jaso zuen orduan Ingurumen ministroa zenak emanik, hondakinen kudeaketa egoki ez planteatzeagatik eta gizakien osasunari arriskuak eragiteagatik.

Hiriburutik oso hurbil Mallusk herriko Hightown auzian eraiki nahi duten erraustegiak kiskaliko lituzke Belfast eta 10 udalerri gehiagotako hondakin nahasiak, Arc21 elkargoak biltzen dituen udalek sortuak, eta hasiera batean 240 milioi libra kostatuko litzateke, 272 milioi euro.

Gero, ordea, Ipar Irlandako krisi politikoarekin ministroek karguak utzi zituzten, hondakinen kudeaketarako baimenak Ingurumen ministeriotik Azpiegituren ministeriora pasatu eta... ministrorik ezean goi funtzionario batek eman zion baimena erraustegiari 2017an.

Becon (Indaver) korporazioak sortutako irudian, Belfasteko Mallusk erraustegiak edukiko lukeen itxura.

Orain Apelazioko Auzitegiak arrazoi eman die erraustegiaren kontrako ekintzaileei eta, gainera argi eta garbi esan du gai hau "polemikoa" eta "garrantzitsua" izanik  "[Ostiral Santuko] Itunaren eta 1998ko [Ipar Irlandako] legearen letraren eta izpirituaren kontrakoa da honelako erabakiak ministro baten eskurik gabe funtzionarioek ebaztea".

Albistea jakindakoan beren poza azaldu dute Malluskeko erraustegiaren kontra ahalegindu diren herritarrek eta baita proiektuaren kontra egon diren SDLP eta Sinn Fein alderdietako buruak ere.

Inguruko baserritarra erraustegiaren kontrako protestan.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Hondakinen kudeaketa  |  Irlanda

Hondakinen kudeaketa kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude